Markos
10 Jesus handik atera eta Judeako mugetara iritsi zen, Jordan ibaiaren beste aldera. Eta, berriz ere, jendetza handia bildu zen bere inguruan. Ohitura zuen bezala, irakasten hasi zitzaien. 2 Fariseuak hurbildu eta, Jesus probatu nahian, galdetu zioten: «Baimenduta al dago gizon bat bere emazteagandik dibortziatzea?». 3 Erantzun zien: «Zer agindu zizuen Moisesek?». 4 Erantzun zioten: «Moisesek dibortzio agiria idatzi eta emaztea bidaltzeko baimena eman zuen». 5 Baina Jesusek esan zuen: «Burugogorrak* zaretelako idatzi zuen Moisesek agindu hau. 6 Hala ere, kreazioaren hasieratik, “Jainkoak gizon eta emakume egin zituen. 7 Horregatik, gizonak aita eta ama utziko ditu, 8 eta biak bat* izango dira”. Orduan, handik aurrera, ez dira bi, bat baizik. 9 Beraz, Jainkoak elkartu* duena ez dezala gizakiak banandu». 10 Etxera itzuli zirenean, dizipuluak Jesusi honi buruz galdezka hasi ziren. 11 Erantzun zien: «Norbait bere emazteagandik dibortziatu* eta beste batekin ezkontzen bada, adulterio egiten du emaztearen aurka. 12 Eta noizbait emakume bat bere senarragandik dibortziatu* ondoren beste batekin ezkontzen bada, adulterio egiten du».
13 Orduan, haurtxoak ekarri zizkioten eskuak gainean jarriz bedeinkatzeko, baina dizipuluek errieta* egin zieten. 14 Hau ikustean, Jesusi ez zitzaion batere gustatu, eta esan zien: «Utzi haurtxoei nigana etortzen. Ez geldiarazi, zeren Jainkoaren Erreinua horrelakoena da. 15 Benetan esaten dizuet: Jainkoaren Erreinua haurtxo batek bezala onartzen ez duena, ez da inondik inora bertan sartuko». 16 Eta haurtxoak besoetan hartu eta bedeinkatu egin zituen, eskuak beraien gainean jarriz.
17 Bidean zihoala, gizon bat korrika etorri, Jesusen aurrean belaunikatu eta galdetu zion: «Maisu ona, zer egin behar dut betirako bizia jasotzeko?». 18 Jesusek erantzun zion: «Zergatik esaten didazu “ona”? Inor ez da ona, Jainkoa bakarrik. 19 Aginduak ezagutzen dituzu: “Ez hil* inor, ez egin adulteriorik, ez lapurtu, ez eman testigantza faltsurik, ez egin iruzurrik, ohore eman aitari eta amari”». 20 Gizonak esan zion: «Maisu, hori dena gazte-gaztetatik obeditu dut». 21 Jesusek begiratu eta maitasunez esan zion: «Gauza bat falta zaizu: Zoaz daukazuna saltzera eta eman dirua pobreei. Horrela, altxorra izango duzu zeruan. Gero, etorri eta nire jarraitzaile izan». 22 Baina erantzuna entzutean, gizona triste jarri eta lur jota* joan zen, aberastasun asko baitzituen.
23 Ingurura begiratu ondoren, Jesusek bere dizipuluei esan zien: «Zein zaila izango den dirua dutenentzat Jainkoaren Erreinuan sartzea!». 24 Baina dizipuluak harrituta zeuden bere hitzekin. Jesusek, orduan, esan zien: «Ene semeok, zein zaila den Jainkoaren Erreinuan sartzea! 25 Errazagoa da gamelu batentzat jostorratzaren begitik sartzea, aberats batentzat Jainkoaren Erreinuan sartzea baino». 26 Dizipuluak are harrituago zeuden, eta galdetu* zioten: «Nor salbatu daiteke, orduan?». 27 Jesusek begietara begiratuz esan zien: «Gizakientzat hau ez da posible, baina Jainkoarentzat bai, Jainkoarentzat dena baita posible». 28 Pedrok esan zion: «Hara!, den-dena utzi dugu zuri jarraitzeko». 29 Jesusek esan zuen: «Benetan esaten dizuet: ez dago inor etxea edo anaiak edo arrebak edo ama edo aita edo seme-alabak edo soroak niregatik eta berri onengatik utzi dituenik, 30 eta orain, garai honetan, 100 aldiz gehiago jasoko ez duenik: etxeak, anaiak, arrebak, amak, seme-alabak eta soroak, pertsekuzioekin batera; eta datorren sisteman* betirako bizia. 31 Baina lehenak diren asko azkenak izango dira, eta azkenak diren asko lehenak».
