Eginak
21 Haiengandik pena handiz aldendu ondoren, itsasora atera eta zuzenean Kosera joan ginen; hurrengo egunean Rodasera eta handik Patarara. 2 Feniziara zihoan itsasontzi bat aurkitzean, bertara igo eta harantz abiatu ginen. 3 Zipreko uhartea urrutitik ikusi ondoren, ezkerraldetik atzean utzi, eta Siriarantz nabigatzen jarraitu genuen. Orduan, Tiron lehorreratu ginen; han hustu behar zuen itsasontziak bere karga. 4 Hango dizipuluen bila ibili ondoren, aurkitu egin genituen. Gero, zazpi egun igaro genituen han. Baina, espirituak gidatuta, dizipuluek behin eta berriz esaten zioten Paulori Jerusalemera ez joateko. 5 Alde egiteko garaia iritsi zenean, martxan jarri eta gure bidea jarraitu genuen. Baina dizipulu guztiek, emakume eta haurrekin batera, hiriaren kanporaino lagundu ziguten eta, hondartzan belaunikatuz, otoitz egin genuen 6 eta elkarri agur esan genion. Orduan, gu itsasontzira igo ginen eta beraiek etxera itzuli ziren.
7 Tirotik atera eta Tolemaidara iristean, hantxe bukatu zen gure itsasbidea. Han anai-arrebak agurtu eta egun bat pasa genuen beraiekin. 8 Hurrengo egunean, martxan jarri eta Zesareara iritsi ginen, eta Felipe ebanjelizatzailearen etxera joan eta berarekin geratu ginen. Felipe zazpi gizonetako bat zen, 9 eta profetizatzen zuten lau alaba ezkongabe* zituen. 10 Han egun batzuk pasa eta gero, Agabo izeneko profeta bat jaitsi zen Judeatik. 11 Gu ikustera etorri zen, eta Pauloren gerrikoa hartu eta, honekin, oinak eta eskuak lotu zituen eta esan zuen: «Hau dio espiritu santuak: “Gerriko honen jabea horrelaxe lotuko dute juduek Jerusalemen, eta nazioetako jendeari entregatuko diote*”». 12 Hau entzutean, gu eta han zeuden gainontzekoak Paulori Jerusalemera ez igotzeko erregutzen hasi ginen. 13 Baina berak esan zigun: «Zergatik negarrez? Ni desanimatzeko* asmotan, ala? Jakin ezazue ez nagoela prest lotua izateko bakarrik, Jerusalemen Jesus Jaunaren izenagatik hiltzeko ere prest nago». 14 Konbentzitu ezin genuela ikustean, amore eman genuen* eta esan genion: «Bete dadila Jehobaren nahia».
15 Egun horien ondoren, bidaiarako prestatu eta Jerusalemerako bidean jarri ginen. 16 Zesareako dizipulu batzuk ere gurekin etorri ziren. Nason zipretarraren etxera eraman gintuzten; gizon hau lehenengo dizipuluetako bat zen eta bere etxean geratu behar ginen. 17 Jerusalemera iritsi ginenean, anaiek poz-pozik hartu gintuzten. 18 Hurrengo egunean, Paulo gurekin joan zen Santiago ikustera; adindun guztiak ere han zeuden. 19 Agurtu ondoren, Paulok zehatz-mehatz kontatu zizkien, bere predikazioaren bidez, Jainkoak nazioen artean egindako gauza guztiak.
20 Hau entzun ondoren, Jainkoa goresten hasi ziren, baina esan zioten: «Anaia, badakizu milaka juduk sinetsi dutela eta denak Legearen defendatzaile sutsuak direla. 21 Baina zuri buruzko zurrumurru hau zabaldu da haien artean: nazioetako judu guztiei Moisesen Legea uzteko* irakasten aritu zarela, semeak ez zirkunzidatzeko eta ohiturak ez jarraitzeko esanez. 22 Orduan, zer egingo dugu orain? Etorri zarela entzungo dute, seguru. 23 Beraz, egin esango dizugun hau: boto bat egin duten lau gizon ditugu. 24 Eraman itzazu zurekin eta egin beraiekin batera garbiketa zeremoniala, eta ordaindu gastuak ilea motz-motz moztu dezaten. Horrela, denek jakingo dute zuri buruzko zurrumurruak ez direla egia, baizik eta, ongi jokatzeaz gain, Legea betetzen duzula. 25 Sinetsi duen nazioetako jendeari, berriz, idatziz bidali diogu gure erabakia: idoloei sakrifikatutako gauzak, odola, itotako* animaliak eta sexu moralgabekeria* guztiz baztertzen jarraitzeko».
26 Hurrengo egunean, Paulok gizon hauek hartu eta beraiekin batera zeremonialki garbitu zen. Orduan, garbiketa zeremonialaren egunak noiz bukatuko ziren eta bakoitzaren aldeko oparia noiz aurkeztuko zen esatera joan zen tenplura.
27 Zazpi egunak bukatzear zeudela, Asiako juduek, Paulo tenpluan zegoela ikusita, jende guztia aztoratu zuten. Orduan, harrapatu egin zuten, 28 oihu eginez: «Israelgo gizonak, lagundu! Hauxe da jende guztiari bazter guztietan gure herriaren, gure Legearen eta toki honen kontra irakasten ari den gizona. Are gehiago, greziarrak sartu ditu tenplura eta toki santu hau kutsatu du». 29 Izan ere, aurretik Paulo Efesoko Trofimorekin ikusia zuten hirian, eta tenplura berarekin sartu zuela uste zuten. 30 Hiri osoa aztoratu zen eta jendea korrika tenplura sartu, Paulo harrapatu eta arrastaka atera zuten kanpora, eta ateak itxi zituzten segituan. 31 Paulo hiltzen saiatzen ziren bitartean, Jerusalem osoa aztoratuta zegoela abisatu zioten erregimentuko komandanteari. 32 Orduan, honek segituan soldaduak eta armadako ofizialak hartu eta korrika jaitsi zen hara. Komandante militarra eta soldaduak ikustean, jendeak Paulo jipoitzeari utzi zion.
33 Komandante militarra hurbildu eta Paulo atxilotu zuen, eta bi katez lotzeko agindu. Gero, nor zen eta zer egin zuen galdetu zuen. 34 Baina, jendetzaren artean, batzuek gauza bat oihukatzen zuten eta beste batzuek beste bat. Iskanbila hartan gauza garbirik ateratzen ez zuela ikusita, Paulo soldaduen kuartelera eramateko agindu zuen. 35 Baina eskaileretara iristean, jendearen biolentziaren ondorioz, soldaduek gainean eraman behar izan zuten, 36 jende guztia baitzetorren atzetik oihuka: «Hil ezazue!».
37 Kuartelera sartzear zeudela, Paulok komandante militarrari galdetu zion: «Ba al dut zurekin hitz egiteko baimenik?». Hark esan zion: «Hara!, grekoz ere hitz egiten duzu? 38 Ez al zara zu, orduan, orain dela denboratxo bat matxinada sortu eta 4.000 sikario* basamortura eraman zituen egiptoarra?». 39 Orduan, Paulok esan zion: «Egia esan, ni judua naiz, Tarsoko biztanlea, Zilizian dagoen hiri oso ezagun batekoa. Herriari hitz egiten uzteko erregutzen dizut». 40 Baimena jaso ondoren, Paulo, eskaileretan zutik, herriari eskuekin keinuak egiten hasi zen. Orduan, denak isil-isilik geratu ziren eta hebreeraz hitz egiten hasi zitzaien, esanez: