Lukas
18 Jesusek konparaketa bat jarri zien, beti otoitz egin behar dela eta ez dela amore eman behar adierazteko, 2 esanez: «Hiri batean, epaile bat zegoen. Ez zion Jainkoari errespeturik* eta ez zitzaion jendea axola. 3 Hiri hartan bertan, alargun bat zegoen. Epailearengana behin eta berriz joaten zen, esanez: “Egidazu justizia nire etsaiaren aurka”. 4 Denbora batez ez zion kasurik egin, baina gero pentsatu zuen: “Jainkoari ez diot errespeturik, eta ez zait jendea axola, 5 baina alargun honek bakean uzten ez nauenez, justizia egingo diot. Horrela, ez da nigana behin eta berriz etorriko eta ez nau bere eskaerarekin nekatuko*”». 6 Orduan, Jaunak esan zuen: «Begira zer esan zuen epaileak injustua izan arren! 7 Ez al die Jainkoak, orduan, justizia egingo gau eta egun erreguka ari zaizkion bere aukeratuei, pazientzia erakusten dien bitartean? 8 Nik esaten dizuet: ziztu bizian egingo die justizia. Hala ere, Gizonaren Semea iristen denean, aurkituko ote du benetan fede mota hau* lurrean?».
9 Pertsona batzuek beraiek zuzenak zirela eta besteek ez zutela ezertarako balio pentsatzen zutenez, Jesusek konparaketa hau jarri zien: 10 «Bi gizon igo ziren tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. 11 Fariseua zutitu eta horrela otoitz egiten hasi zen isilean: “Ene Jainko, eskerrak ematen dizkizut ez naizelako beste guztiak bezalakoa —estortsiogilea, injustua, adulteroa—, ezta zergalari hau bezalakoa ere. 12 Astean bitan egiten dut barau eta lortzen dudan guztiaren hamarrena ematen dut”. 13 Zergalaria, berriz, distantzia batera zutik, ez zen begiak zerura altxatzera ausartzen. Horren ordez, bular joka esaten zuen: “Ene Jainko, errukitu nitaz, bekataria bainaiz”. 14 Nik esaten dizuet: Gizon hau bere etxera jaitsi zen eta fariseua baino zuzenagoa zela frogatu zen. Zeren bere burua goratzen duena apaldua izango baita, baina bere burua apaltzen duena goratua».
15 Jendeak beraien haurtxoak ere ekarri zizkion bedeinkatzeko*, baina hau ikustean dizipuluek errieta* egin zioten jendeari. 16 Jesusek, aldiz, haurtxoak berarengana ekartzeko eskatu zuen, esanez: «Utzi haurtxoei nigana etortzen. Ez geldiarazi, zeren Jainkoaren Erreinua horrelakoena da. 17 Benetan esaten dizuet: Jainkoaren Erreinua haurtxo batek bezala onartzen ez duena, ez da inondik inora bertan sartuko».
18 Eta juduen agintari batek galdetu zion: «Maisu ona, zer egin behar dut betirako bizia heredatzeko?». 19 Jesusek erantzun zion: «Zergatik esaten didazu “ona”? Inor ez da ona, Jainkoa bakarrik. 20 Aginduak ezagutzen dituzu: “Ez egin adulteriorik, ez hil* inor, ez lapurtu, ez eman testigantza faltsurik, ohore eman aitari eta amari”». 21 Orduan, gizonak esan zuen: «Hori dena gazte-gaztetatik obeditu dut». 22 Hau entzutean, Jesusek esan zion: «Oraindik gauza bat falta zaizu: Daukazun guztia saldu eta banatu dirua pobreei. Horrela, altxorra izango duzu zeruetan. Gero, etorri eta nire jarraitzaile izan». 23 Hau entzutean, gizona guztiz lur jota geratu zen, oso aberatsa baitzen.
24 Jesusek gizonari begiratu eta esan zuen: «Zein zaila izango den dirua dutenentzat Jainkoaren Erreinuan sartzea! 25 Izan ere, errazagoa da gamelu batentzat jostorratzaren begitik sartzea, aberats batentzat Jainkoaren Erreinuan sartzea baino». 26 Hori entzun zutenek esan zuten: «Nor salbatu daiteke, orduan?». 27 Jesusek erantzun zien: «Gizakientzat posible ez diren gauzak, Jainkoarentzat posible dira». 28 Baina Pedrok esan zion: «Hara! Guk, genuen guztia utzi dugu zuri jarraitzeko». 29 Jesusek esan zien: «Benetan esaten dizuet: norbaitek etxea, emaztea, anaiak, gurasoak edo seme-alabak Jainkoaren Erreinuagatik utzi baditu, 30 garai honetan askoz ere gehiago jasoko du, eta datorren sisteman* betirako bizia».
31 Orduan, Hamabiak aparte hartu eta esan zien: «Begira! Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semeari buruz profeten bidez idatzitako gauza guztiak beteko dira. 32 Adibidez, nazioetako gizonen esku utziko dute eta, hauek, burla egin, iraindu* eta txistua botako* diote. 33 Eta, zigortu* ondoren, hil egingo dute, baina hirugarren egunean berpiztu* egingo da». 34 Hala ere, haiek ez zuten ulertu gauza hauek zer esan nahi zuten, hitz hauen zentzua beraientzat ezkutuan zegoelako, eta ez zuten esandakoa konprenitu.
35 Jesus Jerikora hurbiltzen ari zela, itsu bat eskean zegoen bide ondoan eserita. 36 Jendetza bat bere ondotik pasatzen entzutean, zer gertatzen ari zen galdezka hasi zen. 37 Esan zioten: «Jesus Nazaretarra pasatzen ari da!». 38 Hori jakitean, oihukatu zuen: «Jesus, Dabiden Semea, errukitu zaitez nitaz!». 39 Jendetzaren aurrean zeudenek errieta egin zioten, isiltzeko esanez. Baina gero eta gehiago oihukatzen zuen: «Dabiden Semea, errukitu zaitez nitaz!». 40 Orduan, Jesus gelditu, eta gizona berarengana ekartzeko agindu zuen. Hurbildu zenean, Jesusek galdetu zion: 41 «Zer nahi duzu zure alde egitea?». Erantzun zion: «Jauna, lagundu berriro ikusten». 42 Beraz, Jesusek esan zion: «Ikusi berriro. Zure fedeak sendatu zaitu». 43 Eta, segituan, berriro ikusten hasi zen, eta Jesusi jarraitzen hasi zitzaion, Jainkoa goresten. Hau ikustean, jende guztiak ere Jainkoa goraipatu zuen.