Eginak
14 Ikonion, Paulo eta Bernabe juduen sinagogan elkarrekin sartu ziren eta, hain ongi hitz egin zutenez, judu eta greziar askok sinetsi egin zuten. 2 Baina sinetsi ez zuten juduek nazioetako jendea aztoratu eta anaien aurka jarri zuten. 3 Ondorioz, denboratxo bat pasa zuten han eta, Jehobaren indarrari esker, ausardiaz hitz egin zuten. Jainkoak beraien bidez mirariak* eta gauza harrigarriak egin zituen, bere merezigabeko eskuzabaltasunari buruzko mezua egia dela erakusteko. 4 Hala ere, hiriko jendea banatuta zegoen; batzuk juduen alde zeuden, baina beste batzuk apostoluen alde. 5 Nazioetako jendea eta juduak, beraien agintariekin batera, Paulo eta Bernabe gaizki tratatzeko eta harrikatzeko asmotan hasi ziren. 6 Baina Paulo eta Bernabek jakin zutenean, Likaoniako Listra eta Derbe hirietara eta hango inguruetara ihes egin zuten. 7 Eta han berri onak predikatzen jarraitu zuten.
8 Bazen Listran oinak elbarri zituen gizon bat. Jaiotzez herrena zen eta behin ere oinez ibili gabea. Eserita zegoen 9 Paulok esaten zuena entzuten. Paulo begira-begira jarri zitzaion eta sendatua izateko fedea zuela ikustean, 10 ahots ozenez esan zion: «Jarri zutik!». Orduan, gizona salto batean zutitu eta ibiltzen hasi zen. 11 Paulok egin zuena ikustean, jendea Likaoniako hizkuntzan oihuka hasi zen: «Jainkoek giza itxura hartu dute eta guregana jaitsi dira!». 12 Eta Bernaberi Zeus deitzen hasi ziren eta Paulori Hermes, bera baitzen gehienetan hitz egiten zuena. 13 Hiri sarreran zegoen Zeusen tenpluko apaizak, zezenak eta lore koroak* ekarri zituen hiriko ateetara eta, jendetzarekin batera, sakrifizioak eskaini nahi izan zituen.
14 Baina honetaz konturatzean, Bernabe eta Paulo apostoluek arropak urratu, jende artean korrika sartu eta ahots ozenez esan zuten: 15 «Zergatik egiten duzue hau? Gu ere gizakiak gara eta zuen ahulezia berberak ditugu. Berri onak predikatzen dizkizuegu ezertarako balio ez duten gauza hauek utzi eta Jainko bizia adoratu dezazuen, zerua, lurra, itsasoa eta hauetan dagoen guztia egin zuen Jainkoa. 16 Iraganean, nazio bakoitzari bere bidetik joaten utzi zion 17 eta, hala ere, nolakoa den erakutsi zizuen gauza onak eginez: zerutik euria eta uzta aberatsak emanez, janariz asez eta zuen bihotzak poztasunez betez». 18 Nahiz eta gauza hauek esan, nekez lortu zuten jendeak beraiei sakrifiziorik ez egitea.
19 Hala ere, Antiokiatik eta Ikoniotik judu batzuk etorri ziren, eta jendea Pauloren aurka jarri zuten. Orduan, harrikatu eta hiritik arrastaka atera zuten, hilda zegoelakoan. 20 Baina dizipuluak Pauloren inguruan bildu zirenean, Paulo altxatu egin zen eta hirira sartu zen. Hurrengo egunean, Derbera abiatu zen Bernaberekin. 21 Hiri hartan berri onak predikatu eta dizipulu kopuru ederra egin eta gero, Listrara, Ikoniora eta Antiokiara itzuli ziren. 22 Han, dizipuluak sendotu zituzten, fedeari eustera animatuz eta esanez: «Zailtasun asko pasa beharko ditugu Jainkoaren Erreinuan sartu aurretik». 23 Gainera, kongregazio bakoitzean adindunak izendatu zituzten. Otoitz eta barau egin zuten, eta Jehobaren eskuetan utzi zituzten, berarengan sinetsi baitzuten.
24 Gero, Pisidia zeharkatu eta Panfilian sartu ziren, 25 eta Pergan Jainkoaren hitza predikatu ondoren, Ataliara jaitsi ziren. 26 Handik Antiokiara itzultzeko itsasoratu ziren. Hain zuzen ere, hiri hartatik bidali zituzten anaiek —Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunaren esku utzi ondoren— burutu berri zuten eginkizunerako.
27 Iristean eta kongregazioa elkartzean, Paulo eta Bernabek Jainkoak beraien bidez egindako gauza guztiak kontatu zizkieten, baita nazioei fedearen atea zabaldu ziela ere. 28 Beraz, denboralditxo bat pasa zuten dizipuluekin.