Erromatarrei
11 Beraz, nik galdetzen dut: baztertu al zuen Jainkoak bere herria? Inola ere ez! Zeren ni ere israeldarra naiz, Abrahamen ondorengoa, Benjaminen tribukoa. 2 Jainkoak ez zuen baztertu bere herria, lehenengo aukeratu* zuena. Ez al dakizue zer esaten duen Idazkietako pasarte batek Eliasi buruz, Jainkoari Israelen aurka kexatu zenean? 3 «Jehoba, zure profetak hil dituzte eta zure aldareak behera bota. Ni bakarrik gelditu naiz eta, orain, ni hil nahian* dabiltza». 4 Hala ere, zer erantzun zion Jainkoak? «Oraindik Baalen aurrean belaunikatu ez diren 7.000 gizon ditut». 5 Modu berean, garai honetan ere, merezigabeko eskuzabaltasunaren bidez aukeratutako talde txiki bat dago. 6 Orduan, merezigabeko eskuzabaltasunarengatik aukeratuak badira, dagoeneko ez da ekintzengatik. Bestela, merezigabeko eskuzabaltasuna dagoeneko ez litzateke merezigabeko eskuzabaltasuna izango.
7 Orduan, zer? Israelek ez zuen lortu ahalegin handiz bilatzen ari dena; aukeratuek, berriz, lortu zuten. Gainontzekoei bihotza gogortu zitzaien, 8 idatzirik dagoen bezalaxe: «Gaurko egunera arte, Jainkoak lo sakoneko espiritua, ikusten ez duten begiak eta entzuten ez duten belarriak eman dizkie». 9 Dabidek ere honela dio: «Bihur dadila beraien mahaia beraientzat sare, tranpa, oztopo* eta zigor. 10 Lainotu daitezela beraien begiak ikusi ez dezaten. Eta bultzatu itzazu beti beraien bizkarrak makurtzera».
11 Beraz, nik galdetzen dut: estropezu egin al zuten eta behin betiko erori? Ez horixe! Baina beraien hutsegitearengatik nazioetako jendea salbatu daiteke, eta hori beraien jeloskortasuna pizteko gertatzen da. 12 Orduan, beraien hutsegiteak mundua aberasten badu, eta beraien gutxitzeak nazioetako jendea aberasten badu, askoz ere aberastasun gehiago egongo dira beraien kopurua betetzen denean!
13 Orain zuei hitz egiten dizuet, nazioetako jendeari. Nazioentzako apostolu naizenez, Jainkoari ematen diodan zerbitzuari ohore* ematen diot, 14 ea neure herrikoak*, nola edo hala, jeloskor jartzen ditudan eta beraietako batzuk salbatzen ditudan. 15 Zeren beraiek baztertzeak munduarekin errekontziliatzea suposatzen badu, zer suposatuko du beraiek onartzeak? Ez al du heriotzatik bizira pasatzea suposatuko? 16 Gainera, lehen fruitu bezala hartutako masaren zatia santua bada, masa osoa ere santua da. Eta sustraia santua bada, adarrak ere santuak dira.
17 Hala ere, adar batzuk zuhaitzetik moztu ziren. Orduan, zu, olibondo basatia izan arren, besteen artean txertatua izan zinen, eta olibondoaren sustraien aberastasunetik parte hartzen duzu. 18 Baina ez pentsatu beste adarrak baino hobea zarenik*. Besteak baino hobea zarela pentsatzen baduzu, gogoratu zuk ez diozula sustraiari eusten; sustraiak eusten dizu zuri. 19 Orduan, esango duzu: «Adar batzuk moztuak izan ziren ni txertatua izateko». 20 Egia da! Beraien fede faltarengatik izan ziren moztuak, baina zu fedearengatik zaude zutik. Harrotu ordez, beldur izan. 21 Zeren Jainkoak ez bazien berezko adarrei barkatu, zuri ere ez dizu barkatuko. 22 Pentsa, Jainkoa ona eta, aldi berean, zorrotza da. Erori zirenekin zorrotza da, baina zurekin ona da bere ontasunean jarraitzen duzun bitartean. Bestela, zu ere moztua izango zara. 23 Eta beraiek ere, beraien fede falta uzten badute, txertatuak izango dira, Jainkoa beraiek berriro txertatzeko gai delako. 24 Zeren berez basatia den olibondotik moztua izan bazinen, eta landatutako olibondoan naturaren kontra txertatua izan bazinen, askoz ere arrazoi gehiagorekin izango dira berezko adarrak berriz ere beraien olibondoan txertatuak!
25 Izan ere, anai-arrebok, zuek sekretu sakratu hau ezagutzea nahi dut, jakintsuak zaretela pentsa ez dezazuen: Israelen parte bat bihotz-gogor bihurtu da nazioetako jendearen kopuru osoa sartu arte 26 eta, horrela, Israel osoa salbatuko da. Idatzita dagoen bezalaxe: «Askatzailea* Siondik aterako da eta ekintza gaiztoak* kenduko ditu Jakobengandik. 27 Eta hau da beraiekin egingo dudan ituna beraien bekatuak kentzen ditudanean». 28 Egia da, berri onei dagokienez, etsaiak dira zuen onerako; baina Jainkoaren aukeraketari dagokionez, maitatuak dira haien arbasoengatik. 29 Zeren Jainkoa ez da eman dituen opariez damutuko, ezta deitu dituenak deitu izanaz damutuko ere. 30 Garai batean ez zenioten Jainkoari obeditzen, baina orain errukia erakutsi zaizue beraien desobedientziarengatik. 31 Era berean, orain beraiek desobedienteak izan dira eta, ondorioz, zuei errukia erakutsi zaizue, horrela, orain beraiei ere errukia erakutsi ahal izateko. 32 Zeren Jainkoak denak desobedientziaren preso egin zituen, denei errukia erakutsi ahal izateko.
33 Bai sakonak Jainkoaren aberastasunak, jakinduria eta ezagutza! Zein azaldu ezinak diren bere epaiak eta esploratu ezinak bere bideak! 34 Zeren «nor iritsi da Jehobaren pentsaera ezagutzera, edo nor bihurtu da bere aholkulari?». 35 Edo «nork eman dio lehenik zerbait Jainkoari, berak bueltan eman behar izateko?». 36 Zeren gauza guztiak berarengandik datoz, eta berarengatik eta berarentzat dira. Aintza berari betirako. Amen.