Markos
4 Berriz ere irakasten hasi zen itsasondoan, eta jendetza handi bat bildu zen bere ondoan. Horregatik, txalupa batera igo, bertan eseri eta itsasertzetik pixka bat urrundu zen. Jendetza osoa, berriz, lehorrean geratu zen, itsasbazterrean. 2 Eta gauza asko irakasten hasi zitzaien konparaketak erabiliz, eta irakastean esaten zien: 3 «Entzun! Nekazaria ereitera atera zen. 4 Ereitean, hazi batzuk bide ondoan erori ziren, eta txoriak etorri eta jan egin zituzten. 5 Beste batzuk harri artean erori ziren, lur askorik ez zegoen tokian, eta lurrak sakontasunik ez zuenez, berehala hasi ziren hazten. 6 Baina eguzkia atera zenean, landareak lehortu eta sustrairik ez zutenez, zimeldu egin ziren. 7 Beste hazi batzuk sasi* artean erori ziren eta, sasiak haztean, ito egin zituzten eta ez zuten fruiturik eman. 8 Baina beste batzuk lur onean erori ziren eta, ernatzean eta handitzean, ereindakoa baino fruitu gehiago ematen hasi ziren: batzuk 30 aldiz gehiago, beste batzuk 60 eta besteak 100». 9 Orduan, esan zuen: «Entzuteko belarriak dituenak adi-adi entzun dezala».
10 Bakarrik gelditu zenean, Hamabiekin batera Jesusekin zeudenak konparaketen esanahiari buruz galdezka hasi ziren. 11 Jesusek erantzun zien: «Zuei Jainkoaren Erreinuaren sekretu sakratua ulertzeko baimena eman zaizue, baina kanpokoei gauza guztiak konparaketa bidez eman zaizkie, 12 begiratu arren ez ikusteko, eta entzun arren ez ulertzeko; modu horretan, ez dira inoiz itzuliko eta ez dute barkamenik jasoko». 13 Gainera, esan zien: «Ez baduzue konparaketa hau ulertzen, nola ulertuko dituzue beste guztiak?
14 «Nekazariak mezua* ereiten du. 15 Hazi batzuk mezua ereiten den bidearen ondoan erortzen dira, baina, entzun bezain pronto, Satanas etorri eta bihotzean ereindako mezua kentzen du. 16 Beste batzuk harri artean ereiten dira; mezua entzun eta berehala poz-pozik onartzen duten pertsonen kasua da hau. 17 Baina barruan sustrairik ez daukatenez, nahiz eta denbora batez aurrera egin, mezuarengatik zailtasunak eta pertsekuzioa etortzen direnean, berehala egiten dute estropezu*. 18 Beste batzuk, berriz, sasi* artean ereiten dira; mezua entzun bai, 19 baina sistema* honetako kezkak, aberastasunen segurtasun faltsuak eta beste gauza guztien desioak bihotzean sartu eta mezua itotzen dute. Ondorioz, pertsona hauen kasuan, mezuak ez du fruiturik ematen. 20 Azkenik, lur onean ereindako haziak daude; mezua entzun, gogo onez onartu eta fruitua ematen duten pertsonen kasua da hau; batzuek ereindakoa baino 30 aldiz gehiago ematen dute, beste batzuek 60 eta besteek 100».
21 Hau ere esan zien: «Olio lanpara bat ez da saski* baten azpian edo ohe azpian jartzen, ezta? Ez al da mahai gainean jartzen? 22 Zeren ezkutuan dagoen guztia argi geratuko da, eta kontu handiz ezkutaturik dagoen guztia agerian geratuko da. 23 Entzuteko belarriak dituenak adi-adi entzun dezala».
24 Gainera, esan zien: «Arreta jarri entzuten duzuenari. Besteekin jokatzen duzuen moduan jokatuko dute zuekin eta, horren arabera, gehiago jasoko duzue. 25 Zeren daukanari gehiago emango zaio, baina ez daukanari, daukana ere kenduko zaio».
26 Honela jarraitu zuen: «Hara zerekin konparatu daitekeen Jainkoaren Erreinua: Gizon batek haziak botatzen ditu lurrera. 27 Gauez lo egiten du eta egunez jaikitzen da eta, bitartean, haziak ernatu eta landareak hazten dira, baina berak ez daki nola. 28 Lurrak pixkanaka bere kabuz ematen du fruitua. Lehenengo, zurtoina; gero, galburua; eta azkenik, ale betea galburuan. 29 Baina fruitua prest dagoenean, gizonak berehala igitaia sartzen du, uzta garaia iritsi baita».
30 Hau ere esan zuen: «Zerekin konparatu dezakegu Jainkoaren Erreinua? Edo zer konparaketa erabili dezakegu azaltzeko? 31 Mostaza haziarekin konparatu daiteke. Soroan ereiten denean, lurreko hazi guztien artean txikiena da. 32 Baina ereitean, hazi eta baratzeko landarerik handiena da, eta adar handiak ematen ditu. Eta txoriak bere itzalpean babesten dira».
33 Horrelako konparaketa asko erabiliz predikatzen zien mezua, beraiek ulertu ahal zuten neurrian. 34 Izan ere, konparaketak erabiliz hitz egiten zien beti, baina dizipuluei guztia azaltzen zien aparte hartuta.
35 Eta egun hartan, iluntzean, esan zien: «Pasa gaitezen beste itsasertzera». 36 Beraz, jendetza agurtu ondoren, zegoen bezalaxe txalupan eraman zuten Jesus, eta beste txalupa batzuk ere bazeuden han. 37 Baina bat-batean, sekulako ekaitz bortitza altxatu zen, eta olatuek* txalupa kolpatzen zuten ia urez betetzeraino. 38 Jesus berriz, popan zegoen lo, buruko baten gainean. Beraz, esnatu zuten eta esan zioten: «Maisu, hiltzera goaz! Ez al zaizu inporta?». 39 Orduan, Jesus altxatu, haizeari gelditzeko agindu eta itsasoari esan zion: «Ixo! Hago isilik!». Eta haizea lasaitu eta dena bare-bare geratu zen. 40 Gero, esan zien: «Zergatik hainbesteko beldurra? Oraindik ez al duzue federik?». 41 Baina izugarrizko ikara sentitu zuten, eta elkarri esan zioten: «Nor ote da hau? Haizeak eta itsasoak ere obeditzen diote!».