16. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Erreskatea estimatzen jarraitu
«Zeren Gizonaren Semea ere ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera» (MK 10:45).
sjj 18. KANTA Eskaintzarengatik esker ona
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1, 2. Zer da erreskatea eta zergatik behar dugu?
ADAM gizon perfektuak bekatu egin zuenean, betiko bizitzeko aukera galdu egin zuen, bai berarentzat, baita etorkizunean izango zituen seme-alabentzat ere. Nahita bekatu egin zuenez, ez zuen aitzakiarik. Baina bere ondorengoek? Beraiek ez zuten Adamen bekatuarekin zerikusirik izan (Erm 5:12, 14). Adamek egindakoagatik hiltzea merezi zuen. Baina egin al zezakeen Jehobak zerbait Adamen ondorengoek betiko bizia edukitzeko? Bai! Adamek bekatu egin eta berehala, Jehoba, pixkanaka-pixkanaka, Adamen milioika seme-alabak heriotza eta bekatutik nola erreskatatuko zituen argitzen joan zen (Has 3:15). Ezarritako garaian, Jehobak bere Semea zerutik lurrera «bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera» bidaliko zuen (Mk 10:45; Jn 6:51).
2 Zer da ordainsaria edo erreskatea? Idazki Grekoetan Adamek galdu zuena berreskuratzeko Jesusek ordaindu zuena da (1 Ko 15:22). Zergatik zen beharrezkoa? Moisesen Legearen arabera, Jehobaren justiziak bizia biziarengatik ematea eskatzen zuelako (Ir 21:23, 24). Adamek bere giza bizi perfektua galdu zuenez, Jainkoaren justiziaren arabera jokatzeko, Jesusek bere giza bizi perfektua eskaini zuen (Erm 5:17). Horrela, erreskatean fedea zutenentzat «Aita betiereko» bihurtu zen (Is 9:5 [9:6, NW ]; Erm 3:23, 24).
3. Joan 14:31 eta 15:13 aipuen arabera, zergatik egon zen Jesus bere giza bizi perfektua emateko prest?
3 Zergatik egon zen prest Jesus bere bizia eskaintzeko? Bere zeruko Aitari eta guri digun maitasun handiarengatik (Irakurri Joan 14:31; 15:13). Maitasun horrek bultzatuta, leial izaten jarraitu zuen heriotza arte eta bere Aitaren nahia bete zuen. Honi esker, Jehobak hasieratik gizadiarentzat eta lurrarentzat zuen helburua beteko da. Artikulu honetan, Jainkoak Jesus hil aurretik hainbeste sufritzen zergatik utzi zuen ikusiko dugu. Gainera, erreskatea asko estimatzen zuen Bibliako idazle bat aipatuko dugu. Eta, azkenik, erreskatearengatik esker ona nola erakutsi dezakegun aztertuko dugu, baita Jehobak eta Jesusek gure alde egindakoa gehiago nola estimatu dezakegun ere.
ZERGATIK SUFRITU BEHAR IZAN ZUEN JESUSEK?
4. Azaldu nola hil zen Jesus.
4 Pentsatu Jesusek lurrean pasatako azken eguna nolakoa izan zen. Babesteko aingeru askoren laguntza eskatu dezakeen arren, erromatar soldaduei bera atxilotzen eta gupidagabe jipoitzen uzten die (Mt 26:52-54; Jn 18:3; 19:1). Latigo batekin gorputzeko haragi zatiak guztiz urratzen dizkiote. Gero, zauriz beteriko bizkarrean habe pisutsu bat eramatera behartzen dute. Arrastaka, exekutatuko duten lekuraino eramaten saiatzen da. Baina indarrik gabe geratzen ari denez, beste gizon bat behartzen dute habea eramatera (Mt 27:32). Hilko den lekura iristean, soldaduek eskuak eta oinak habean iltzatzen dizkiote. Habea zutik jartzen dutenean, Jesusen gorputzaren pisuak iltzeek eragindako zauriak urratzen ditu. Ama negarrez eta lagunak sufritzen dauden bitartean, agintari judutarrek burla egiten diote Jesusi (Lk 23:32-38; Jn 19:25). Orduak joan, orduak etorri, Jesusen mina ikaragarria da. Bere bihotza eta birikak neka-neka eginda daude, eta gero eta zailagoa egiten zaio arnasa hartzea. Leial izan dela jakinik, bere azken indarrekin Jehobari otoitz egiten dio. Orduan, burua makurtuz, azken arnasa ematen du (Mk 15:37; Lk 23:46; Jn 10:17, 18; 19:30). Hau bai hiltzeko modu geldo, mingarri eta umiliagarria!
