Eginak
28 Arriskutik kanpo geundenean, uharteak Malta izena zuela jakin genuen. 2 Hango biztanleak* izugarri atseginak izan ziren* guztiokin. Euria eta hotza egiten zuenez, sua piztu zuten eta goxo-goxo hartu gintuzten. 3 Baina, Paulok adar-makil sorta bat bildu eta sutara bota zuenean, sugegorri batek, berotik ihesi, eskuan hozka egin zion. 4 Uharteko biztanleek suge pozoitsua Pauloren eskutik zintzilik ikustean, esan zioten elkarri: «Gizon hau segur aski hiltzaileren bat izango da. Nahiz eta itsasotik bizirik atera, Justiziak* ez dio bizirik jarraitzen utziko». 5 Baina Paulok eskua astindu eta sutara bota zuen, eta sugegorriaren hozkadak ez zion batere kalterik egin. 6 Baina, haiek, Pauloren gorputza handitzen hastea edo bat-batean hilda erortzea espero zuten. Denbora luzez itxaron ondoren, ezer txarrik gertatzen ez zitzaiola ikustean, iritziz aldatu eta jainko bat zela esaten hasi ziren.
7 Inguru hartan, uharteko gizon garrantzitsuenak lurrak zituen; bere izena Publio zen eta ongietorria eman ondoren, gogo onez bere etxean hartu gintuen hiru egunez. 8 Hara non, Publioren aita gaixo zegoen ohean, sukarra eta disenteriak jota. Paulo bera ikustera joan zen eta otoitz egin, eskuak gainean ezarri eta sendatu egin zuen. 9 Horren ondoren, uharteko gainontzeko gaixoak Paulo ikustera joan eta berak sendatu egiten zituen. 10 Beraiek ere opari asko egin zizkiguten esker ona erakusteko eta, itsasoratu ginenean, behar genuen guztia eman ziguten.
11 Uhartean hiru hilabete eman ondoren, brankan Zeusen semeen irudia zeukan itsasontzi batean abiatu ginen. Itsasontzia Alexandriakoa zen eta negua uhartean pasa zuen. 12 Sirakusako portura iristean, hiru egun eman genituen han. 13 Handik, aurrera egin eta Regiora iritsi ginen. Hurrengo egunean, hego-haizeak jo zuen eta, bigarren egunean, Puteolira iristea lortu genuen. 14 Han anai-arrebak aurkitu genituen eta beraiekin zazpi egunez geratzeko erregutu ziguten. Ondoren, Erromarantz atera ginen. 15 Erromako anai-arrebek gure berri izan zutenean, Apioko Merkatu Plazaraino eta Hiru Tabernetaraino atera ziren gurekin elkartzeko. Paulok ikusi zituenean, Jainkoari eskerrak eman zizkion eta asko animatu* zen. 16 Azkenean Erromara iritsi ginenean, Paulori bere kabuz bizitzen utzi zioten, soldadu bat zaintzaile zuelarik.
17 Baina hiru egun beranduago, Paulok judu inportanteenak deitu zituen eta, bildu zirenean, esan zien: «Anaiok, herriaren eta gure arbasoen ohituren kontra ezertxo ere egin gabe, Jerusalemen atxilotu eta erromatarren esku utzi ninduten. 18 Hauek galdeketa egin ondoren, askatu nahi izan ninduten, ez baitzuten heriotzara kondenatzeko arrazoirik aurkitu. 19 Baina juduak honekin ados ez zeudenez, Zesarrengana apelatu behar izan nuen, baina neure herria salatzeko batere asmorik gabe. 20 Horregatik ikusi nahi izan zaituztet eta zuekin hitz egin, izan ere, Israelgo esperantzagatik daramat kate hau». 21 Haiek esan zioten: «Ez dugu Judeatik zuri buruzko gutunik jaso, eta etorri diren anaiek ez digute zure berri eman, ezta zutaz ezer txarrik esan ere. 22 Baina aproposa iruditu zaigu pentsatzen duzuna zure ahotik entzutea, toki guztietan gaizki hitz egiten baitute sekta honi buruz».
23 Orduan, elkartzeko beste egun bat jarri zuten eta lehenengo aldian baino jende gehiago etorri zen bera zegoen etxera. Goizetik arratsaldera arte, den-dena azaldu zien Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa* emanez eta, Jesus onartu zezaten konbentzitu nahian, Moisesen Legea eta Profetak erabili zituen. 24 Batzuk esaten zituen gauzetan sinesten hasi ziren; beste batzuk, ordea, ez. 25 Beraz, elkarren artean ados jartzen ez zirenez, handik alde egiten hasi ziren, eta Paulok gauza bakarra esan zuen:
«Arrazoi osoz esan zien espiritu santuak Isaias profetaren bidez zuen arbasoei: 26 “Zoaz eta esan herri honi: ‘Entzungo duzue, baina ez duzue inola ere ulertuko; begiratuko duzue, baina ez duzue inola ere ikusiko. 27 Herri honen bihotza gogortu egin baita. Belarriak tapatu dituzte* eta begiak itxi. Horrela, ez dute inoiz begiekin ikusiko, belarriekin entzungo, bihotzarekin ezertxo ere ulertuko, eta ez dira niregana itzuliko nik sendatzeko’”. 28 Beraz, jakin ezazue Jainkoarengandik datorren salbamen hau nazioei bidali zaiela; eta hauek bai, entzungo dute». 29* ——
30 Paulok bi urte eman zituen alokatu zuen etxe hartan, eta ongietorri beroa ematen zien bisitan etortzen ziren guztiei. 31 Jainkoaren Erreinuari buruz predikatzen zien eta Jesu Kristo Jaunari buruz irakasten zien ausardia* osoz, batere trabarik gabe.