Mateo
17 Sei egun beranduago, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan aparte hartu eta mendi altu batera eraman zituen, 2 eta hauen aurrean itxuraz aldatu* zen. Bere aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zen, eta jantziak argia bezain zuri*. 3 Eta hara!, Moises eta Elias agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan. 4 Orduan, Pedrok esan zion Jesusi: «Jauna, ze ondo hemen gaudela. Nahi baduzu, hiru kanpadenda prestatuko ditut, bat zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». 5 Oraindik hizketan ari zela, bat-batean, hodei distiratsu batek estali zituen eta, orduan, hodeitik ahots bat atera zen, esanez: «Hau da nire Seme kuttuna, oso pozik nago berarekin*. Entzun berari». 6 Hau entzutean, dizipuluak ahuspez erori eta asko izutu ziren. 7 Jesus beraiengana hurbildu, ukitu eta esan zien: «Jaiki, ez izan beldurrik». 8 Burua altxatu zutenean, Jesus ikusi zuten bakarrik. 9 Gero, menditik jaisten ari zirela, Jesusek agindu zien: «Ez kontatu inori ikusi duzuena Gizonaren Semea hildakoen artetik berpiztu* arte».
10 Baina dizipuluek galdetu zioten: «Orduan, zergatik esaten dute lege maisuek lehenengo Elias etorri behar dela?». 11 Jesusek erantzun zien: «Egia da, Elias etorri behar da lehenengo, eta gauza guztiak bere tokian jarriko* ditu. 12 Hala ere, nik esaten dizuet: Elias dagoeneko etorri da, baina ez zuten ezagutu, eta nahi izan zutena egin zuten berarekin. Modu berean, Gizonaren Semeak gorriak ikusiko ditu* beraien eskutan». 13 Orduantxe konturatu ziren dizipuluak Joan Bataiatzaileari buruz ari zela.
14 Jendetza zegoen tokira iritsi zirenean, gizon bat Jesusengana hurbildu, belaunikatu eta esan zion: 15 «Jauna, errukitu zaitez nire semeaz, oso gaixo dago eta. Epileptikoa da eta askotan sutara erortzen da, eta beste askotan uretara. 16 Zure dizipuluengana ekarri nuen, baina ezin izan dute sendatu». 17 Jesusek esan zuen: «Belaunaldi fedegabe eta ustela! Noiz arte egon beharko dut zuekin? Noiz arte jasan beharko zaituztet? Ekarri mutikoa hona». 18 Orduan, Jesusek zorrotz hitz egin zion deabruari, eta hau mutikoarengandik irten zen. Momentu hartan sendatu zen mutikoa. 19 Gero, dizipuluak Jesusengana hurbildu ziren aparte, eta galdetu zioten: «Zergatik ezin izan dugu guk bota?». 20 Erantzun zien: «Fede gutxi duzuelako. Zeren benetan esaten dizuet: mostaza hazi baten tamainako fedea baduzue, mendi honi esango diozue: “Mugitu hemendik hara”, eta mugitu egingo da; ezer ez da zuentzat ezinezkoa izango». 21* ——
22 Bere dizipuluekin Galilean bilduta zegoela, Jesusek esan zien: «Gizonaren Semea traizionatua izango da, eta gizakien esku utziko dute; 23 hil egingo dute, eta hirugarren egunean berpiztua* izango da». Eta dizipuluak oso triste jarri ziren.
24 Ondoren, Kapernaumera iritsi zirenean, bi drakmako* zerga biltzen zuten gizonak Pedrorengana hurbildu eta galdetu zioten: «Ordaintzen al du zuen maisuak bi drakmako zerga?». 25 Pedrok erantzun: «Bai». Baina Pedro etxean sartu bezain laster, Jesusek aurrea hartu eta galdetu zion: «Zer esango zenuke, Simon? Nori kobratzen dizkiete lurreko erregeek kontribuzioak eta zergak*? Semeei ala besteei?». 26 Erantzun zion: «Besteei». Jesusek orduan: «Beraz, semeek ez dute zergarik ordaindu beharrik. 27 Baina inork estropezu egin ez dezan, joan itsasora, bota amua eta hartu ateratzen den lehen arraina. Ahoa irekitzen diozunean, zilarrezko txanpon* bat aurkituko duzu. Hartu eta emaiezu bion partez».