Korintoarrei lehena
3 Beraz, anai-arrebok, ezin izan nizuen pertsona espiritualei bezala hitz egin, haragizko pertsonei bezala baizik, kristau fedean haurtxoak direnei bezala. 2 Esnea eman nizuen, eta ez janari solidoa, zeren oraindik ez zineten nahiko indartsuak. Izan ere, orain ere ez zarete nahiko indartsuak, 3 oraindik haragizko pertsonak baitzarete. Zuen artean jeloskorrak zaretenez eta liskarrak dituzuenez, ez al zarete haragizko pertsonak zaretela eta gizakiek bezala jokatzen duzuela erakusten ari? 4 Norbaitek «ni Paulorena naiz» esaten duenean, baina beste batek «ni Apolosena», ez al zarete gizaki hutsak bezala jokatzen ari?
5 Zer da, ba, Apolos? Bai, zer da Paulo? Sinesten lagundu zizueten zerbitzari hutsak; Jaunak bakoitzari eman zion lana egin genuen, besterik ez. 6 Nik landatu nuen, Apolosek ureztatu zuen, baina Jainkoa izan zen hazarazi zuena. 7 Beraz, landatzen duena eta ureztatzen duena ez dira inportanteak, Jainkoa baizik, berak hazarazten baitu. 8 Landatzen duena eta ureztatzen duena bat dira*, baina pertsona bakoitzak bere lanaren arabera jasoko du saria. 9 Zeren gu Jainkoaren lankideak gara. Zuek Jainkoa lantzen ari den soroa zarete, Jainkoaren eraikina.
10 Jainkoak eman didan merezigabeko eskuzabaltasunaren arabera, nik, etxegile trebe* bezala, oinarria jarri nuen. Baina beste norbait ari da bertan eraikitzen. Egon dadila bakoitza adi-adi oinarriaren gainean eraikitzen ari den moduari. 11 Zeren inork ezin du, jarrita dagoen oinarriaz gain, beste oinarririk jarri, eta oinarri hori Jesu Kristo da. 12 Hala ere, norbaitek oinarriaren gainean urrea, zilarra, harribitxiak, egurra, belarra edo lastoa erabiliz eraiki dezake. 13 Ikusiko da bakoitzaren lana zerez egina dagoen. Egunak erakutsiko du, suak emango baitu ezagutzera; suak frogatuko du bakoitzak zer-nolako lana egin duen. 14 Oinarriaren gainean norbaitek eraikitako lanak irauten badu, pertsona horrek saria jasoko du. 15 Norbaiten lana erretzen bada, galerak sufrituko ditu, baina bera salbatu egingo da; hala ere, sutatik ihes egiten duena bezalakoa izango da.
16 Ez al dakizue zuek zaretela Jainkoaren tenplua, eta Jainkoaren espiritua zuengan bizi dela? 17 Norbaitek Jainkoaren tenplua suntsitzen badu, Jainkoak bera suntsituko du; zeren Jainkoaren tenplua santua da, eta zuek zarete tenplu hori.
18 Ez dezala inork bere burua engainatu: zuen arteko norbaitek sistema* honetan jakintsua dela uste badu, bihurtu dadila ezjakin eta, horrela, jakintsu bihurtuko da. 19 Zeren mundu honetako jakinduria Jainkoarentzat zentzugabea da, idatzita baitago: «Jainkoak jakintsuak beren maltzurkerian harrapatzen ditu». 20 Hau ere idatzita dago: «Jehobak badaki jakintsuen arrazoiketek ez dutela ezertarako balio». 21 Beraz, ez dadila inor gizakiez harro egon, gauza guztiak zuenak baitira: 22 Paulo, Apolos, Zefas*, mundua, bizia, heriotza, oraingo gauzak edo geroko gauzak. Gauza guztiak zuenak dira. 23 Zuek, berriz, Kristorenak zarete; Kristo, berriz, Jainkoarena.