Erromatarrei
1 Gutun hau Paulorena da, Kristo Jesusen morroia. Apostolu izateko deitua izan nintzen, eta Jainkoaren berri onak ezagutzera emateko izendatua*. 2 Jainkoak berri on hauek aspaldi promestu zituen Idazki santuetan bere profeten bidez. 3 Mezua bere Semeari buruzkoa da, Dabiden ondorengotzatik gizaki bezala* etorri zenari buruzkoa. 4 Argi dago hau Jainkoaren Semea dela, zeren Jainkoak bere espiritu santuaren boterea erabili zuen hildakoen artetik berpizteko (bai, Jesu Kristo gure Jauna. 5 Beraren bidez, merezigabeko eskuzabaltasuna eta apostolutza jaso genituen, nazio guztietako jendeari, fedearen bidez, obediente izaten eta bere izenari ohore ematen laguntzeko. 6 Zuek ere, Jesu Kristori jarraitzeko, nazioetatik deitutakoen artean zaudete). 7 Gutun hau Erroman zaudeten Jainkoaren maitatu guztiontzat da, santu izateko deituak izan zaretenontzat:
Gure Aita Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna eta bakea zuekin egon daitezela.
8 Lehenik eta behin, zuengatik eskerrak ematen dizkiot nire Jainkoari Jesu Kristoren bidez, mundu osoan zehar zuen fedeari buruz hitz egiten baita. 9 Izan ere, Jainkoari zerbitzu sakratua ematen diot bihotz-bihotzez* bere Semeari buruzko berri onak zabalduz; berak ondo daki nire otoitzetan etengabe aipatzen zaituztedala, 10 eta erregutzen dut, posible bada eta Jainkoaren nahia bada, azkenean zuek bisitatzera joan ahal izatea. 11 Zeren zuek ikusteko irrikan nago, zuek sendotzeko opari espiritualen bat eman ahal izateko 12 edo, hobeto esanda, gure fedearen bidez, bai zuena eta bai nirearen bidez, elkar animatzeko.
13 Baina jakin ezazue anai-arrebok, askotan izan dudala zuengana joateko asmoa —baina orain arte galarazi egin zait— zuen artetik, gainontzeko nazioen artetik bezala, fruituren bat jaso ahal izateko. 14 Zorretan nago bai greziarrekin, baita atzerritarrekin* ere, bai jakintsuekin, baita zentzugabeekin ere. 15 Horregatik, irrikan nago zuei ere, han, Erroman, berri onak predikatzeko. 16 Zeren ez naiz berri onez lotsatzen. Izan ere, Jainkoaren boterea dira fedea duten guztiak salbatzeko, juduak lehenengo, baita greziarrak ere. 17 Berri onetan Jainkoaren justizia ematen da ezagutzera, fedearengatik eta fedea sendotzeko, idatzita dagoen bezalaxe: «Baina justua bere fedearengatik biziko da».
18 Izan ere, Jainkoak zerutik bere haserrea ematen du ezagutzera gizakiek egiten dituzten lotsagabekeria eta injustizia guztien aurka. Gizaki hauek, modu injustuan, egiaren aurrerapena oztopatzen dute. 19 Zeren Jainkoari buruz jakin daitekeena begi-bistan daukate, Jainkoak argi erakutsi baitie. 20 Izan ere, bere ezaugarri ikusezinak —bai betiereko boterea, baita jainkotasuna ere— argi eta garbi ikusten dira munduaren kreaziotik aurrera, sortutako gauzetan antzematen baitira. Beraz, ez dute aitzakiarik. 21 Jainkoa ezagutzen zuten arren, ez zioten Jainko bezala aintzarik eman, ezta eskerrak ere, baizik eta beraien arrazoiketak baliogabeak bihurtu ziren eta beraien bihotz zentzugabea ilundu egin zen. 22 Jakintsuak zirela esaten zuten arren, ergel bihurtu ziren 23 eta, Jainko ustelezinari aintza eman beharrean, gizaki ustelkorraren, hegaztien, lau hankako animalien eta narrastien irudiei ematen zieten aintza.
24 Horregatik, Jainkoak, beraien bihotzetako desiren arabera, zikinkeriaren esku utzi zituen, beraien gorputzekin gauza lotsagarriak egin zitzaten. 25 Jainkoaren egia gezurrarengatik aldatu zuten, eta sorkuntza adoratu eta honi zerbitzu sakratua eman zioten, betirako goretsia den Sortzaileari eman beharrean. Amen. 26 Horregatik, Jainkoak sexu-desio lotsagarrien esku utzi zituen, zeren emakumezkoek sexu-harreman naturalak naturaren kontra dauden beste batzuengatik aldatu zituzten. 27 Gizonezkoek ere emakumezkoekin sexu-harreman naturalak alde batera utzi zituzten eta elkarren artean desio sutsuan piztu ziren, gizonezkoek gizonezkoekin gauza lizunak egin zituzten, eta beraien akatsarengatik merezi zuten zigor* osoa jaso zuten.
28 Jainkoa zehatz-mehatz ezagutzeko prest ez zeudenez*, Jainkoak berak onartzen ez duen pentsaeraren esku utzi zituen, egin behar ez diren gauzak egin zitzaten. 29 Eta mota guztietako injustiziaz, maltzurkeriaz, kodiziaz eta gaiztakeriaz* beteta zeuden; inbidiaz, hilketaz, borrokaz, gezurrez eta maleziaz beteta zeuden; marmartiak* 30 eta kalumniatzaileak ziren; Jainkoa gorrotatzen zuten; lotsagabeak, harroputzak eta handiputzak ziren, eta plan gaiztoak antolatzen* zituzten; ez zieten gurasoei obeditzen, 31 ez zuten ulermenik, ez zituzten beren promesak betetzen, ez zuten maitasun naturalik eta errukigabeak ziren. 32 Nahiz eta Jainkoaren dekretu justua oso ongi ezagutu —hau da, gauza hauek praktikatzen dituztenek heriotza merezi dutela—, gauza hauek egiten segitzeaz gain, praktikatzen dituztenak ere txalotzen dituzte.