Lukas
20 Behin, tenpluan herriari irakasten eta berri onak predikatzen ari zen egun haietako batean, apaizburuak eta lege maisuak adindunekin batera etorri 2 eta galdetu zioten: «Esan, zer autoritate duzu gauza hauek egiteko? Edo nork eman dizu autoritate hori?». 3 Jesusek erantzun zien: «Nik ere galdera bat egingo dizuet, eta zuek erantzun. 4 Nork eman zion Joani bataiatzeko autoritatea? Jainkoak* ala gizakiek?». 5 Orduan, bata bestearekin arrazoitzen hasi ziren, esanez: «“Jainkoak” esaten badiogu, “orduan zergatik ez zenioten sinetsi?” esango du. 6 Baina “gizakiek” esaten badiogu, herri osoak harrikatu egingo gaitu, Joan profeta zela konbentzituta daude eta». 7 Beraz, jatorria zein zen ez zekitela erantzun zioten. 8 Jesusek esan zien: «Ba, nik ere ez dizuet esango zer autoritate daukadan gauza hauek egiteko».
9 Orduan, herriari konparaketa hau jartzen hasi zitzaion: «Gizon batek mahasti bat landatu zuen. Nekazariei errentan utzi eta atzerrira bidaiatu zuen luzarorako. 10 Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, morroi bat bidali zuen nekazariengana, beraiengandik mahastiko fruituaren bere partea jasotzeko. Baina, jipoitu ondoren, nekazariek morroia esku-hutsik bidali zuten. 11 Orduan, gizonak beste morroi bat bidali zuen. Hau ere jipoitu, umiliatu eta esku-hutsik bidali zuten. 12 Hirugarren bat ere bidali zuen. Hau ere zauritu eta kanpora bota zuten. 13 Ondoren, mahastiaren jabeak esan zuen: “Zer egin dezaket orain? Nire seme kuttuna bidaliko dut. Seguruenik hau errespetatuko dute”. 14 Baina nekazariek semea ikusi zutenean, elkarren artean arrazoitu zuten: “Hau da herentzia jasoko duena. Tira, hil dezagun eta, horrela, lurra* guretzat izango da”. 15 Beraz, mahastitik bota eta hil egin zuten. Zer egingo die, orduan, mahastiaren jabeak? 16 Etorri, nekazari hauek hil eta mahastia beste batzuei emango die».
Hori entzutean, esan zuten: «Ez dadila inoiz horrelakorik gertatu!». 17 Baina Jesusek, beraiei begira-begira, esan zien: «Orduan, zer esan nahi du idatzita dagoen honek: “Eraikitzaileek baztertu duten harria, huraxe bihurtu da oinarri* nagusia”? 18 Harri horren gainera erortzen dena txiki-txiki eginda geratuko da. Eta harri hori norbaiti gainean erortzen bazaio, txikitu egingo du».
19 Orduan, lege maisuak eta apaizburuak, konparaketa beraiengatik esan zuela konturatu zirenean, Jesus hantxe bertan harrapatzen saiatu ziren. Baina herriaren beldur ziren. 20 Jesusi arreta handiz begiratu ondoren, sekretuan kontratatutako gizon batzuk bidali zituzten, zintzo itxurak eginez, Jesus okerreko zerbait esaten harrapatzeko. Beraien asmoa Jesus gobernuaren eta gobernariaren autoritatearen esku uztea zen. 21 Gizon hauek galdetu zioten: «Maisu, badakigu zuzen hitz egiten eta irakasten duzula, eta ez duzula bereizketarik egiten*, baizik eta Jainkoari buruz egia irakasten duzula. 22 Zesarri zerga ordaintzea baimenduta dugu* ala ez?». 23 Baina Jesus beraien maltzurkeriaz konturatu eta esan zien: 24 «Erakutsi denario* bat. Norena da irudi eta izen hau?». Erantzun zioten: «Zesarrena». 25 Jesusek orduan: «Hutsik egin gabe eman, ba, Zesarrena Zesarri, baina Jainkoarena Jainkoari». 26 Azkenean, ezin izan zuten herriaren aurrean esandako ezertan harrapatu. Eta bere erantzunarekin harrituta, isil-isilik geratu ziren.
27 Hala ere, saduzear batzuk hurbildu zitzaizkion. Hauek ez dute berpizkundean sinesten, eta galdetu zioten: 28 «Maisu, Moisesek idatzi zigun: “Gizon bati anaia hiltzen bazaio emaztea seme-alabarik gabe utziz, gizon honek alargunarekin ezkondu behar du, eta bere anaiari ondorengoa eman behar dio”. 29 Ba, baziren zazpi anaia. Lehenengoa ezkondu egin zen, baina seme-alabarik gabe hil zen. 30 Bigarrena 31 eta hirugarrena ere alargunarekin ezkondu ziren, baina seme-alabarik utzi gabe hil ziren, eta horrela zazpiak. 32 Azkenean, emakumea ere hil zen. 33 Orduan, berpizkundean, noren emaztea izango da? Zeren zazpiak egon ziren berarekin ezkonduta».
34 Jesusek erantzun zien: «Sistema* honetako seme-alabak ezkondu egiten dira eta ezkontzeko emanak izaten dira. 35 Baina datorren sisteman bizitzeko eta hildakoen artetik berpizteko Jainkoak duinak aurkitzen dituenak, ez dira ezkontzen, ezta ezkontzeko emanak izaten ere. 36 Izan ere, ezin dira inoiz hil aingeruak bezalakoak direlako, eta Jainkoaren seme-alabak dira berpizkundearen seme-alabak izateagatik. 37 Baina hildakoak berpiztuko* direla Moisesek ere argi utzi zuen sasiaren pasartean, Jehobari “Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa” deitu zionean. 38 Bera ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik, berarentzat* denak bizirik daude eta». 39 Hau entzutean, lege maisu batzuek esan zioten: «Maisu, ongi erantzun duzu». 40 Eta handik aurrera ez ziren galdera bakar bat gehiago egitera ausartu.
41 Jesusek, berriz, galdetu zien: «Nolaz, ba, esaten dute Kristo Dabiden semea dela? 42 Zeren Dabidek berak Salmoen liburuan esaten du: “Jehobak nire Jaunari esan zion: ‘Eseri nire eskuinean, 43 zure etsaiak oinen azpian jartzen dizkizudan arte’”. 44 Beraz, Dabidek Jauna deitzen dio. Orduan, nolatan izan daiteke bere semea?».
45 Gero, herri guztia entzuten ari zela, Jesusek bere dizipuluei esan zien: 46 «Kontuz ibili lege maisuekin. Jantzi luzeekin paseatzea gustatzen zaie, eta plazetan* jendearen agurrak jasotzea, sinagogetan aurreko eserlekuetan* jartzea eta afarietan tokirik inportanteenetan egotea maite dute. 47 Alargunen ondasunak* irensten dituzte eta euren burua nabarmentzeko* otoitz luzeak egiten dituzte. Hauek epai gogorragoa jasoko dute».