Galaziarrei
6 Anaiok, norbaitek, konturatu gabe, pauso oker bat ematen badu, zuek, beharrezko ezaugarri espiritualak dituzuenok, saia zaitezte pertsona hori espiritu goxoaz* zuzentzen. Baina erne ibili zu zeu ere tentatua izan ez zaitezen. 2 Segi batak bestearen zamak eramaten eta, horrela, Kristoren legea beteko duzue. 3 Zeren norbaitek zerbait dela uste badu ezer ez izanda, bere burua engainatzen ari da. 4 Baina bakoitzak bere ekintzak aztertu ditzala eta, orduan, berak egindakoarekin pozik egoteko arrazoiak izango ditu, besteekin konparatzen ibili gabe. 5 Zeren bakoitzak bere zama* eramango du.
6 Gainera, hitzari buruzko irakaskuntza* jasotzen ari denak, mota guztietako gauza onak konpartitu ditzala irakasten ari zaionarekin.
7 Ez engainatu zeuen buruak: inork ezin dio Jainkoari burlarik egin. Zeren bakoitzak ereiten duena, huraxe bilduko du. 8 Bere haragian pentsatuz ereiten duenak, ustelkeria bilduko du bere haragitik; baina espirituan pentsatuz ereiten duenak, betirako bizia bilduko du espiritutik. 9 Beraz, ez diezaiogun ona dena egiteari utzi, zeren nekatzen ez bagara*, bere garaian bilduko dugu. 10 Horregatik, aukera* dugun bitartean, egin diezaiegun guztiei on, baina bereziki fedean gure anai-arreba direnei.
11 Begira zein letra handiz idatzi dizuedan neure eskuz.
12 Zirkunzidatzera behartu nahi zaituztetenek, giza iritzien* arabera ongi ikusiak izan nahi dute. Hori helburu bakarrarekin egiten dute: Kristoren tortura zutoinagatik* pertsegituak ez izateko. 13 Zeren zirkunzidatzen direnek ere ez dute Legea betetzen, baina zuek zirkunzidatzea nahi dute zuen gorputzean egindakoagatik harrotzeko. 14 Baina ni ez nadila inoiz ezertaz harrotu, Jesu Kristo gure Jaunaren tortura zutoinaz* ez bada behintzat. Beraren bidez mundua niretzat hil* da, eta ni munduarentzat. 15 Izan ere, inporta duena ez da zirkunzidatuta egotea edo zirkunzidatu gabe egotea, sorkuntza berri bat izatea baizik. 16 Bakea eta errukia egon daitezela printzipio horren arabera zuzen ibiltzen direnen gain, bai, Jainkoaren Israelen gain.
17 Hemendik aurrera, ez diezadala inork arazorik sortu, zeren Jesusen esklabo baten markak daramatzat gorputzean.
18 Anai-arrebok, egon dadila Jesu Kristo gure Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna zuek erakusten duzuen espirituarekin. Amen.