Eginak
6 Garai hartan, gero eta dizipulu gehiago zegoen, eta grekoz hitz egiten zuten juduak hebrearrez hitz egiten zuten juduen aurka kexaka hasi ziren, eguneroko janari banaketan ez zituztelako beraien alargunak kontuan hartzen. 2 Hori dela eta, Hamabiek dizipulu guztiak elkartu eta esan zieten: «Ez da egokia* guk Jainkoaren hitza irakasteari uztea mahaietan janaria banatzeko. 3 Beraz, anaiok, aukeratu zuen artetik izen oneko zazpi gizon, espirituz eta jakinduriaz beteak, beharrezko lan hauetaz arduratzeko. 4 Gu, berriz, otoitz egiten eta Jainkoaren hitza irakasten* arituko gara buru-belarri». 5 Esandakoa ondo iruditu zitzaien dizipulu guztiei, eta Esteban aukeratu zuten, fedez eta espiritu santuz beteriko gizona, eta berarekin batera Felipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas eta Nikolas, Antiokiako judu berri* bat. 6 Apostoluengana eraman zituzten, eta otoitz egin ondoren, hauek eskuak ezarri zizkieten gainean.
7 Ondorioz, Jainkoaren hitza zabaltzen joan zen, eta dizipulu kopuruak izugarri handitzen jarraitu zuen Jerusalemen, eta apaiz kopuru ederra hasi zen fedea onartzen.
8 Estebanek, Jainkoaren laguntzaz eta boterez beterik, gauza harrigarri eta mirari* asko egiten zituen herrian. 9 Baina Askatuen Sinagoga deitzen zaion sinagogako gizon batzuk etorri ziren, zirenear, alexandriar, ziliziar eta Asiako batzuekin batera, Estebanekin eztabaidatzera. 10 Baina ezin zioten aurre egin; izan ere, jakinduriaz eta espirituz beterik hitz egiten zuen. 11 Orduan, ezkutuan, gizon batzuk konbentzitu zituzten honako hau esateko: «Moisesen eta Jainkoaren aurka blasfemiak esaten entzun dugu». 12 Horrela, herria, adindunak eta lege maisuak aztoratu zituzten eta, orduan, Esteban zegoen tokian bat-batean agertuz, indarrez harrapatu eta Sanedrinaren aurrera eraman zuten. 13 Orduan, lekuko faltsuak aurkeztu zituzten, eta hauek esan zuten: «Gizon hau toki santu honen aurka eta Legearen aurka hitz egiten ari da etengabe. 14 Adibidez, geuk entzun diogu esaten Jesus Nazaretar horrek toki hau behera botako duela eta Moisesek eman zizkigun ohiturak aldatuko dituela».
15 Eta Sanedrinean eserita zeuden guztiak Estebani begira geratzean, honen aurpegia aingeru batena bezalakoa zela ikusi zuten.