Mateo
4 Orduan, espirituak Jesus basamortura gidatu zuen Deabruak tentatu zezan. 2 40 egunez eta 40 gauez barau egin* ondoren, gosetu egin zen Jesus. 3 Eta Tentatzailea hurbildu eta esan zion: «Jainkoaren seme* bazara, esan harri hauei ogi bihurtzeko». 4 Baina berak erantzun zion: «Idatzita dago: “Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik eta Jehobaren* ahotik ateratzen diren hitz guztietatik”».
5 Deabruak, orduan, hiri santura eraman zuen, eta tenpluko toki altuenean* jarri zuen, 6 eta esan zion: «Jainkoaren seme bazara, salto egin hemendik, idatzita baitago: “Zuri buruzko agindu bat emango die bere aingeruei” eta “Eskuetan eramango zaituzte zure oinak harrien kontra jo ez dezan”». 7 Jesusek esan zion: «Hau ere idatzita dago: “Ez duzu Jehoba*, zure Jainkoa, proban jarri behar”».
8 Gero, Deabruak mendi altu-altu batera eraman zuen, eta munduko erreinu guztiak eta hauen edertasuna erakutsi zizkion. 9 Eta esan zion: «Gauza guzti hauek emango dizkizut, nire aurrean behin bakarrik makurtu eta adoratzen banauzu». 10 Orduan, Jesusek esan zion: «Alde hemendik, Satanas! Idatzita baitago: “Jehoba*, zure Jainkoa, adoratu eta bera bakarrik zerbitzatu* behar duzu”». 11 Deabruak, orduan, bakean utzi zuen, eta hara!, aingeruak etorri eta Jesusi laguntzen hasi ziren.
12 Joan atxilotu zutela entzun zuenean, Jesus Galileara itzuli zen. 13 Gero, Nazaret utzi ondoren, Kapernaumen gelditu zen bizitzen, itsasondoan, Zabulon eta Neftali lurraldeetan. 14 Horrelaxe bete zen Isaias profetaren bidez esandako hau: 15 «O, Zabulon eta Neftali lurraldeak, itsasondoko bidean, Jordan ibaiaren beste aldean, nazioetako Galilea! 16 Ilunpetan zegoen herriak argi handia ikusi zuen, eta argia sortu zen heriotzaren itzalpean zegoen lurraldean». 17 Handik aurrera, Jesus predikatzen hasi zen, esanez: «Damutu zaitezte, zeruko Erreinua hurbildu baita».
18 Galileako itsasertzean zebilela, bi arrantzale ikusi zituen itsasora sarea botatzen. Anaiak ziren, bata Simon, Pedro ere deitzen dutena, eta bestea Andres. 19 Jesusek esan zien: «Jarraitu niri eta giza arrantzale egingo zaituztet». 20 Berehala, sareak utzi eta jarraitu egin zioten. 21 Pixka bat aurrerago, beste bi anaia ikusi zituen: Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak. Aitarekin zeuden txalupan sareak konpontzen, eta deitu egin zien. 22 Berehala, txalupa eta aita utzi, eta jarraitu egin zioten.
23 Ondoren, Jesus Galilea osoan zehar ibili zen sinagogetan irakasten, Erreinuko berri onak predikatzen, eta jendearen min eta gaixotasun mota guztiak sendatzen. 24 Siria osoan zehar zabaldu zen Jesusen fama. Berarengana ekartzen zituzten gaixotasun eta min handiak sufritzen zituzten guztiak, deabruen menpe zeudenak, epileptikoak eta elbarrituak. Eta Jesusek sendatu egiten zituen. 25 Ondorioz, izugarrizko jendetzak jarraitzen zion Galilea eta Dekapolisetik*, Jerusalem eta Judeatik, eta Jordan ibaiaren beste aldetik.