5. Jesusentzat, zer izan zen hiltzeko modua baino okerragoa?
5 Jesusentzat, oinazealdi gogor eta luzearen okerrena ez zen hiltzeko modua izan, exekutatua izatearen arrazoia baizik. Biraolari izateaz salatu zuten, hau da, Jainkoari eta bere izenari errespeturik ez izateaz (Mt 26:64-66). Salaketa faltsu horretan pentsatze hutsak asko nahigabetzen zuen eta bere Aitak umiliazio hartatik libratuko zuenaren esperantza zuen (Mt 26:38, 39, 42). Zergatik utzi zuen Jehobak bere Semeak sufritu zezan eta hil zedin? Ikus ditzagun hiru arrazoi.
6. Zergatik hil behar zuen Jesusek habe batean zintzilik?
6 Lehena, juduak madarikazio batetik askatuak izateko Jesusek habean zintzilik hil behar zuen (Ga 3:10, 13). Zergatik zuten juduek madarikazio bat? Jainkoaren Legea betetzea promestu zutelako eta ez zutelako obeditu. Beraz, Adamen seme-alabak izateagatik hiltzera kondenatuak izateaz gain, beste madarikazio hau ere bazuten (Erm 5:12). Jainkoak israeldarrei emandako legearen arabera, heriotza zigorra merezi zuen bekatariak exekutatua izan behar zuen. Ondoren, kasu batzuetan, gorpua habe batean zintzilikatzen zen.b Gainera, Legearen arabera, habean zintzilik zegoenak Jainkoaren madarikazioa zuen (Dt 21:22, 23, NW; 27:26). Beraz, zer lortu zuen Jesusek habean zintzilik egotearekin? Baztertu zuen nazio berberaren madarikazioa bere gain hartu zuen. Horrela, juduak beraien madarikaziotik libratu eta Jesusen eskaintzak ematen dituen ondorio onak jaso ahal izango zituzten.
7. Zein da Jehobak bere Semeari sufritzen uzteko bigarren arrazoia?
7 Hona hemen Jehobak bere Semeari sufritzen uzteko bigarren arrazoia. Jehoba Jesus gure Apaiz Nagusi izango zenerako trebatzen ari zen. Probaldi latzean Jainkoa obeditzea zein zaila den bere larruan bizi izan zuen Jesusek. Horrenbesteko presioa jasan zuen, «deiadar handiz eta negar malkoz» otoitz egin ziola Jehobari laguntza eske. Hala da, emozionalki hain larrituta sentitu zenez, gure beharrak ondo ulertzen ditu eta «gauza da orain probaldian [gaudenoi] laguntzeko». Asko eskertzen diogu Jehobari Apaiz Nagusi errukitsu izateko «gure ahuleriaz gupidatu» daitekeen norbait izendatu izana! (Heb 2:17, 18; 4:14-16; 5:7-10).
8. Zein da Jehobak Jesusi hainbeste sufritzen uzteko hirugarren arrazoia?
8 Ikus dezagun Jehobak Jesusi hainbeste sufritzen uzteko hirugarren arrazoia. Galdera garrantzitsu honi erantzuna eman behar zitzaion: Mantendu al daitezke gizakiak Jehobari leial nahiz eta proba latzak jasan? Satanasek ezetz esaten du! Gizakiek Jainkoa arrazoi berekoiengatik zerbitzatzen dutela dio. Eta gizakiek, Adamek bezala, Jehoba ez dutela maite pentsatzen du (Jb 1:9-11; 2:4, 5). Jesus leial mantenduko zela ziur zegoenez, Jehobak gizaki batek jasan dezakeen punturik goreneraino sufritzen utzi zion. Jesus leial mantendu zen eta Satanas gezurtia dela frogatu zuen.
