Eginak
16 Paulo Derbera iritsi zen, baita Listrara ere. Han, Timoteo izeneko dizipulu bat zegoen. Bere ama dizipulu judua zen, baina aita grekoa zuen. 2 Listra eta Ikonioko anaiek oso ondo hitz egiten zuten berari buruz. 3 Paulok Timoteo berarekin eraman nahi zuela esan zuen. Beraz, berarekin hartu eta inguru hartako juduengatik zirkunzidatu egin zuen, denek baitzekiten bere aita grekoa zela. 4 Hiriz hiri joaten ziren bitartean, Jerusalemeko apostolu eta adindunen erabakien berri ematen zuten, anai-arrebek bete zitzaten. 5 Ondorioz, kongregazioak fedean sendotzen eta egunetik egunera handitzen joan ziren.
6 Frigia eta Galazia lurraldean barrena ere ibili ziren, espiritu santuak Asiako probintzian mezua predikatzea debekatu baitzien. 7 Are gehiago, Misiara jaitsi zirenean, Bitinian sartzen saiatu ziren, baina Jesusek, espirituaren bidez, ez zien utzi. 8 Beraz, Misia zeharkatu eta Troasera jaitsi ziren. 9 Gauean, Paulok ikuskari bat izan zuen: gizon mazedoniar bat bere aurrean zutik zegoen, eta erregutu zion: «Zatoz Mazedoniara eta lagundu gaitzazu». 10 Paulok ikuskari hau izan bezain laster, Mazedoniara joatea erabaki genuen, Jainkoak berri onak han predikatzera gonbidatu gintuela ulertu genuen eta.
11 Beraz, Troasen itsasoratu eta zuzenean Samotraziara joan ginen. Hurrengo egunean, Neapoliserantz abiatu 12 eta handik Filipora joan ginen, Mazedonia lurraldeko hiri nagusia eta erromatar kolonia. Egun batzuk pasa genituen hiri hartan. 13 Larunbatean hiritik atera eta ibai ondora joan ginen, otoitz leku bat zelakoan. Han eseri eta bertan bilduta zeuden emakumeekin hitz egiten hasi ginen. 14 Lidia izeneko emakume bat entzuten ari zen. Tiatirakoa zen, purpurazko oihal saltzailea, eta Jainkoa adoratzen zuen. Jehobak* parez pare ireki zion bihotza Paulok esaten zuenari arretaz entzuteko. 15 Bera eta bere etxekoak bataiatu zirenean, Lidiak erregutu zigun: «Jehobari leiala naizela uste baduzue, etorri eta geratu nire etxean». Eta besterik gabe, geratzera behartu gintuen.
16 Egun batean, otoitz lekura joaten ari ginela, neskame batekin egin genuen topo. Espiritu baten menpe zegoen, igarpen deabru baten menpe. Bere nagusiei irabazi ederrak ematen zizkien etorkizuna igartzen*. 17 Neskatxa honek, Paulo eta gure atzetik etorriz, oihukatzen zuen: «Gizon hauek Goi-goiko Jainkoaren morroi dira eta salbamenaren bidea predikatzen dizuete!». 18 Egun asko eman zituen hori egiten. Azkenean, Paulok, aspertuta, buelta eman eta espirituari esan zion: «Jesu Kristoren izenean, neskatxa honengandik ateratzeko agintzen dizut». Eta momentu hartantxe atera zen.
19 Neskatxaren nagusiek, gehiago irabazteko aukera galdu zutela ikustean, Paulo eta Silasi heldu eta merkatu plazara eraman zituzten arrastaka agintariengana. 20 Magistratu zibilengana eraman eta esan zuten: «Gizon hauek izugarrizko nahaspila sortzen ari dira gure hirian. Juduak dira, 21 eta guk, erromatarrok, onartu eta jarraitu ezin ditugun ohiturak irakasten dituzte». 22 Eta jendea beraien aurka altxatu zen. Orduan, magistratu zibilek arropak urratu zizkieten eta makilakadak emateko agindu zuten. 23 Astindu ederra eman ondoren, kartzelara bota zituzten eta kartzelariari begirik gainetik ez kentzeko agindu zioten. 24 Horrelako agindua jaso zuenez, zelda sakonenera bota zituen eta oinak zepoan lotu zizkien.
25 Baina gauerdi aldera, Paulo eta Silas otoitz egiten eta Jainkoa kantuz goresten ari ziren, eta beste presoak entzuten zeuden. 26 Bat-batean, lurrikara handi bat egon zen eta kartzelako oinarriak astindu zituen. Berehala, ate guztiak ireki eta preso guztien kateak askatu ziren. 27 Esnatzean, kartzelariak espetxeko ateak irekita zeudela ikusi eta presoek ihes egin zutela pentsatu zuen. Horregatik, ezpata atera eta, bere burua hiltzeko zorian zegoela, 28 Paulok ozen oihukatu zion: «Ez egin hori! Hemen gaude denok!». 29 Orduan, kartzelariak argia eskatu eta korrika sartu zen barrura, eta Paulo eta Silasen aurrean erori zen dardarka. 30 Gero, kanpora atera zituen, eta galdetu zien: «Jaunak, zer egin behar dut salbatzeko?». 31 Erantzun zioten: «Sinetsi Jesus Jaunarengan, eta zu eta zure etxekoak salbatuak izango zarete». 32 Orduan, Jehobaren hitza irakatsi zieten kartzelariari eta bere etxeko guztiei. 33 Gaueko ordu hartan bertan, kartzelariak berarekin eraman zituen eta zauriak garbitu zizkien. Berehala, kartzelaria eta bere etxeko guztiak bataiatuak izan ziren. 34 Gero, etxera eraman eta mahaia prestatu zien eta, bere etxekoekin batera, asko poztu zen orain Jainkoarengan sinesten zuelako.
35 Eguna argitu zuenean, magistratu zibilek guardiak bidali zituzten kartzelariari esatera: «Askatu gizon horiek». 36 Kartzelariak honen berri eman zion Paulori, esanez: «Magistratu zibilek gizon batzuk bidali dituzte zuek biak askatzera. Atera, ba, eta zoazte bakean». 37 Baina Paulok esan zien: «Zer? Gu Erromako hiritar izanda, batere epaitu* gabe, denen aurrean astindu ondoren, kartzelan sartu gintuzten, eta orain ezkutuan atera nahi gaituztela? Ez horixe! Etorri daitezela beraiek gu ateratzera». 38 Guardiek, orduan, Paulok esandakoa kontatu zieten magistratu zibilei. Hauek izutu egin ziren gizonak erromatarrak zirela jakin zutenean. 39 Beraz, barkamena eskatzera joan ziren. Gero, kartzelatik atera zituzten eta hiritik joateko eskatu zieten. 40 Baina kartzelatik ateratzean, Paulo eta Silas Lidiaren etxera joan ziren; eta anai-arrebak ikusi eta animatu ondoren, joan egin ziren.