Efesoarrei
6 Seme-alabok, obeditu zeuen gurasoak Jaunarekin bat eginda, hori justua baita. 2 «Ohore eman aitari eta amari». Hori da promes batekin batera datorren lehen agindua. Promesa hau da: 3 «Arrakasta izan dezazun* eta denbora luzez lurrean bizi zaitezen». 4 Eta zuek, aitek*, ez haserrearazi zeuen seme-alabak, baizik eta Jehobaren diziplina eta aholkuen arabera* hezten jarraitu itzazue.
5 Esklabook, obeditu zeuen giza* jabeak errespetu handiz eta dardaraz eta bihotz zintzoz, Kristori obeditzen arituko bazinate bezala. 6 Ez egin hori norbait zuei begira dagoenean bakarrik*, gizakiak pozteko asmoz, baizik eta Jainkoaren nahia bihotz osoz egiten duten Kristoren esklaboak bezala egin. 7 Izan zaitezte jarrera oneko esklaboak, Jehoba zerbitzatuko bazenute bezala eta ez gizakiak, 8 zeren badakizue zuetako bakoitzari, esklaboa nahiz gizon librea izan, egindako gauza on bakoitzarengatik Jehobak bueltan itzuliko diola. 9 Eta zuek, jabeok, tratatu itzazue beti modu berean, mehatxurik egin gabe, zeren zuek eta beraiek zeruan jabe berbera duzue, eta berak ez du bereizketarik egiten*.
10 Azkenik, segi Jaunarengandik eta bere indar boteretsutik indarrak lortzen. 11 Jantzi Jainkoak ematen duen armadura osoa, Deabruaren tranpa* maltzurren aurrean sendo mantendu ahal izateko. 12 Izan ere, borroka* bat dugu, baina ez da hezur-haragizko inoren* kontra, baizik eta gobernuen kontra, autoritateen kontra, iluntasun honen munduko agintarien kontra, zeruko tokietan dauden indar espiritual gaiztoen kontra. 13 Horregatik, jarri Jainkoak ematen duen armadura osoa, egun gaiztoa iristean, erasoen aurrean gogor eutsi ahal izateko eta, beharrezko guztia egin ondoren, sendo mantentzeko.
14 Beraz, sendo mantendu egiaren gerrikoa eramanez, justiziaren koraza jantziz 15 eta, bakearen berri onak predikatzeko prest egoteko, oinetan oinetakoak jarriz. 16 Guzti honetaz gain, hartu fedearen eskudo handia, gaiztoaren suzko gezi* guztiak itzali ahal izateko. 17 Eraman ere salbamenaren kaskoa eta espirituaren ezpata, hau da, Jainkoaren hitza. 18 Aldi berean, jarraitu aukera guztietan espirituz otoitz egiten, mota guztietako otoitz eta erreguak eginez. Horretarako, segi esna eta egin erregu etengabe santu guztien alde. 19 Egin otoitz nire alde ere, ahoa irekitzen dudanean, berri onen sekretu sakratua ausardiaz ezagutzera emateko hitz egokiak izan ditzadan, 20 zeren berri on horien alde katez loturik dagoen enbaxadorea naiz. Eta egin otoitz nire alde, berri on horiei buruz ausardiaz hitz egin dezadan, hitz egin behar dudan bezala.
21 Gainera, nire egoera zein den eta nola nagoen jakin dezazuen, Tikikok —anaia maiteak eta Jaunaren zerbitzari* leialak— guztiaren berri emango dizue. 22 Honetarako bidaltzen dut zuengana: nola gauden jakin dezazuen eta zuen bihotza kontsolatu dezan.
23 Izan dezatela anai-arrebek Aita Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren partetik bakea eta maitasuna fedearekin batera. 24 Egon dadila merezigabeko eskuzabaltasuna Jesu Kristo gure Jauna maitasun suntsiezinez maite duten guztiekin.