ERRESKATEA ASKO ESTIMATZEN ZUEN BIBLIA-IDAZLEA
9. Zer eredu ezarri zigun Joan apostoluak?
9 Kristau askok oposizioa edota era guztietako zailtasunak jasan behar izan dituzte. Hala ere, zahartu arren, predikatzen jarraitu dute leial mantenduz. Zergatik? Erreskateak beraien fedea indartu duelako. Ikus dezagun Joan apostoluaren eredua. Seguruenik 60 urte baino gehiagoz Jesu Kristori eta erreskateari buruz predikatu zuen. Ia ehun urte zituenean, erromatar inperioarentzat hainbesteko mehatxua zen, non Patmoseko uhartean erbesteratu zuten. Zergatik? «Jainkoaren hitzarengatik eta Jesusen testigantza egiteagatik» (Ap 1:9). Fede eta leialtasun eredu bikaina ezarri zuen!
10. Nola erakusten dute Joanen idazkiek erreskatea estimatzen zuela?
10 Joanek bere biblia-liburuetan Jesus zenbait maite zuen eta erreskatea zenbat estimatzen zuen adierazten du. Ehun aldiz baino gehiagotan hitz egiten du erreskateari buruz edota erreskateari esker lortzen dugunari buruz. Adibidez, idatzi zuen: «Norbaitek bekatu egiten badu, badugu Laguntzailea Aitaren aurrean: zuzena den Jesu Kristo» (1 Jn 2:1, 2). Bere idazkietan «Jesusen lekukotasuna» ematearen garrantzia azpimarratzen du (Ap 19:10, BJU). Argi ikusten da Joanek erreskatea asko estimatzen zuela. Nola erakutsi dezakegu guk ere estimatzen dugula?
NOLA ERAKUTSI DEZAKEZU ERRESKATEA ESKERTZEN DUZULA?
11. Zerk lagunduko digu tentaldiei aurre egiten?
11 Aurre egin bekatu egiteko tentaldiari. Erreskatea benetan estimatzen badugu, ez dugu jarrera hau edukiko: «Ez dut gogor saiatu beharrik bekatu ez egiteko. Gaizki dagoen zerbait egiten badut, barkamena eskatzearekin nahikoa da». Horren ordez, gaizki dagoen zerbait egitera tentatuak gaudenean, honakoa esan dezakegu: «Ez! Nolatan egingo dut, bada, horrelakorik Jehobak eta Jesusek niregatik egindako guztiaren ondoren?». Gainera, Jehobari indarra emateko erregutu ahal diogu: «Ez utzi [ni] tentaldian erortzen» (Mt 6:13).
12. Nola jarraitu dezakegu 1 Joan 3:16-18 pasarteko aholkua?
12 Maitatu anai-arrebak. Hau egitean erreskatea estimatzen dugula ere erakusten dugu. Zergatik? Jesusek ez zuelako bere bizia guregatik bakarrik eman, baizik eta gure anai-arrebengatik ere eman zuelako. Jesus beraien alde hiltzeko prest egon zen. Beraz, argi dago asko maite dituela (Irakurri 1 Joan 3:16-18). Nola adierazi dezakegu gure anai-arrebak maite ditugula? Beraiekin jokatzen dugun moduarekin (Ef 4:29, 31-5:2). Adibidez, gaixo daudenean edo momentu latzak pasatzen dituztenean, lagundu egiten ditugu, baita hondamendi naturalak jasaten dituztenean ere. Baina, nola jokatu beharko genuke anaia edo arrebaren batek mintzen gaituen zerbait esan edo egiten badu?
13. Zergatik barkatu behar diogu batak besteari?
13 Ba al duzu erresumina sentitzeko joerarik? (Lb 19:18). Hala bada, aholku hau jarraitu: «Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri» (Kol 3:13). Gure anai-arrebak barkatzen ditugun bakoitzean, gure zeruko Aitari erreskatea benetan estimatzen dugula frogatzen diogu. Nola estimatu dezakegu are gehiago Jainkoak emandako opari hau?
