Lukas
3 Tiberio Zesarren erregealdiko 15. urtean —Pontzio Pilato Judeako gobernaria zela, Herodes* Galileako eskualdeko agintaria*, honen anaia Felipe Itureako eta Trakonitidako eskualdeko agintaria eta Lisanias Abileneko eskualdeko agintaria—, 2 Anas apaizburuaren eta Kaifas apaiz nagusiaren egunetan, Joanek —Zakariasen semeak— Jainkoaren mezua jaso zuen basamortuan.
3 Orduan, Joan honakoa predikatzen ibili zen Jordan inguru guztian: «Bataiatu zaitezte, damututa zaudetela erakusteko eta Jainkoak zuen bekatuak barkatzeko». 4 Horrela, Isaias profetaren liburuan idatzita dagoen hau gertatu zen: «Ahots bat dabil basamortuan oihuka: “Prestatu Jehobaren bidea! Zuzendu bideak berarentzat. 5 Bailara guztiak bete behar dira, eta mendi eta muino guztiak berdindu; bide okerrak zuzendu behar dira, eta bide latzak leundu. 6 Gizaki guztiek ikusiko dute Jainkoaren salbamena*”».
7 Joanek berarengana bataiatzera etortzen zen jendetzari esaten zion: «Sugekume halakoak! Nork abisatu dizue etorriko den haserre egunetik ihes egiteko? 8 Lehenik, ekintzekin* erakutsi damututa zaudetela. Ez hasi zeuen barruan “Abraham da gure aita” esaten. Zeren esaten dizuet Jainkoak harri hauetatik atera ditzakeela Abrahamen ondorengoak. 9 Izan ere, jadanik prest dago aizkora zuhaitzen sustraien ondoan. Fruiturik ematen ez duten zuhaitzak moztu eta sutara botako dira».
10 Eta jendetzak galdetzen zion: «Orduan, zer egin behar dugu?». 11 Joanek erantzuten zien: «Bi jantzi dituenak* bat konpartitu dezala jantzirik ez duenarekin, eta jateko zerbait duenak gauza bera egin dezala». 12 Zergalariak ere etortzen ziren bataiatzera, eta esaten zioten: «Maisu, zer egin behar dugu?». 13 Joanek orduan: «Ez eskatu* ezarritako zerga baino gehiago». 14 Soldaduek ere galdetzen zioten: «Zer egin behar dugu?». Eta Joanek esaten zien: «Ez zapaldu inor*, eta ez egin inoren aurkako akusazio faltsurik; pozik egon ordaintzen dizuetenarekin*».
15 Herria Kristoren zain zegoen, eta denek Joani buruz pentsatzen* zuten: «Hau ote da Kristo?». 16 Joanek erantzuna eman zien, denei esanez: «Nik, nire aldetik, urarekin bataiatzen zaituztet, baina nire ondoren datorrena ni baino indartsuagoa da, eta ni ez naiz inor bere sandalien lokarriak askatzeko ere. Hark espiritu santu eta suarekin bataiatuko zaituzte. 17 Eskuan dauka sardea, larraina* guztiz garbitzeko eta garia biltegian gordetzeko; lastoa, aldiz, itzali ezin daitekeen sutan erreko du».
18 Beste aholku asko ere eman zizkien, eta herriari berri onak predikatzen jarraitu zuen. 19 Baina Joanek Herodesi, eskualdeko agintariari, Herodiasekin —bere anaiaren emaztearekin— gertatutakoa eta egindako gauza txar guztiak aurpegiratu zizkionez, 20 Herodesek beste gaiztakeria bat gehiago egin zuen: Joan kartzelan sartu zuen.
21 Herri osoa bataiatua izan zenean, Jesus ere bataiatua izan zen. Otoitz egiten ari zela, zerua ireki zen, 22 eta espiritu santua uso itxuran* jaitsi zen berarengana, eta ahots bat entzun zen zerutik esaten: «Zu zara nire Seme kuttuna, oso pozik nago zurekin*».
23 Jesus irakasten hasi zenean, 30 bat urte zituen eta, uste zenez,
Joseren semea zen;
Jose, Heliren semea;
24 Heli, Mataten semea;
Matat, Lebiren semea;
Lebi, Melkiren semea;
Melki, Janairen semea;
Janai, Joseren semea;
25 Jose, Matatiasen semea;
Matatias, Amosen semea;
Amos, Nahumen semea;
Nahum, Esliren semea;
Esli, Nagairen semea;
26 Nagai, Maaten semea;
Maat, Matatiasen semea;
Matatias, Semeinen semea;
Semein, Joseken semea;
Josek, Jodaren semea;
27 Joda, Joananen semea;
Joanan, Resaren semea;
Resa, Zorobabelen semea;
Zorobabel, Xealtielen semea;
Xealtiel, Neriren semea;
28 Neri, Melkiren semea;
Melki, Adiren semea;
Adi, Kosamen semea;
Kosam, Elmadamen semea;
Elmadam, Erren semea;
29 Er, Jesusen semea;
Jesus, Eliezerren semea;
Eliezer, Jorimen semea;
Jorim, Mataten semea;
Matat, Lebiren semea;
30 Lebi, Simeonen semea;
Simeon, Judasen semea;
Judas, Joseren semea;
Jose, Jonamen semea;
Jonam, Eliakimen semea;
31 Eliakim, Melearen semea;
Melea, Menaren semea;
Mena, Matataren semea;
Matata, Natanen semea;
Natan, Dabiden semea;
32 Dabid, Jeseren semea;
Jese, Obeden semea;
Obed, Boazen semea;
Boaz, Salmonen semea;
Salmon, Naxonen semea;
33 Naxon, Aminadaben semea;
Aminadab, Arniren semea;
Arni, Hetzronen semea;
Hetzron, Peretzen semea;
Peretz, Judaren semea;
34 Juda, Jakoben semea;
Jakob, Isaaken semea;
Isaak, Abrahamen semea;
Abraham, Tareren semea;
Tare, Nakorren semea;
35 Nakor, Serugen semea;
Serug, Reuren semea;
Reu, Pelegen semea;
Peleg, Eberren semea;
Eber, Xelaren semea;
36 Xela, Kainamen semea;
Kainam, Arpakxaden semea;
Arpakxad, Semen semea;
Sem, Noeren semea;
Noe, Lameken semea;
37 Lamek, Matusalemen semea;
Matusalem, Henoken semea;
Henok, Jareden semea;
Jared, Maleleelen semea;
Maleleel, Kainamen semea;
38 Kainam, Enoxen semea;
Enox, Seten semea;
Set, Adamen semea;
eta Adam, Jainkoaren semea.