12. KAPITULUA
Nola izan zaitezke Jainkoaren laguna?
1, 2. Nortzuk izan ziren Jehobaren adiskideetako batzuk?
NOR aukeratuko zenuke zure adiskide izateko? Atsegin duzun norbait seguruenik. Eraman onekoa dena, izaera ederra duena eta miresten dituzun ezaugarriak dituena.
2 Jehobak gizaki batzuk bere adiskide izateko aukeratu ditu. Adibidez, Abraham bere adiskideetako bat izan zen (Isaias 41:8; Santiago 2:23). Dabid ere bere «gogoko» zela esan zuen (Eginak 13:22). Eta Daniel profeta «bereziki maite» zuen (Daniel 9:23).
3. Zergatik ziren Abraham, Dabid eta Daniel Jehobaren adiskideak?
3 Zergatik iritsi ziren Abraham, Dabid eta Daniel Jehobaren adiskide izatera? Jehobak Abrahami esan zion: «Nire esana bete duzulako» (Hasiera 22:18). Jehoba apalak eta bere esaneko direnen laguna da. Nazio oso bat ere bere adiskide izatera iritsi daiteke. Honakoa esan zion Jehobak Israel nazioari: «Aditu nire mintzoa, eta ni izango nauzue zeuen Jainko eta zuek izango zaituztet neure herri» (Jeremias 7:23). Beraz, bere adiskide izateko bere esana bete behar duzu.
JEHOBAK BERE LAGUNAK BABESTEN DITU
4, 5. Nola babesten ditu Jehobak bere lagunak?
4 Satanas gure etsai boteretsuak ez du gu Jehobaren lagunak izaterik nahi. Baina Jehobak babestu egin nahi gaitu (Irakurri 55. Salmoa 23 [55:22, NW ]). Nola? Bibliaren arabera, Jehoba «zintzo direnak adoretzeko» aukeren bila dabil (2 Kronikak 16:9). Bere lagunei 32. Salmoa 8an aurkitzen duguna promesten die: «Irakatsi egingo dizut eta jarraibidea erakutsiko; aholku emango dizut eta zure ardura izango».
5 Jehobaren adiskideak garenez, bihotz-bihotzez zerbitzatzen dugu. Egoera zailen aurrean ere leialak gara. Salmogileak Jehobarengan zuen konfiantza bera dugu: «Bera ondoan dudala, ez dezaket koloka egin» (16. Salmoa 8; 63. Salmoa 9 [63:8, NW ]). Zer egiten du Satanasek guk Jainkoaren adiskidetasuna galtzeko?
SATANASEK GIZAKIAK SALATZEN DITU
6. Zer esan zuen Satanasek gizakiei buruz?
6 Satanasek Jehobari desafioa bota eta gezurti izatea leporatu ziola ikusi genuen 11. kapituluan. Gainera, Adam eta Ebari zuzena eta okerra zena erabakitzen ez uzteagatik bidegabea zela eman zuen aditzera. Satanasek Jainkoaren lagunak izan nahi duten gizakiak ere salatzen dituela erakusten digu Job biblia-liburuak. Satanasen arabera, ez dute Jainkoa maite dutelako zerbitzatzen, berari esker lortu dezaketenagatik baizik. Edozein gizaki Jainkoaren aurka jarri dezakeela ere esaten du. Ikus dezagun zer irakasten diguten Joben ereduak eta Jehobak berarekin jokatzeko izan zuen moduak.
7, 8. a) Nor izan zen Job? b) Zer esan zuen Satanasek Jobi buruz?
7 Nor izan zen Job? Duela 3.600 bat urte bizi izan zen gizon on bat. Garai hartan Job bezalako gizonik ez zegoela esan zuen Jehobak. Jobek errespetu handia zion Jainkoari eta gaiztakeria gorroto zuen (Job 1:8). Zalantzarik gabe, Jehobaren benetako laguna zen.
8 Job berekoia zela eta Jainkoak ematen zizkion bedeinkapenengatik zerbitzatzen zuela esan zuen Satanasek. Honakoa esan zion Jehobari: «Ez al duzu, bada, zeuk ongi babesten bera, beraren etxea eta daukan guztia? Egiten duen guztia bedeinkatzen diozu, eta aziendak ugaritzen ari zaizkio herrialde osoan. Baina luzatu eskua eta uki iezaiozu daukan guztia; baietz madarikatu aurpegira!» (Job 1:10, 11).
9. Zer utzi zion Jehobak Satanasi egiten?
9 Satanasek Job salatu zuen. Jehobak ematen zizkion gauza onengatik zerbitzatzen omen zuen. Jehoba zerbitzatzeari uztea lortuko zuela ere esan zuen. Jehobak ez zuen berdin pentsatzen. Hala ere, Job probapean ipintzen utzi zion Satanasi. Modu honetara, argi ikusiko zen Joben zerbitzatzeko arrazoia maitasuna ote zen.
