Mateo
9 Jesus txalupara igo, itsasoa zeharkatu, eta bere hirian* sartu zen. 2 Eta han zegoela, elbarritu bat ekarri zioten esku-ohe batean etzanda. Beraien fedea ikustean, Jesusek elbarrituari esan zion: «Eutsi goiari, seme! Barkatuta daude zure bekatuak». 3 Baina lege maisu batzuek pentsatu zuten: «Blasfematzen ari duk hau». 4 Jesusek bazekien zer pentsatzen ari ziren, eta esan zien: «Zergatik dituzue pentsamendu maltzur horiek? 5 Esan, zer da errazagoa, “barkatuak daude zure bekatuak” esatea, edo “altxa eta ibili” esatea? 6 Hala ere, Gizonaren Semeak lurrean bekatuak barkatzeko autoritatea duela jakin dezazuen…». Elbarrituari esan zion: «Altxa, hartu esku-ohea eta zoaz etxera». 7 Gizona altxatu eta etxera joan zen. 8 Hori ikustean, jendetza harrituta* geratu zen, eta Jainkoa goraipatu zuten gizakiei horrelako autoritatea emateagatik.
9 Gero, handik joatean, Jesusek Mateo izeneko gizon bat ikusi zuen zerga bulegoan eserita, eta esan zion: «Izan nire jarraitzaile». Segituan jaiki eta jarraitu egin zion. 10 Ondoren, etxean jaten ari zela*, hara non etorri ziren zergalariak eta bekatariak, eta Jesus eta bere dizipuluekin jaten hasi ziren. 11 Baina hori ikustean, fariseuek esan zieten Jesusen dizipuluei: «Nolatan jaten du zuen maisuak zergalari eta bekatariekin?». 12 Hori entzutean, Jesusek esan zien: «Osasuntsu daudenek ez dute medikurik behar, baina gaixo daudenek bai. 13 Tira, ba, ulertu zer esan nahi duten hitz hauek: “Errukia nahi dut, ez sakrifizioak”. Zeren, ez naiz zuzenei deitzera etorri, bekatariei baizik».
14 Joanen dizipuluak hurbildu eta galdetu zioten: «Zergatik egiten dugu barau guk eta fariseuek, baina zure dizipuluek ez?». 15 Eta Jesusek erantzun zien: «Senargaia beraiekin dagoen bitartean, senargaiaren lagunek ez dute goibel egoteko arrazoirik, ezta? Baina iritsiko da senargaia kenduko zaien eguna, eta orduan egingo dute barau. 16 Inork ez dio jantzi zahar bati oihal berriaz egindako petatxu* bat josten. Zeren, oihal berria txikiagotzean*, jantzi zaharrari tira egingo dio eta zuloa handituko da. 17 Eta inork ez du ardo berria zahagi* zaharretan jartzen. Hala egiten badute, larrua lehertu, ardoa isuri eta zahagiak ez du ezertarako balio izango. Horregatik, jendeak zahagi berrietan jartzen du ardo berria eta, horrela, biak kontserbatzen dira».
18 Hau esaten ari zela, agintari* bat hurbildu eta bere aurrean makurtu zen*, esanez: «Nire alaba dagoeneko hilda egongo da, baina, zatoz, jarri eskua bere gainean eta berriro biziko da».
19 Orduan, Jesus altxatu eta dizipuluekin batera, berarekin joan zen. 20 Eta bat-batean, 12 urtez odol jarioa sufritzen ari zen emakume bat atzetik hurbildu eta mantuaren ertza ukitu zion. 21 Izan ere, bere buruari esaten zion: «Bere mantua ukitze hutsarekin sendatu egingo naiz». 22 Jesusek buelta eman zuen, eta emakumea ikustean esan zion: «Ez izan beldur, ene alaba! Zure fedeak sendatu zaitu». Berehala, emakumea sendatu egin zen.
23 Gero, agintariaren etxera iristean eta txirulariak eta jendetza builaka ikustean, 24 Jesusek esan zien: «Atera hemendik. Neskatoa ez dago hilda; lo dago». Hori entzutean, Jesusi barre egin zioten mespretxuz. 25 Jende guztia kanpora bidali bezain laster, Jesus neskatoa zegoen tokira sartu, eskutik heldu eta neskatoa altxatu egin zen. 26 Noski, lurralde hartako txoko guztietara zabaldu zen berria.
27 Jesus handik ateratzean, bi itsuk jarraitu zioten, oihu eginez: «Errukitu zaitez gutaz, Dabiden Semea!». 28 Etxe batean sartu ondoren, itsuak hurbildu egin ziren, eta Jesusek galdetu zien: «Sinesten al duzue zuek sendatzeko gai naizela?». Erantzun zioten: «Bai, Jauna». 29 Orduan, begiak ukitu zizkien esanez: «Zuen fedearen arabera gertatu dadila». 30 Eta begiak zabaldu zitzaizkien. Hala ere, Jesusek abisu argia eman zien: «Kontuz, ez dezala inork jakin». 31 Baina kanpora atera ondoren, Jesusi buruz hitz egin zuten hango lurralde osoan zehar.
32 Handik ateratzen ari zirela, jendeak deabru baten menpe zegoen gizon mutu bat ekarri zion. 33 Jesusek deabrua bota ondoren, mutua hitz egiten hasi zen. Jendetza zeharo txundituta geratu zen, eta esan zuten: «Sekula ez da horrelakorik gertatu Israelen». 34 Baina fariseuek esaten zuten: «Deabruen agintariaren laguntzarekin botatzen ditu deabruak».
35 Eta Jesus hiri eta herri guztietan barrena ibiltzen hasi zen sinagogetan irakasten, Erreinuko berri onak predikatzen, eta jendearen gaitz eta gaixotasun mota guztiak sendatzen. 36 Jendetzak ikusten zituenean, zeharo hunkitzen zen, zapalduta eta abandonatuta* baitzeuden, artzain gabeko ardiak bezala. 37 Orduan, bere dizipuluei esan zien: «Bai, handia da uzta, baina langileak gutxi. 38 Beraz, erregutu uztaren Jabeari langileak bidaltzeko bere uztara».