1921 Duela Ehun Urte
«ZEIN da, orduan, urte honetarako gure aurrean daukagun lan zehatza?». 1921eko urtarrilaren 1eko aldizkari honen ingelesezko aleak galdera hau egin zien Bibliaren Ikasle gogotsuei. Isaias 61:1, 2 pasarteko hitzekin emandako erantzunak, berri onak predikatzeko eginkizuna gogorarazten zien: «Jaunak sagaratu bainau; berak nau bidali behartsuei berri ona hots egitera [...] eta mendekatuko den eguna iragartzera».
PREDIKATZAILE AUSARTAK
Beraien eginkizuna ondo betetzeko, Bibliaren Ikasleak ausartak izan behar ziren. Behartsu edo apalei berri ona hots egiteaz gain, gaiztoei mendeku-eguna ere iragarri behar zieten.
Kanadan bizi zen John Hoskin anaiak oposizioa izan arren, beldurrik gabe eman zuen testigantza. 1921eko udaberrian, predikatzaile metodista batekin egin zuen topo. Hoskin anaiak elkarrizketa honakoa esanez hasi zuen: «Bibliari buruz elkarrizketa atsegina izan behar genuke eta, gauza batzuetan ados ez egon arren, ados ez egotearekin ados egon gaitezke eta lagunak bezala agur esan». Baina ez zen hori gertatu. Hoskin anaiak kontatu zuen: «Minutu gutxi batzuk bakarrik hitz egin ondoren, predikatzaileak atea sekulako danbatekoa emanez itxi zuen. Ateko leihatila lurrera eroriko zela pentsatu nuen».
«Zergatik ez zara fedegabeei hitz egitera joaten?» oihukatu zuen predikatzaileak. Hoskin anaiak mihiari eutsi zion, baina joaten ari zenean, pentsatu zuen: «Horietako batekin hizketan ari nintzela esango nuke!».
Hurrengo eguneko sermoian predikatzailearen erasoak jarraitu egin zuen. «Herri horretara etorritako gezurti galantena nintzela eta tiro bat merezi nuela esan zion bere artaldeari» gogoratu zuen Hoskin anaiak. Baina honek ez zuen geldiarazi, eta predikatzen eta jende askorekin hitz egiten jarraitu zuen. Berak esan zuen: «Inoiz baino gehiago gozatu nuen predikatzen. Batzuek “badakit Jainkoaren gizona zarela” esan zidaten eta behar nuen edozer gauzarekin laguntzeko eskaini ziren».
IKASKETA PERTSONALA ETA FAMILIAKOA
Jendeari Biblia hobeto ulertzen laguntzeko, Bibliaren Ikasleek gaur egun ¡Despertad! (Réveillez vous !) izenez ezaguna den aldizkarian, gurasoek haurrekin aztertzeko Bibliari buruzko galdera eta erantzunak argitaratu ohi zituzten. Gurasoek «haurrei galderak egin eta erantzunak Biblian aurkitzen» laguntzen zieten. Galdera batzuk oinarrizko gauzei buruzkoak ziren, adibidez: «Zenbat liburu ditu Bibliak?». Beste batzuek gazteei predikatzaile ausartak izaten laguntzen zieten, esaterako: «Benetako kristau guztiok espero behar al dugu nolabait pertsegituak izatea?».
Dagoeneko biblia-ezagutza gehiago zutenentzako galdera eta erantzunak ere bazeuden. Erantzunak Studies in the Scriptures (Idazkien Ikasketak) lehenengo liburukian aurkitu zitezkeen. Irakurle askok gauza asko ikasi zituzten galdera hauei esker, baina galdera horiek argitaratzeari utziko ziotela iragarri zen. Zergatik bat-bateko aldaketa hori?
LIBURU BERRIA!
Aurrea zeramaten anaiak biblia-ikasle berriek oinarrizko egiak modu antolatu batean ikasi behar zituztela konturatu ziren. Horretarako, El Arpa de Dios (La Harpe de Dieu) liburua argitaratu zuten 1921eko azaroan. Interesa erakutsi zutenek beraien kabuz liburuarekin ikastaroa egin zezaketen. Ikastaro honekin, gizakiok betiko bizi ahal izateko Jainkoaren asmoari buruz ikasi zezaketen. Nolakoa zen ikastaro hau?
Norbaitek liburuaren ale bat onartzen zuenean, honekin batera zer orrialde irakurri behar zituen azaltzen zuen txarteltxo bat jasotzen zuen. Hurrengo astean, irakurritakoari buruzko galderak zituen beste txarteltxo bat jasotzen zuen posta bidez. Honen amaieran, hurrengo asterako zer irakurri behar zuen esaten zen.
12 astetan zehar, astero-astero, ikasleak inguruko kongregazioak bidalitako txartel berri bat jasotzen zuen. Askotan, kongregazioko edadetuek edo etxez etxe joaterik ez zutenek bidaltzen zituzten txartelak. Adibidez, Pennsylvania estatuko Millvale herriko Anna Gardnerrek honakoa gogoratzen zuen: «Liburua argitaratu zenean, elbarriturik zegoen nire ahizpa Thayle-k lan gehiago izan zuen: astero-astero galdera txartelak bidaltzea». Norbaitek ikastaroa bukatzen zuenean, kongregazioko anaia edo arreba batek bisitatzen zuen Bibliari buruz gehiago ikasten laguntzeko.
AURREAN ZUTEN LANA
Urtearen amaieran Joseph Rutherford anaiak gutun bat bidali zien kongregazio guztiei. Berak esan zuen: «Aurten Erreinuari buruz emandako testigantzak aurreko urteetan baino askoz jende gehiagori lagundu dio». Gainera, hau ere esan zuen: «Lan asko dago egiteko. Animatu guztiak lan zoragarri honetan parte hartzera». Argi dago Bibliaren Ikasleek berak esandakoa egin zutela. 1922an, ausardiaz, inoiz baino gehiago predikatu zuten Erreinuari buruz.