SATANASEK JOB ERASO ZUEN
10. Nola eraso zuen Satanasek Job eta nola erantzun zuen honek?
10 Lehenik, Joben animalia guztiak lapurtzea edo hiltzea eragin zuen Satanasek. Gero, Joben ia zerbitzari guztiak erail zituen. Jobek dena galdu zuen. Azken erasoan, Deabruak Joben hamar seme-alabak hil zituen ekaitz baten bidez. Baina Jehobari leial izaten jarraitu zuen. «Halaz guztiz, Jobek ez zuen bekaturik egin eta ez zion Jainkoari bidegabekeriarik egotzi» (Job 1:12-19, 22).
11. a) Zer gehiago egin zuen Satanasek Joben aurka? b) Zer egin zuen Jobek?
11 Satanasek ez zuen amore eman. Jehobari desafioa bota zion: «Ukitu haren hezur-haragiak. Baietz madarikatu aurpegira!». Beraz, Satanasek gaixotasun mingarria eragin zion Jobi (Job 2:5, 7). Berriro, Job leial mantendu zen. Esan zuen: «Azken-arnasea emon arte eutsiko dautsat [diot] nire zintzotasunari» (Job 27:5, EB).
12. Nola frogatu zuen Jobek Satanas gezurtia dela?
12 Jobek ez zekien ezertxo ere ez Satanasen salaketari buruz, ezta bere sufrimenduaren arrazoiari buruz ere. Bere arazoak Jehobak eragin zituela pentsatu zuen (Job 6:4; 16:11-14). Baina, hala ere, leial mantendu zen. Ez zegoen zalantzarik, Job ez zen berekoia. Jainkoa maite zuelako zen bere laguna. Satanasen salaketa guztiak gezur hutsa ziren!
13. Zer ondorio izan zuen Joben leialtasunak?
13 Zeruan zer gertatzen ari zen ez jakin arren, Job Jehobari leial izan zen eta Satanas izaki maltzurra dela frogatu zuen. Jehobak Job bedeinkatu egin zuen bere adiskidetasun leialarengatik (Job 42:12-17).
NOLA SALATZEN GAITU SATANASEK?
14, 15. Zer salaketa egiten du Satanasek gizaki guztion aurka?
14 Jobi gertatutakoak gauza garrantzitsu asko irakasten dizkigu. Gaur egun ere Satanasek salatu egiten gaitu. Jehobak gauza onak ematen dizkigulako zerbitzatzen dugula dio. Hau esan zuen Job 2:4an: «Daukan guztia ematen du gizakiak, larrugorri gelditzeraino, bere bizia salbatzearren». Beraz, Satanasek ez zuen Job bakarrik salatu. Gizon-emakume guztiok berekoiak garela esan zuen. Job hil eta ehunka urte ondoren, Satanasek Jehoba mespretxatzen eta bere zerbitzariak salatzen jarraitzen zuen. Esaera Zaharrak 27:11n Jehobak dio: «Izan zuhur, seme: emadazu poz hori, eta izango dut zer erantzun gutxiesten nauenari».
15 Jehoba obeditu eta bere lagun leiala izatea aukeratu dezakezu. Honela, Satanas gezurtia dela frogatuko duzu. Agian aldaketa handiak egin beharko dituzu Jainkoaren laguna izatera heltzeko. Baina hau egitea inoiz hartuko duzun erabakirik onena izango da! Garrantzi handia du honek. Satanasen arabera, arazoen aurrean ez zara Jehobari leial izango. Gu engainatzen saiatzen da Jainkoari desleial izan gaitezen. Nola?
16. a) Zer saiakera egiten ditu Satanasek jendeak Jehoba zerbitzatzeari uzteko? b) Zer egin dezake zure kasuan?
16 Satanasek ez du gu Jainkoaren lagunak izaterik nahi. Modu askotan saiatzen da bere helburua lortzen. Adibidez, «goseak dagoen lehoia bezala» dabil erasoan, «nor irentsiko» (1 Pedro 5:8). Biblia aztertzen eta zuzen jokatzen ahalegintzen ari zarela ikustean, lagun, senide edo besteren bat zu geldiarazten saiatu daiteke. Ez harritu horrelakorik gertatzen bazaizu. Honelako egoeratan agian Satanas erasoka ari zaizula sentituko duzu (Joan 15:19, 20).a Gainera, Satanasek «argizko aingeru-itxurak» hartzen ditu. Beraz, azpijokoan ibili daiteke Jehoba desobeditu dezagun (2 Korintoarrei 11:14). Satanas beste modu batean ere saiatzen da gu Jehobarengandik urruntzen. Nola? Sekula ez garela Jehobaren lagunak izateko aski onak izango pentsaraziz (Esaera Zaharrak 24:10).
