Joan
1 Hasieran Hitza existitzen zen, Hitza Jainkoarekin zegoen, eta Hitza jainko bat* zen. 2 Bera Jainkoarekin zegoen hasieran. 3 Gauza guztiak beraren bidez iritsi ziren existitzera, eta bera gabe ez zen gauza bakar bat ere existitzera iritsi.
Beraren bidez existitzera iritsi dena 4 bizia izan zen, eta bizia gizakien argia zen. 5 Argiak iluntasunean distira egiten du, baina iluntasunak ezin izan du argia garaitu.
6 Gizon bat etorri zen, Jainkoak ordezkari bezala bidalia. Joan zuen izena. 7 Gizon hau lekuko bezala etorri zen, argiari buruzko testigantza ematera, horrela, berari esker, mota guztietako jendeak sinetsi zezan. 8 Joan ez zen argi hura, baina argiari buruzko testigantza ematera etorri zen.
9 Mota guztietako pertsonak argitzen dituen benetako argia, mundura etortzear zegoen. 10 Egia esan, bera* munduan zegoen dagoeneko, eta mundua beraren bidez iritsi zen existitzera, baina munduak ez zuen ezagutu. 11 Bere etxera etorri zen, baina bere herriak ez zuen onartu. 12 Baina onartu zuten guztiei Jainkoaren seme-alaba izatera iristeko eskubidea eman zien, bere izenean fedea erakusten zutelako. 13 Hauek ez ziren jaio odoletik edo gurasoen* borondatetik edo gizon baten borondatetik, Jainkoarengandik baizik.
14 Beraz, Hitza haragi bihurtu zen eta gure artean bizi izan zen, eta bere aintza ikusi genuen, seme bakarrak* bere aitarengandik jasotzen duen aintza bezalakoa; eta Jainkoaren onespenaz* eta egiaz beteta zegoen. 15 (Joanek berari buruz testigantza eman zuen. Oihu egin zuen: «Honi buruz esan nuen: “Nire atzetik datorrenak aurreratu egin nau, ni baino lehen existitzen baitzen”».) 16 Izan ere, denok jaso dugu bere osotasunetik, bai, merezigabeko eskuzabaltasuna merezigabeko eskuzabaltasunaren gain. 17 Zeren Legea Moisesen bidez eman zen, baina merezigabeko eskuzabaltasuna eta egia Jesu Kristoren bidez etorri ziren. 18 Ez dago gizakirik Jainkoa inoiz ikusi duenik; jainko bat den Seme bakarrak, Aitaren ondoan* dagoenak, azaldu digu bera* nolakoa den.
19 Hau da Joanek eman zuen testigantza juduek Jerusalemetik apaizak eta lebitarrak «nor zara zu?» galdetzera bidali zituztenean. 20 Joanek ez zuen erantzuteko zalantzarik eduki, eta esan zuen: «Ni ez naiz Kristo». 21 Eta galdetu zioten: «Orduan, zer? Elias zara?». Joanek erantzun: «Ez, ez naiz Elias». «Zu zara etortzekoa zen Profeta?». Hark, berriz: «Ez!». 22 Beraz, esan zioten: «Nor zara? Esaguzu, bidali gaituztenei erantzun ahal izateko. Zer diozu zeure buruaz?». 23 Joanek erantzun zien: «Ni naiz basamortuan “zuzendu Jehobaren* bidea!” oihukatzen ari den norbaiten ahotsa, Isaias profetak esan zuen bezalaxe». 24 Baina galdetzera bidalitakoak fariseuen partez etorri ziren. 25 Eta galdetu zioten: «Orduan, ez bazara ez Kristo, ez Elias, ezta etortzekoa den Profeta ere, zergatik bataiatzen duzu?». 26 Joanek erantzun zien: «Nik uretan bataiatzen dut. Badago zuen artean ezagutzen ez duzuen norbait. 27 Hau da nire ondoren datorrena, eta ni ez naiz inor bere sandalien lokarriak askatzeko ere». 28 Gauza hauek Betanian gertatu ziren, Jordanaren beste aldean, Joan bataiatzen ari zen tokian.
29 Hurrengo egunean, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Begira, Jainkoaren Bildotsa, munduaren bekatua kentzen duena! 30 Honetaz ari nintzen esan nuenean: “Nire atzetik aurreratu zaidan gizon bat dator, ni baino lehen existitzen baitzen”. 31 Nik ere ez nuen ezagutzen, baina arrazoi honengatik etorri naiz uretan bataiatzera: bera Israeli ezagutzera emateko». 32 Joanek testigantza hau ere eman zuen: «Espiritua ikusi nuen uso bezala zerutik jaisten eta bere gainean gelditzen. 33 Nik ere ez nuen ezagutzen, baina uretan bataiatzera bidali ninduen horrek esan zidan: “Espiritua jaisten eta norbaiten gainean gelditzen ikusten duzunean, horixe da espiritu santuan bataiatzen duena”. 34 Eta nik horixe ikusi nuen, eta honen testigantza eman dut, hau dela Jainkoaren Semea».
35 Hurrengo egunean, Joan han zegoen berriro ere bere bi dizipulurekin, 36 eta Jesus handik pasatzen ikustean, esan zuen: «Begira, Jainkoaren Bildotsa!». 37 Bi dizipuluek Joani hori esaten entzun ziotenean, Jesusi jarraitu zioten. 38 Orduan, Jesusek buelta eman eta berari jarraitzen ziotela ikustean, galdetu zien: «Zeren bila zabiltzate?». Erantzun zioten: «Rabbi, (itzulita «Maisu» esan nahi du) non ari zara geratzen?». 39 Jesusek esan zien: «Etorri eta ikusiko duzue». Beraz, berarekin joan ziren eta non geratzen ari zen ikusi zuten, eta berarekin pasa zuten eguna; arratsaldeko laurak inguru ziren*. 40 Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietako bat Andres izan zen, Simon Pedroren anaia. 41 Bere anaia Simon aurkitu zuen lehenengo, eta esan zion: «Mesias aurkitu diagu», (itzulita «Kristo» esan nahi du); 42 eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek begiratu zionean, esan zion: «Zu Simon zara, Joanen semea; Zefas deituko dizute» (itzulita, «Pedro»).
43 Hurrengo egunean, Jesusek Galileara joan nahi zuen. Orduan, Felipe aurkitu zuen, eta esan zion: «Izan nire jarraitzaile». 44 Felipe Betsaidakoa zen, Andres eta Pedroren hirikoa. 45 Felipek Natanael aurkitu zuen, eta esan zion: «Moisesek Legean eta Profetek idazkietan aipatu zuten hura aurkitu diagu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa». 46 Baina Natanaelek esan zion: «Nazaretetik atera al daiteke ezer onik?». Felipek erantzun zion: «Etorri eta ikusi». 47 Jesusek Natanael beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Begira, benetako israeldar bat, engainurik gabea». 48 Natanaelek galdetu zion: «Nolatan, ba, ezagutzen nauzu?». Jesusek erantzun: «Felipek deitu baino lehen, pikondoaren azpian zeundenean, ikusi zaitut». 49 Natanaelek esan zion: «Rabbi, Jainkoaren Semea zara zu, Israelgo Erregea zara zu!». 50 Jesusek erantzun zion: «Pikondo azpian ikusi zaitudala esan dizudalako sinesten duzu nigan? Hori baino gauza handiagoak ikusiko dituzu». 51 Gainera, esan zuen: «Bene-benetan esaten dizuet: zerua irekita ikusiko duzue eta Jainkoaren aingeruak Gizonaren Semearengana igotzen eta jaisten».