Joan
3 Fariseuen artean, Nikodemo izeneko gizon bat zegoen, juduen agintari bat. 2 Nikodemo gauez etorri zen Jesus ikustera, eta esan zion: «Rabbi, badakigu Jainkoak bidalitako maisu bat zarela, zeren inork ezin ditu zuk egiten dituzun mirariak* egin Jainkoa berarekin ez badago». 3 Jesusek erantzun zion: «Bene-benetan esaten dizut: norbait berriro jaiotzen* ez bada, ezin izango du Jainkoaren Erreinua ikusi». 4 Nikodemok galdetu zion: «Nola jaio daiteke gizon bat zaharra denean? Ezin du bere amaren umetokian sartu eta bigarren aldiz jaio, ezta?». 5 Jesusek erantzun zion: «Bene-benetan esaten dizut: norbait uretatik eta espiritutik jaiotzen ez bada, ezin izango du Jainkoaren Erreinuan sartu. 6 Haragitik jaio dena haragia da, eta espiritutik jaio dena espiritua da. 7 Ez harritu honakoa esan dizudalako: “Zuek berriro jaio behar duzue”. 8 Haizeak nahi duen tokian jotzen du, eta zuk entzuten duzun arren, ez dakizu nondik datorren, ezta nora doan ere. Horrela gertatzen da espiritutik jaio diren guztiekin».
9 Nikodemok galdetu zion: «Nola gertatu daiteke hori?». 10 Jesusek erantzun: «Israelgo maisu zara eta ez dakizkizu gauza hauek? 11 Bene-benetan esaten dizut: dakigunari buruz hitz egiten dugu, eta ikusi dugunari buruz testigantza ematen dugu. Baina, zuek, ematen dugun testigantza ez duzue onartzen. 12 Lurreko gauzez hitz egin dizuet eta, hala ere, ez didazue sinetsi. Nola sinetsiko didazue, orduan, zeruko gauzez hitz egiten badizuet? 13 Gainera, zerura ez da gizonik igo, zerutik jaitsi zena izan ezik, Gizonaren Semea. 14 Moisesek basamortuan sugea altxatu zuen bezalaxe, horrela izango da altxatua Gizonaren Semea, 15 berarengan sinesten duten guztiek betirako bizia izan dezaten.
16 «Izan ere, Jainkoak hainbeste maite izan zuenez mundua, bere Seme bakarra* eman zuen, berarengan fedea erakusten duena suntsitua izan ez dadin, baizik eta betirako bizia izan dezan. 17 Zeren Jainkoak ez zuen bere Semea mundura bidali mundua epaitzeko, baizik eta beraren bidez mundua salbatzeko. 18 Berarengan fedea erakusten duena ez da epaitua* izango. Baina fedea erakutsi ez duena dagoeneko epaitua izan da, Jainkoaren Seme bakarraren izenean federik erakutsi ez duelako. 19 Hauxe da epaiketaren oinarria: argia mundura etorri da, baina jendeak argia maitatu beharrean, iluntasuna maitatu du, egiten zituzten gauzak txarrak baitziren. 20 Gauza txarrak egiten dituenak argia gorrotatzen du eta ez da argitara hurbiltzen, egiten dituen gauza txarrak agerian gelditu* ez daitezen. 21 Baina gauza onak egiten dituena argitara hurbiltzen da, egiten dituen gauzak Jainkoaren borondatearen arabera egin dituela argi geratzeko».
22 Honen ondoren, Jesus eta bere dizipuluak Judeako landa inguruetara joan ziren; han, denbora bat pasa zuen beraiekin eta jendea bataiatzen zuen. 23 Joanek ere bataiatzen zuen Salim ondoko Enonen, bertan ur asko zegoelako. Eta jendea beregana etortzen zen eta berak bataiatu egiten zituen. 24 Izan ere, garai hartan, Joan oraindik ez zegoen preso.
25 Orduan, Joanen dizipuluek garbikuntzari buruz eztabaidatu zuten judu batekin. 26 Gero, Joanengana hurbildu eta esan zioten: «Rabbi, begira, Jordanaren beste aldean zurekin zegoen gizona, bere alde testigantza eman zenuena, jendea bataiatzen ari da eta mundu guztia berarekin doa». 27 Joanek erantzun zuen: «Inork ezin du ezer jaso zerutik eman ez bazaio. 28 Zuek zarete nik honakoa esan nuen lekuko: “Ni ez naiz Kristo, bere aurretik bidalitakoa baizik”. 29 Senargaia da emaztegaia duena. Baina senargaiaren laguna honen ondoan dagoenean eta entzuten dionean, izugarri pozten da senargaiaren ahotsa entzuteagatik. Beraz, orain pozez beteta nago. 30 Hark handitzen segitu behar du, eta nik txikitzen».
31 Goitik datorrena beste guztien gainetik dago. Lurrekoa dena lurrekoa da, eta lurreko gauzez hitz egiten du. Zerutik datorrena beste guztien gainetik dago. 32 Ikusi eta entzun duenari buruzko testigantza ematen du, baina inork ez du bere testigantza onartzen. 33 Bere testigantza onartu duenak, Jainkoa egiari leiala dela baieztatu* du. 34 Jainkoak bidali duenak, Jainkoaren hitzak esaten ditu, Jainkoak eskuzabaltasunez ematen baitu espiritua*. 35 Aitak Semea maite du, eta gauza guztiak bere eskuetan jarri ditu. 36 Semearengan fedea erakusten duenak, betirako bizia izango du. Semeari obeditzen ez dionak, aldiz, ez du bizia lortuko eta Jainkoaren haserreak bere gain jarraituko du.