Erromatarrei
12 Beraz, anai-arrebok, Jainkoaren errukiarengatik erregutzen dizuet eskain ditzazuela zeuen gorputzak sakrifizio bizi bezala, santu eta Jainkoarentzat atsegina. Horrela, zerbitzu sakratua emango duzue zeuen arrazoitzeko gaitasunarekin. 2 Eta utzi sistema* honetara moldatzeari*. Horren ordez, transformatu zaitezte zeuen pentsaera berrituz eta, horrela, zeuen kabuz frogatu ahal izango duzue zein den Jainkoaren borondate ona, atsegina eta perfektua.
3 Erakutsi zaidan merezigabeko eskuzabaltasunarengatik, zuetako bakoitzari esaten diot ez pentsatzeko bere buruaz beharrezkoa dena baino gehiago, baizik eta zentzu ona erakusten duen moduan pentsatu dezala, bakoitzak Jainkoak eman* dion fede neurriaren arabera. 4 Izan ere, gorputz bakar batek atal asko ditu, baina atal guztiek ez dute funtzio bera. 5 Modu berean, asko izan arren, gu ere Kristorekin bat eginda gorputz bakarra gara; baina, banan-banan hartuta, bata besteari elkartuta dauden gorputzeko atalak gara. 6 Beraz, erakutsi zaigun merezigabeko eskuzabaltasunari esker, gaitasun ezberdinak ditugu. Orduan, profetizatzeko gaitasuna badugu, profetizatu dezagun eman zaigun fedearen arabera; 7 besteak zerbitzatzeko gaitasuna badugu, zerbitzatu ditzagun ahalik eta hoberen; irakasten duenak, irakatsi dezala; 8 animatzen* duenak, animatu* dezala; ematen* duenak, eskuzabaltasunez eman dezala; zuzentzen* duenak, arduraz* egin dezala; errukia erakusten duenak, alaitasunez egin dezala.
9 Izan dadila zeuen maitasuna hipokrisiarik gabekoa. Gorrotatu gaizki dagoena, eta itsatsi* zaitezte ondo dagoenari. 10 Maita ezazue elkar goxotasunez anaiarteko maitasunarekin. Aurrea hartu batak besteari ohorea ematen. 11 Izan zaitezte langileak* eta ez alferrak*. Espirituak gogo biziz bete zaitzatela*. Izan Jehobaren morroi. 12 Poztu zeuen esperantzarengatik. Iraun zailtasunak izatean. Ez utzi otoitz egiteari. 13 Konpartitu daukazuena santuekin, beraien beharren arabera. Izan hospitalitatea erakusteko ohitura. 14 Segi bedeinkatzen pertsegitzen zaituztetenak; bedeinkatu eta ez madarikatu. 15 Poztu pozten direnekin; negar egin negarrez ari direnekin. 16 Izan besteekin zeuen buruarekin daukazuen jarrera bera; ez jarri arreta gauza handietan*, baizik eta utzi gauza xumeei zuen gida izaten. Ez pentsatu beste guztiak baino jakintsuagoak zaretenik*.
17 Ez itzuli inori gaizkia gaizkiaren orde. Kontuan hartu jende guztiaren ikuspuntutik ondo dagoena. 18 Ahal bada, zuen esku dagoen bitartean, bizi bakean guztiekin. 19 Maiteak, ez hartu mendekurik, baizik eta utzi tokia haserreari*. Zeren idatzita baitago: «“Nirea da mendekua; merezi dutena emango diet”, dio Jehobak*». 20 Baina «zure etsaia gose bada, emaiozu jaten; egarri bada, emaiozu edateko zerbait. Zeren hori eginez, ikatz goriak pilatuko dituzu bere buru gainean*». 21 Ez utzi gaizkiak garaitu zaitzan, baizik eta segi ongiaren bidez gaizkia garaitzen.