Mateo
3 Beranduago, Joan Bataiatzailea Judeako basamortuan hasi zen predikatzen, 2 esanez: «Damutu zaitezte, zeruko Erreinua hurbildu baita». 3 Hain zuzen ere, Isaias profeta Joani buruz hitz egiten ari zen hitz hauek esan zituenean: «Ahots bat dabil basamortuan oihuka: “Prestatu Jehobaren bidea! Zuzendu bideak berarentzat”». 4 Joanek gamelu ilezko jantzia zeraman, baita larruzko gerrikoa ere. Bere janaria matxinsaltoak* eta basaeztia ziren. 5 Jerusalemetik, Judea osotik eta Jordan inguru guztitik joaten zen jendea berarengana. 6 Jordan ibaian bataiatzen* zituen, eta haiek publikoki aitortzen zituzten beren bekatuak.
7 Fariseu eta saduzear asko hara hurbiltzen zirela ikustean, Joanek esan zien: «Sugekume halakoak! Nork abisatu dizue etorriko den haserre egunetik ihes egiteko? 8 Lehenik, ekintzekin* erakutsi damututa zaudetela. 9 Ezta okurritu ere zeuen barruan “Abraham da gure aita” esatea. Zeren esaten dizuet Jainkoak harri hauetatik atera ditzakeela Abrahamen ondorengoak. 10 Jadanik prest dago aizkora zuhaitzen sustraietan. Fruiturik ematen ez duten zuhaitzak moztu eta sutara botatzen dira. 11 Nik, nire aldetik, damutu zaretenez, urarekin bataiatzen zaituztet, baina nire ondoren datorrena ni baino indartsuagoa da, eta ni ez naiz inor berari sandaliak kentzeko ere. Hark espiritu santu eta suarekin bataiatuko zaituzte. 12 Eskuan dauka sardea, eta larraina* guztiz garbituko du. Garia biltegian gordeko du; lastoa, aldiz, itzali ezin daitekeen sutan erreko du».
13 Orduan, Jesus Galileatik Jordanera hurbildu zen Joanek bera bataiatzeko. 14 Baina Joanek ez zion utzi nahi, eta esan zion: «Nik zu bataiatu? Zu zara ni bataiatu behar nauena». 15 Jesusek erantzun zion: «Utzi oraingoan, horrela zuzena den guztia beteko dugu». Joanek, orduan, trabak jartzeari utzi zion. 16 Bataiatu eta berehala, Jesus uretatik atera zen, eta hara!, zerua ireki zen eta Jainkoaren espiritua ikusi zuen uso bezala Jesusengana jaisten. 17 Eta orduantxe ahots bat entzun zen zerutik esaten: «Hau da nire Seme kuttuna, oso pozik nago berarekin*».