32 Denak Jerusalemera bidean igotzen ari zirela, Jesus beraien aurretik zihoan. Dizipuluek harrituta segitzen zioten, eta atzetik zetozenak beldurtu egin ziren. Berriz ere, Hamabiak aparte hartu eta gertatuko zitzaizkion gauzak esaten hasi zitzaien: 33 «Begira! Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semea apaizburu eta lege maisuen esku utziko dute. Hiltzera kondenatuko dute eta nazioetako gizonen esku utziko dute. 34 Eta hauek burla egin eta txistua botako* diote, zigortu* eta hil egingo dute; baina hiru egun ondoren berpiztu* egingo da».
35 Santiago eta Joan —Zebedeoren semeak— Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Maisu, zera nahi genuke: eskatzen dizuguna gure alde egin dezazun». 36 Berak esan zien: «Zer nahi duzue zuen alde egitea?». 37 Beraiek erantzun: «Zure aintzan zaudenean eman zure ondoan esertzeko aukera, bata eskuinean eta bestea ezkerrean». 38 Baina Jesusek esan zien: «Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gai al zarete edaten ari naizen kopatik edateko, edo bataiatua izaten ari naizen bataioaz bataiatuak izateko?». 39 Erantzun zioten: «Bai, gai gara». Jesusek orduan: «Edaten ari naizen kopatik edango duzue, eta bataiatua izaten ari naizen bataioaz bataiatuak izango zarete. 40 Hala ere, nire eskuinean eta nire ezkerrean nor eseriko den erabakitzea ez dago nire esku; nire Aitak aukeratu dituenak eseriko dira toki horietan».
41 Beste hamarrek gertatutakoa jakin zutenean, haserretu egin ziren Santiago eta Joanekin. 42 Baina Jesusek denak elkartu eta esan zien: «Badakizue itxuran nazioak gobernatzen dituztenek*, herria beraiena izango balitz bezala jokatzen dutela, eta gizon inportanteek menpean dutela jendea. 43 Baina zuen kasuan ez da horrela izan behar; zuen artean handiena izan nahi duenak besteen zerbitzari izan behar du. 44 Eta zuen artean lehena izan nahi duenak, guztien morroi. 45 Gizonaren Semeak berak ere, hori egin zuen. Bera ez zen zerbitzatua izatera etorri, besteak zerbitzatzera baizik, eta jende askoren truke bere bizia erreskate moduan ematera».
46 Orduan, Jerikon sartu ziren. Baina Jesus, bere dizipuluak eta jendetza handi bat Jerikotik ateratzen ari zirela, eskale itsu bat zegoen bide ondoan eserita, Bartimeo (Timeoren semea). 47 Jesus Nazaretarra pasatzen ari zela entzun zuenean, oihuka hasi eta esan zuen: «Dabiden Semea, Jesus, errukitu zaitez nitaz!». 48 Orduan, askok errieta egin zioten, isiltzeko esanez. Baina gero eta gehiago oihukatzen zuen: «Dabiden Semea, errukitu nitaz!». 49 Beraz, Jesus gelditu eta esan zien: «Deitu eta esan hona etortzeko». Orduan, deitu zioten itsuari, esanez: «Animo! Altxa, deika ari zaizu». 50 Bere mantua bota, salto batean zutitu eta Jesusengana joan zen. 51 Orduan, Jesusek esan zion: «Zer nahi duzu zure alde egitea?». Itsuak erantzun zion: «Rabboni*, berriro ikus dezadala». 52 Eta Jesusek esan zion: «Zoaz. Zure fedeak sendatu zaitu». Eta segituan, ikusmena berreskuratu zuen, eta bidean zehar Jesusi jarraitzen hasi zitzaion.