Efesoarrei
2 Gainera, Jainkoak bizia eman zizuen, nahiz eta zuen ofentsa eta bekatuengatik hilda zeundeten. 2 Garai batean, horrelako gauzak egiten zenituzten mundu honen bizitzeko moduari* jarraituz, airearen gain autoritatea duen agintariari jarraituz, eta aire hori desobedientziaren seme-alabengan orain eragina izaten ari den espiritua da. 3 Hala da, garai batean gu guztiok, beraiek bezalaxe, gure haragiaren desioen arabera jokatzen genuen, haragiaren eta geure pentsamenduen nahia betez, eta izatez haserrearen seme-alabak ginen besteak bezalaxe. 4 Baina Jainkoa errukian aberatsa da eta maitasun hain handiz maitatu gintuenez, 5 bizia eman zigun Kristorekin batera, geure ofentsengatik hilda geundenean ere (zuek merezigabeko eskuzabaltasunarengatik izan zarete salbatuak). 6 Are gehiago, berarekin batera eman zigun bizia* eta berarekin batera zeruko tokietan eseri gintuen Kristo Jesusekin bat eginda; 7 horrela, bere borondate onaren* bidez, datorren sistemetan* bere merezigabeko eskuzabaltasunaren aberastasun paregabeak erakutsiko dizkigu guri, Kristo Jesusekin bat eginda gaudenoi.
8 Merezigabeko eskuzabaltasun horri esker, salbatuak izan zarete fedearen bidez. Eta hori ez da zuek egin duzuenarengatik, baizik eta Jainkoaren oparia da. 9 Ez, ez da zuen ekintzen ondorioa izan. Horregatik, inork ezin du harrotzeko arrazoirik izan. 10 Jainkoaren eskulana* gara eta Kristo Jesusekin bat eginda sortuak izan ginen ekintza onak egiteko, Jainkoak aldez aurretik guk egitea erabaki zituen ekintza onak.
11 Beraz, gogoratu zuei, jaiotzez* nazioetako jendea zaretenoi, giza eskuz haragian «zirkunzidatuak» direnek garai batean «zirkunzidatu gabeak» deitzen zizuetela. 12 Garai hartan Kristo gabe zeundeten, Israelgo estatutik urrun, promesaren itunetatik kanpo; ez zenuten esperantzarik, eta munduan Jainkorik gabe zeundeten. 13 Baina orain, Kristo Jesusekin bat eginda, zuek, garai batean urrun zeundetenak, hurbil egotera iritsi zarete Kristoren odolari esker. 14 Izan ere, bera da gure bakea, bi taldeak bat bakarra izatea egin zuena eta banatzen zituen harresia behera bota zuena. 15 Bere gorputzaren* bidez, elkarren artean etsai izateko arrazoia baliogabetu zuen —hau da, dekretuz osatutako aginduen Legea baliogabetu zuen—, horrela, berarekin bat eginda dauden bi taldeetatik gizon berri bat egiteko eta bakea ekartzeko, 16 eta bi herriak, tortura zutoinaren* bitartez, gorputz bakar batean Jainkoarekin guztiz errekontziliatzeko, zeren bere buruaren bidez elkarren artean etsai egiten zituen hori suntsitu zuen. 17 Eta bera etorri eta bakearen berri onak ezagutzera eman zizkizuen zuei, urruti zeundetenoi, eta hurbil zeudenei bakea, 18 zeren beraren bitartez, guk, bi herriok, Aitarengana espiritu bakar baten bidez askatasunez hurbiltzeko aukera dugu.
19 Beraz, dagoeneko ez zarete ez arrotzak*, ezta atzerritarrak ere, baizik eta santuekin batera, herritarrak eta Jainkoaren familiako kideak zarete, 20 eta apostoluen eta profeten oinarriaren gainean izan zarete eraikiak, eta Kristo Jesus bera da oinarriaren kantoi-harria. 21 Berarekin bat eginda, eraikin osoa, bere zati guztiak harmoniaz elkartuta izanda, hazten doa Jehobarentzat* tenplu santu bihurtu arte. 22 Berarekin bat eginda, zuek ere elkarrekin eraikiak izaten ari zarete Jainkoa espirituz bizitzeko toki bihurtu zaitezten.