Mateo
23 Orduan, Jesus jendetzari eta bere dizipuluei hitz egiten hasi zitzaien. Esan zien: 2 «Lege maisu eta fariseuak Moisesen tokian eseri dira. 3 Beraz, esaten dizueten guztia egin, baina ez jokatu beraiek bezala, zeren ez dute irakasten dutena egiten. 4 Zama astunak prestatzen dituzte eta jendearen bizkar gainean jartzen dituzte, baina beraiek ez daude behatz* batekin ere mugitzeko prest. 5 Egiten duten guztia besteek ikusteko egiten dute. Amuleto moduan eramaten dituzten kutxatxoak* handiagotzen dituzte* eta beraien jantzietako ertzak luzatzen dituzte. 6 Afarietan tokirik inportanteenean egotea eta sinagogetan aurreko eserlekuetan* jartzea gustatzen zaie, 7 eta plazetan* jendeak agurtzea eta Rabbi* izenez deitzea atsegin dute. 8 Baina zuek ez utzi inori zuei Rabbi deitzen, zeren Maisu bakarra duzue eta zuek denak anaiak zarete. 9 Gainera, ez deitu lurrean inori aita, zeren Aita bakarra duzue, zerukoa. 10 Eta ez utzi inori zuei lider deitzen ere, zeren Lider bakarra duzue, Kristo. 11 Zuen arteko handienak gainontzekoen zerbitzari izan behar du. 12 Bere burua goratzen duena apalduko du Jainkoak, eta bere burua apaltzen duena goratuko.
13 «Ai, lege maisu eta fariseuak, hipokrita halakoak! Zeren zeruko Erreinuaren sarrera ixten diozue jendeari. Zuek ez zarete sartzen eta sartu nahi dutenei ere ez diezue sartzen uzten. 14* ——
15 «Ai, lege maisu eta fariseuak, hipokrita halakoak! Zeren itsasoa eta lurra zeharkatzen dituzue pertsona bakar bat judu bihurtzeko*, eta lortzen duzuenean, zuen eraginez pertsona horrek zuek baino bi aldiz gehiago merezi du suntsitua izatea*.
16 «Ai, zuek, gidari itsuak! Esaten duzue: “Norbaitek tenpluagatik zin egiten badu, horrek ez du ezer esan nahi. Baina norbaitek tenpluko urreagatik egiten badu zin, bere hitza betetzera behartuta dago”. 17 Burugabe eta itsu halakoak! Zer da inportanteagoa, urrea ala urrea santu egin duen tenplua? 18 Gainera, esaten duzue: “Norbaitek aldareagatik zin egiten badu, ez du ezer esan nahi. Baina norbaitek aldare gainean dagoen opariarengatik egiten badu zin, bere hitza betetzera behartuta dago”. 19 Itsu halakoak! Zer da inportanteagoa, oparia ala oparia santu egiten duen aldarea? 20 Beraz, aldareagatik zin egiten duenak aldareagatik eta honen gainean dauden gauza guztiengatik egiten du zin; 21 eta tenpluagatik zin egiten duenak tenpluagatik eta bertan bizi den Jainkoarengatik egiten du zin; 22 eta zeruarengatik zin egiten duenak Jainkoaren tronuagatik eta bertan eserita dagoenarengatik egiten du zin.
23 «Ai, lege maisu eta fariseuak, hipokrita halakoak! Zeren eta mendaren, anetaren eta kuminoaren* hamarrena ematen duzue, baina ez zarete Legearen gauza inportanteenez, hau da, justiziaz, errukiaz eta leialtasunaz arduratu. Gauza hauen hamarrena ematea beharrezkoa zen, baina Legearen gauza inportanteenak ahaztu gabe. 24 Gidari itsuak, zuen edarietatik moskitoa kentzen duzue, baina gamelua irensten!
25 «Ai, lege maisu eta fariseuak, hipokrita halakoak! Zeren edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dituzue, baina barrutik kodiziaz* eta kontrolik gabeko desioz beteta daude. 26 Fariseu itsua, garbitu lehenengo edalontzia eta platera barrutik, eta kanpotik ere garbi geratuko dira.
27 «Ai, lege maisu eta fariseuak, hipokrita halakoak! Zeren zuritutako hilobiak bezalakoak zarete. Kanpotik itxura ederra daukate, baina barrutik hildakoen hezurrez eta mota guztietako ustelkeriaz beteta daude. 28 Zuek ere horrelakoak zarete. Kanpotik gizakientzat zintzo itxura duzue, baina barrutik hipokrisiaz eta gaiztakeriaz* beteta zaudete.
29 «Ai, lege maisu eta fariseuak, hipokrita halakoak! Zeren profeten hilobiak* eraikitzen dituzue eta zintzoen hilarriak apaintzen dituzue, 30 eta esaten duzue: “Gure arbasoen garaian bizi izan bagina, ez genituzkeen profetak hiltzen lagunduko”. 31 Horrela, profetak hil zituztenen ondorengoak zaretela onartzen ari zarete. 32 Bukatu, ba, zuen arbasoek hasitakoa*.
33 «Sugekume pozoitsuak! Nola egingo diozue ihes suntsituak izateko* epaiketari? 34 Horregatik, profetak, gizon jakintsuak eta maisuak* bidaliko dizkizuet. Hauetako batzuk hil eta zutoinetan exekutatuko dituzue, eta beste batzuk sinagogetan zigortu* eta hiri batetik bestera pertsegituko dituzue. 35 Horrela, lurrean isuri den odol errugabe guztiagatik ordainduko duzue. Abel zintzoaren odoletik Zakarias, Barakiasen semearen, odoleraino; hau santutegiaren eta aldarearen artean hil zenuten. 36 Benetan esaten dizuet belaunaldi honek gauza guzti hauengatik ordaindu beharko duela.
37 «Jerusalem, Jerusalem, profetak hil eta berarengana bidalitakoak harrikatzen dituena. Zenbat aldiz bildu nahi izan nituen zure seme-alabak oiloak bere hegalpean txitak biltzen dituen bezala! Baina ez zenuten nahi izan. 38 Begira! Jainkoak zuen etxea abandonatuko du eta zuen esku geratuko da*. 39 Benetan esaten dizuet: hemendik aurrera ez nauzue inondik inora ikusiko zuek hau esan arte: “Bedeinkatua Jehobaren* izenean datorrena!”».