Mateo
7 «Ez segi epaitzen*, horrela ez zarete epaituak izango. 2 Izan ere, besteak epaitzen dituzuen moduan epaituko zaituztete eta besteekin jokatzen duzuen moduan jokatuko dute zuekin. 3 Orduan, zergatik begiratzen diozu zure anaiak begian duen lastoari, baina ez duzu nabaritzen begian duzun enborra? 4 Edo, nolatan esaten diozu zure anaiari “utzidazu zure begitik lastoa kentzen”, eta hara!, enborra duzu zure begian! 5 Hipokrita halakoa! Lehenengo kendu enborra zure begitik, eta gero argi ikusiko duzu nola kendu lastoa zure anaiaren begitik.
6 «Ez eman gauza sakratuak txakurrei, eta ez bota harribitxiak txerriei. Bestela, agian, zapaldu egingo dituzte, zuengana itzuli eta eraso egingo dizuete.
7 «Segi eskatzen eta jasoko duzue. Segi bilatzen eta aurkituko duzue. Segi atea jotzen eta irekiko zaizue. 8 Hala da! Eskatzen duenak jasoko du, bilatzen duenak aurkituko du, eta atea jotzen duenari irekiko zaio. 9 Pentsa, zure seme batek ogia eskatzen badizu, ez diozu harri bat emango, ezta? 10 Edo, arraina eskatzen badizu, ez diozu suge bat emango, ezta? 11 Nahiz eta zuek askotan gauza txarrak egin, badakizue zuen seme-alabei gauza onak ematen. Orduan, zeruko zuen Aitak nola ez dizkie, ba, eskatzen diotenei gauza onak emango?
12 «Beraz, besteek zuei egitea nahi duzuen guztia, egin zuek besteei. Hauxe baita Legearen eta Profeten mezua.
13 «Sartu ate estutik, zabala baita suntsipenera daraman atea eta erraza bidea, eta asko sartzen dira bertatik. 14 Bizira daraman atea, berriz, estua da eta bidea zaila, eta gutxi dira aurkitzen dutenak.
15 «Kontuz profeta faltsuekin. Zuengana ardi-larruz jantzita datoz, baina barrutik, gosez dauden otsoak bezalakoak dira. 16 Zuhaitz bat bere fruituengatik ezagutzen duzuen bezala, gizon hauek, egiten dutenagatik* ezagutuko dituzue. Biltzen al duzue mahatsik elorritik? Edo pikurik kardutik? 17 Era berean, zuhaitz onek fruitu onak ematen dituzte, zuhaitz ustelek, berriz, fruitu txarrak. 18 Zuhaitz onak ezin du fruitu txarrik eman, eta zuhaitz ustelak ezin du fruitu onik eman. 19 Fruitu onik ematen ez duen zuhaitza moztu eta sutara botatzen da. 20 Gauza bera gertatzen da profeta faltsu hauekin. Egiten dutenagatik ezagutuko dituzue.
21 «“Jauna, Jauna” esaten didaten guztiak ez dira zeruko Erreinuan sartuko. Zeruan dagoen nire Aitaren nahia egiten dutenak bakarrik sartuko dira. 22 Egun hartan askok esango didate: “Jauna, Jauna, ez al genituen zure izenean profeziak esan? Eta zure izenean deabruak bota? Eta zure izenean mirariak egin?”. 23 Orduan esango diet: “Ez zaituztet ezagutzen! Alde hemendik gaizkileok!”.
24 «Beraz, nire hitzak entzun eta betetzen dituena, etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zentzuduna bezalakoa da. 25 Euri jasa bota zuen, uholdeak egon ziren, eta haizeteak etxea astindu zuen. Baina ez zen erori, harkaitz gainean eraikita zegoelako. 26 Nire hitzak entzun baina betetzen ez dituena, berriz, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon zentzugabea bezalakoa da. 27 Euri jasa bota zuen, uholdeak egon ziren, eta haizeteak etxea astindu zuen. Etxea behera erori eta txiki-txiki eginda geratu zen».
28 Jesusek gauza hauek esaten bukatu zuenean, jendetza guztiz harrituta geratu zen bere irakasteko moduarekin, 29 Jainkoak emandako autoritatearekin irakasten zuelako, eta ez lege maisuek bezala.