Mateo
6 «Kontuz ibili. Gauza onak egitean* ez egin besteek ikusteko, bestela zeruan dagoen zuen Aitak ez dizue saririk emango. 2 Beraz, beharrean daudenei laguntzean*, ez ibili turuta jotzen. Hori da hipokritek, jendearen txaloak jasotzeko, sinagogetan eta kaleetan egiten dutena. Benetan esaten dizuet: hori da jasoko duten sari bakarra. 3 Baina zuek, beharrean dagoenari laguntzen diozuenean, ez dezala jakin zuen ezkerreko eskuak eskuineko eskua zertan ari den. 4 Horrela, zuen ekintza onak isilpean geratuko dira, eta isilpean begira dagoen zuen Aitak sarituko zaituzte.
5 «Gainera, otoitz egitean, ez egin hipokritek egiten dutena. Sinagogetan eta kale nagusietako izkinetan zutik otoitz egitea gustatzen zaie, jendeak ikus ditzan. Benetan esaten dizuet: hori da jasoko duten sari bakarra. 6 Baina zuk, otoitz egin behar duzunean, sartu gelan eta itxi atea. Orduan, egin otoitz zure Aitari eta isilpean begira dagoen zure Aitak sarituko zaitu. 7 Otoitz egitean, ez errepikatu hitz berberak behin eta berriz. Hori da nazioetako jendeak* egiten duena. Otoitz luzeak egiteagatik Jainkoak entzungo dituela pentsatzen dute. 8 Ez izan beraiek bezalakoak. Zuen Aitak badaki zer behar duzuen zuek eskatu baino lehen.
9 «Honela egin otoitz:
«“Gure Aita zeruan zaudena, santu izan dadila zure izena. 10 Etorri dadila zure Erreinua. Egin dadila zure nahia, zeruan bezala, lurrean ere. 11 Emaguzu gaurko behar dugun ogia; 12 barkatu gure zorrak*, guk ere zerbait zor digutenei barkatu diegun bezala. 13 Eta ez utzi gu tentazioan erortzen*, baizik eta libratu* gaitzazu Gaiztoarengandik”.
14 «Hala da, besteen hutsegiteak barkatzen badituzue, zeruko Aitak zuenak ere barkatuko ditu. 15 Baina ez badituzue besteen hutsegiteak barkatzen, zuen Aitak ere ez ditu zuenak barkatuko.
16 «Barau egitean, ez egon kopetilun hipokritak egoten diren bezala. Aurpegi goibela jartzen dute, jendeak barau egiten ari direla jakin dezan. Benetan esaten dizuet: hori da jasoko duten sari bakarra. 17 Zuk ordea, barau egitean, jarri usain goxoko olioa buruan eta garbitu aurpegia. 18 Horrela, jendeak ez du jakingo barau egiten ari zarenik; zeruko zure Aitak bakarrik jakingo du hori. Orduan, isilpean begira dagoen zure Aitak sarituko zaitu.
19 «Ez segi aberastasunak lurrean pilatzen*. Pipiak* eta herdoilak* jan ditzakete, eta lapurrak sartu eta ostu. 20 Horren ordez, zeruan pilatu aberastasunak. Han pipiak eta herdoilak ez dute ezer jaten, eta lapurrek ezin dute sartu eta ostu. 21 Zeren zure aberastasuna non, zure bihotza han.
22 «Begiak gorputzeko argia dira. Zure begiek argi ikusten badute*, zure gorputz osoak distira egingo du*. 23 Baina zure begiak inbidiaz beterik badaude*, zure gorputz osoa ilunpetan egongo da. Zuregan dagoen argia iluna bada eta distira egiten ez badu, a zer-nolako iluntasuna zurea!
24 «Inork ezin du bi nagusiren morroi izan. Zeren bat maite badu, bestea gorrotatuko du. Edota, bati leial bazaio, bestea mespretxatuko du. Ezin zarete aldi berean Jainkoaren eta Aberastasunen morroi izan.
25 «Horregatik, nik esaten dizuet: ez segi kezkatzen* bizitzeko zer jan, zer edan, edo zer jantziko duzuen. Ez al da bizitza* janaria baino inportanteagoa? Eta gorputza arropa baino inportanteagoa? 26 Begiratu adi-adi txoriei. Ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez biltegietan jasotzen. Hala ere, zeruko zuen Aitak jaten ematen die. Ez al duzue zuek beraiek baino gehiago balio? 27 Kezkatzen eta kezkatzen aritzeagatik, nork luzatu dezake bizitza ordubetetxo* bat bada ere? 28 Gainera, zergatik kezkatu arropaz? Ikasi zelaian ateratzen diren loreetatik. Ez dira lanean nekatzen, eta ez dute beraien arropa josten*. 29 Baina benetan esaten dizuet, Salomon bera ere, haren handitasun ederrean, ez zela hauetako bat bezain dotore jantzi. 30 Pentsa, zelaian ateratzen diren landareak, nahiz eta gaur hemen egon eta bihar labera bota, Jainkoak horrela janzten baditu, ez al du zuekin gauza bera edo askoz gehiago egingo? Fede gutxiko jendea! 31 Beraz, ez kezkatu inoiz eta ez esan: “Zer jango dugu?”, edo “Zer edango dugu?”, edo “Zer jantziko dugu?”. 32 Nazioetako jendea* ibiltzen baita buru-belarri gauza guzti hauen atzetik. Baina, zeruko zuen Aitak ondo daki gauza guzti hauek behar dituzuela.
33 «Horregatik, segi lehenik Erreinua bilatzen eta Jainkoa obeditzen*, eta beste gauza guzti hauek ere jasoko dituzue. 34 Beraz, ez kezkatu inoiz biharko egunaz, biharkoak ere kezka berriak ekarriko ditu eta. Nahiko dira egun bakoitzeko buruhausteak.