OBEDITU JAINKOAREN AGINDUAK
17. Zergatik obeditzen dugu Jehoba?
17 Jehoba obeditzen dugunean Satanas gezurtia dela frogatzen dugu. Zerk lagunduko digu Jainkoaren esana betetzen? Bibliak dio: «Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz» (Deuteronomioa 6:5). Maite dugulako obeditzen dugu Jehoba. Diogun maitasuna handitzen den heinean, eskatzen digun guztia egin nahiko dugu. Joan apostoluak idatzi zuen: «Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak» (1 Joan 5:3).
18, 19. a) Jehobaren arabera, zer gauza egitea dago gaizki? b) Nola dakigu Jehobak ez digula bete ezin dugun ezer eskatzen?
18 Jehobak zenbait gauza egitea gaizki dagoela esaten du. Hauetariko batzuk «Jehobak gorroto duena gorrotatu» taulan ikusi ditzakezu. Hasiera batean agian hauetariko batzuk horren txarrak ez direla pentsatuko duzu. Baina biblia-bertsetak irakurri eta hauetan arretaz pentsatzen baduzu, Jehobaren legeak betetzea zein ona den ulertuko duzu. Agian zure bizitzan aldaketaren bat egin behar duzula ikusiko duzu. Batzuetan ez da erraza izango aldaketak egitea. Baina egiten badituzu, Jainkoaren lagun leiala izateak dakartzan bakea eta zoriona izango dituzu (Isaias 48:17, 18). Nola dakigu aldaketak egitea posible dela?
19 Jehobak sekula ez digu bete ezin dugun ezer eskatzen (Deuteronomioa 30:11-14). Benetako laguna denez, guk geure burua ezagutzen duguna baino hobeto ezagutzen gaitu. Badaki gure gaitasunak eta ahuleziak zeintzuk diren (103. Salmoa 14). Paulok honela animatzen gaitu: «Leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko» (1 Korintoarrei 10:13). Ziur egon Jehobak beti emango digula zuzena dena egiteko ahalmena. Jehobak ezohiko indarra emango dizu egoera zailei aurre egiteko (2 Korintoarrei 4:7).
IKASI JAINKOAK MAITE DUENA MAITATZEN
20. Zer ezaugarri imitatu behar ditugu eta zergatik?
20 Jehobaren lagunak izateko, gaizki dagoena egiteari uzteaz gain, beste zerbait ere egin behar dugu (Erromatarrei 12:9). Jainkoaren lagunek berak maite duena maitatzen dute. Gainera, bere ezaugarriak imitatzen dituzte, «maitasuna, poza, bakea, pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna, otzantasuna [baretasuna], bere buruaren jabe izatea», besteak beste (Galaziarrei 5:22, 23). Jainkoaren lagunak nolakoak diren jakiteko, irakurri 15. Salmoa 1-5 pasartea.
21. Nola ikasi dezakezu Jainkoak maite dituen ezaugarriak adierazten?
21 Nola ikasi dezakezu ezaugarri eder hauek adierazten? Jehobak zer maite duen ezagutu behar duzu, Biblia irakurri eta aztertzeko ohitura izanez (Isaias 30:20, 21). Hau egiten duzun heinean, Jehobari diozun maitasuna handitu egingo da eta, ondorioz, Jehobaren esana bete nahiko duzu.
22. Zer lortuko duzu Jehoba obeditzen baduzu?
22 Zure bizitzan aldaketak egin behar izatea jantzi zaharrak erantzi eta berriak janztearekin konparatu daiteke. Bibliaren arabera, «izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi eta berria jantzi» behar duzu (Kolosarrei 3:9, 10). Nahiz eta erraza ez izan, aldaketak egitea eta Jehobaren esana betetzea «benetan onuragarri» izango zaigula promesten digu Jainkoak (19. Salmoa 12 [19:11, NW ]). Aukeratu ezazu Jehoba obeditzea eta frogatu Satanas gezurti hutsa dela. Zerbitzatu Jehoba. Ez ezazu egin etorkizun zoragarria eskaintzen dizulako, bihotzez maite duzulako baizik. Orduan, Jainkoaren benetako laguna izango zara!
a Honek ez du esan nahi Satanasek zu geldiarazten saiatzen diren horiek zuzenean kontrolatzen dituenik. Baina Satanas «mundu honetako jainkoa» dela eta «mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela» dio Bibliak. Beraz, ez da harritzekoa batzuk gu Jehobarengandik urruntzen saiatzea (2 Korintoarrei 4:4; 1 Joan 5:19).