Joan
2 Hirugarren egunean, ezkontza bankete bat ospatu zen Galileako Kanan, eta Jesusen ama bertan zegoen. 2 Jesus eta bere dizipuluak ere ezkontza banketera gonbidatuta zeuden.
3 Ardoa amaitzen ari zenean, bere amak esan zion Jesusi: «Ardorik gabe geratu dira». 4 Baina Jesusek erantzun zion: «Emakume, zergatik axola behar digu horrek zuri eta niri?* Oraindik ez da nire ordua iritsi». 5 Jesusen amak esan zien zerbitzariei: «Egin berak esandako guztia». 6 Juduen garbikuntzarako arauen arabera, harrizko sei ur ontzi zeuden han. Bakoitzean, bi edo hiru likido neurri* sartzen ziren. 7 Jesusek esan zien zerbitzariei: «Bete ontziak urez». Eta goraino bete zituzten. 8 Orduan, esan zien: «Orain atera pixka bat eta eraman bankete zuzendariari». Eta hala egin zuten. 9 Bankete zuzendariak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, baina ez zekien ardoa nondik zetorren (zerbitzariek bazekiten, beraiek atera baitzuten ura). Orduan, senargaiari deitu 10 eta esan zion: «Mundu guztiak ardo ona ateratzen du lehenengo, eta jendea mozkortuta dagoenean, kaxkarragoa. Zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardo ona». 11 Galileako Kanan egindako hau izan zen Jesusen lehenengo miraria*. Horrela, bere aintza erakutsi zuen eta bere dizipuluek fedea jarri zuten berarengan.
12 Honen ondoren, Jesus Kapernaumera jaitsi zen bere amarekin, anaiekin eta dizipuluekin batera. Baina ez ziren han egun asko geratu.
13 Juduen Pazkoa hurbiltzen ari zen, eta Jesus Jerusalemera igo zen. 14 Tenpluan behiak, zezenak, ardiak eta usoak saltzen zituztenak aurkitu zituen, eta dirua trukatzen zutenak ere beraien tokietan eserita zeuden. 15 Beraz, sokekin latigo bat egin ondoren, den-denak bota zituen tenplutik ardi, behi eta zezenekin batera. Gainera, dirua trukatzen ari zirenen txanponak lurrera bota eta beraien mahaiak irauli zituen. 16 Eta usoak saltzen zituztenei esan zien: «Kendu gauza hauek hemendik! Ez egin nire Aitaren etxea merkatu etxe*!». 17 Bere dizipuluek idatzita dagoen hau gogoratu zuten: «Zure etxearengatik sentitzen dudan debozioak barrutik erreko nau».
18 Hau ikustean, juduek galdetu zioten: «Zer seinalerekin erakutsi dezakezu gauza hauek egiteko autoritatea daukazula?». 19 Jesusek erantzun zien: «Bota behera tenplu hau eta hiru egunetan altxatuko dut». 20 Juduek esan zioten: «46 urte behar izan ziren tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan altxatuko duzula?». 21 Baina Jesusek aipatzen zuen tenplua bere gorputza zen. 22 Jesus hildakoen artetik berpiztu* zenean, bere dizipuluek hori esaten zuela gogoratu zuten, eta Idazkiek eta Jesusek esandakoa sinetsi zuten.
23 Jesus Jerusalemen Pazko Jaian egon zenean, askok fedea jarri zuten bere izenean, egiten zituen mirariak* ikusita. 24 Baina Jesus ez zen beraietaz guztiz fidatzen, zeren denak ezagutzen zituen 25 eta ez zuen behar inork gizakiari buruz ezer azaltzea, ongi ezagutzen baitzuen gizakiaren barruan zer zegoen.