Korintoarrei Bigarrena
3 Berriro ere geure burua gomendatzen hasi behar al dugu? Edo batzuek bezala, gomendio gutunak behar al ditugu zuentzako edo zuen partetik? 2 Zeuek zarete gure gutuna, gure bihotzetan idatzitakoa eta gizaki guztiek ezagututakoa eta irakurritakoa. 3 Argi dago, izan ere, guk zerbitzari* bezala idatzitako Kristoren gutuna zaretela zuek. Ez dago tintaz idatzita, Jainko biziaren espirituaz baizik; eta ez dago harrizko tauletan idatzita, haragizko tauletan baizik, bihotzetan, alegia.
4 Hau da Kristori esker Jainkoaren aurrean dugun konfiantza. 5 Ez dugu esaten lan hori egiteko gaitasuna geure kabuz lortu dugunik, baizik eta Jainkoa dela gaitasun hori ematen diguna. 6 Jainkoa da itun berri baten zerbitzariak* izateko gaitasuna ematen diguna, ez idatzizko kode baten zerbitzariak izateko, espirituaren zerbitzariak izateko baizik. Izan ere, idatzizko kodeak heriotzara kondenatzen du, baina espirituak bizia ematen du.
7 Hala ere, heriotzara daraman kodea eta harrietan letraz grabatua izan zena, hainbeste aintzarekin etorri zenez, israeldarrek ezin zuten Moisesen aurpegia begiratu bere aurpegiaren aintzarengatik —desagertu behar zen aintzarengatik—. 8 Beraz, ez al luke espiritua ematen den moduak oraindik ere aintza handiagoa izan beharko? 9 Zeren kondenatzen duen kodeak aintza izan bazuen, pertsonak justu deklaratzen dituen moduak askoz ere aintza handiagoa izango du! 10 Izan ere, lehen aintza jaso zuenak ere, aintza galdu zuen handiagoa den aintzagatik. 11 Zeren desagertuko zena aintzarekin etorri bazen, askoz ere aintza handiagoa izan behar du iraungo duenak!
12 Esperantza hau dugunez, askatasun osoz hitz egiten dugu, 13 eta ez dugu Moisesek egin zuena egiten: bere aurpegia belo batez estali zuen, israeldarrek desagertu behar zen kodearen aintzan* begirada ez jartzeko. 14 Baina beraien adimenek ezin zuten ulertu. Gaur arte, itun zaharra irakurtzen denean, belo bera jarria dute, zeren Kristoren bidez bakarrik kendu daiteke. 15 Izan ere, gaur egun arte Moisesek idatzitakoa irakurtzen den bakoitzean, belo bat dago beraien bihotzetan. 16 Baina norbait Jehobarengana* itzultzen denean, beloa desagertu egiten da. 17 Jehoba da Espiritua, eta Jehobaren* espiritua non, askatasuna han. 18 Eta gu guztiok, aurpegian belorik gabe ispiluek bezala Jehobaren aintza islatzen dugun bitartean, transformatuak izaten ari gara gero eta aintza handiagoa* islatzen ari den irudi berean, zehatz-mehatz Jehobak, Espirituak*, egiten duen bezala.