NOLA ESTIMATU DEZAKEGU ARE GEHIAGO ERRESKATEA?
14. Zein da erreskatea are gehiago estimatzeko modu bat?
14 Eskertu Jehobari erreskatea. Indian bizi den Joanna izeneko 83 urteko arreba batek dio: «Nire otoitzetan egunero erreskatea aipatzea eta eskertzea oso garrantzitsua dela uste dut». Bakarka egiten dituzun otoitzetan, pentsatu egunean zehar egindako akats zehatzetan eta, orduan, Jehobari barkamena eskatu. Noski, bekatu larriren bat egin baduzu, adindunen laguntza beharko duzu. Arretaz entzun eta Biblian dauden aholku maitekorrak emango dizkizute. Zurekin egingo dute otoitz eta Jehobari zuri barkatzeko eskatuko diote berarekin zenuen harreman ona berreskuratzeko (St 5:14-16).
15. Zergatik hartu behar dugu erreskateari buruz irakurtzeko eta hausnartzeko denbora?
15 Erreskatean hausnartu. 73 urteko Rajamani izeneko arrebak dio: «Jesusek nola sufritu zuen irakurtzen dudan bakoitzean, begiak malkoz betetzen zaizkit». Seguruenik zu ere hunkituta sentituko zara Jainkoaren Semeak zenbat sufritu zuen pentsatzean. Jesusek egindako eskaintzan zenbat eta gehiago hausnartu, orduan eta handiagoa izango da berari eta bere Aitari diozun maitasuna. Erreskatean hausnartzen laguntzeko, zergatik ez duzu honi buruzko ikerketa proiektu bat egiten?
16. Nola laguntzen digu erreskateari buruz besteei irakasteak? (Ikusi azaleko irudia)
16 Erreskateari buruz besteei irakatsi. Erreskateari buruz besteei hitz egiten diegun bakoitzean, honi diogun estimua handitu egingo da. Jesusek guregatik zergatik hil behar izan zuen irakasteko tresna bikainak ditugu. Adibidez, Berri onak Jainkoaren eskutik! liburuxkako 4. ikasgaia erabili dezakegu: «Nor da Jesukristo?». Edo Zer irakasten digu Bibliak? liburuko 5. kapitulura jo dezakegu: «Erreskatea: Jainkoaren oparirik bikainena». Eta urtero Jesusen heriotzaren oroitzapenean egonez eta besteei gogo biziz gonbidatuz, erreskateari diogun estimua handitu egiten da. Jehobak bere Semeari buruz irakasteko ohore paregabea eman digu!
17. Zergatik da erreskatea Jainkoak gizadiari emandako oparirik bikainena?
17 Zalantzarik gabe erreskateari diogun estimua handitzeko arrazoi onak ditugu. Erreskateari esker, Jehobarekin adiskidetasun estua izan dezakegu inperfektuak izan arren. Erreskateari esker, Deabruaren ekintzak guztiz deuseztatuak izango dira (1 Jn 3:8). Erreskateari esker, Jehobak lurrarentzat hasieran zuen helburua beteko da. Lur osoa paradisu bihurtuko da. Han ezagutuko dituzun guztiek Jehoba maitatu eta zerbitzatuko dute. Beraz, bilatu egunero erreskatea estimatzen duzula erakusteko moduak, Jainkoak gizadiari emaniko oparirik bikainena baita!
sjj 20. KANTA Seme maitea eman duzu
a Zergatik sufritu behar izan zuen Jesusek heriotza krudela? Artikulu honek galdera hau erantzungo du. Ordainsaria edo erreskatea gehiago estimatzen ere lagunduko digu.
b Gaizkilea bizirik zegoen bitartean habean iltzatzea edo lotzea erromatarren ohitura zen. Jehobak bere Semeak horrelako heriotza izaten utzi zuen.
c IRUDIEN AZALPENAK: Anaia bakoitzak tentaldi bati egiten dio aurre: egokiak ez diren irudiak begiratzea, tabakoa erretzea eta legezkoa ez den eskupekoa onartzea.