20. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Hobetu ditzagun gure otoitzak
«Zabaldu hari zeuen bihotza!» (SAL 62:9 [62:8, NWT]).
sjj 45. KANTA Bihotzeko gogoetak
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1. Zer egitera gonbidatzen gaitu Jehobak? (Ikusi irudia ere)
NORENGANA jo dezakegu kontsolamendu eta gida bila? Gure Jainko Jehobarengana. Badakigu berari otoitz egin ahal diogula. Izan ere, berari etengabe otoitz egitera gonbidatzen gaitu (1 Ts 5:17). Askatasun osoz egin ahal diogu otoitz eta bere gida bilatu dezakegu bizitzako arlo guztietarako (Es 3:5, 6). Gainera, Jehoba Jainko eskuzabala denez, nahi dugun guztietan egin ahal diogu otoitz.
2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Zenbat estimatzen dugun Jehobak eman digun opari hau, otoitza! Hala ere, oso lanpetuta bizi garenez, agian zaila egiten zaigu otoitz egiteko denbora topatzea. Bestalde, gure otoitzak hobetu behar ditugula ere sentitu dezakegu. Horregatik, asko eskertzen dugu Bibliak ematen digun animoa eta gida. Eta hori da artikulu honetan aztertuko duguna. Alde batetik, Jesusen ereduan sakonduz, otoitz egiteko denbora dugula nola ziurtatu dezakegun ikusiko dugu. Bestetik, gure otoitzak nola hobetu ditzakegun aztertuko dugu. Horretarako, gure otoitzetan aipatu ditzakegun bost ideia inportante ikusiko ditugu.
JESUSEK OTOITZ EGITEKO DENBORA HARTU ZUEN
3. Zer zekien Jesusek otoitzei buruz?
3 Jesusek bazekien gure otoitzak zein garrantzitsuak diren Jehobarentzat. Zeruan egon zenean, Jehobak bere zerbitzari leialen otoitzak nola erantzun zituen ikusi zuen. Adibidez, Jesus bere Aitaren aldamenean egon zen Jehobak Ana, Dabid, Elias eta beste askoren otoitzak erantzun zituenean (1 Sm 1:10, 11, 20; 1 Erg 19:4-6; Sal 32:5). Beraz, argi dago zergatik irakatsi zien Jesusek bere jarraitzaileei konfiantza osoz eta sarritan otoitz egiten (Mt 7:7-11).
4. Zer ikasten dugu Jesusen otoitzetatik?
4 Jesusek eredu bikaina jarri zien bere jarraitzaileei Jehobari egin zizkion otoitzekin. Lurrean burututako zerbitzuan zehar, maiz egin zuen otoitz. Berak otoitz egiteko denbora hartu behar izaten zuen, askotan lanpetuta eta jendez inguraturik egoten zelako (Mk 6:31, 45, 46). Beste batzuetan, goizean goiz jaikiz, bakarrik egoteko uneak bilatzen zituen (Mk 1:35). Gutxienez behin, gau oso bat otoitzean pasa zuen erabaki garrantzitsu bat hartu aurretik (Lk 6:12, 13). Eta hil aurreko gauean, behin eta berriz egin zuen otoitz lurrean izan zuen eginkizun zailena bete ahal izateko (Mt 26:39, 42, 44).
5. Nola imitatu dezakegu Jesus?
5 Zer erakusten digu Jesusen ereduak? Zein lanpetuta gauden axola gabe, otoitz egiteko denbora hartu behar dugula. Jesusek bezala, agian otoitz egiteko denbora gorde beharko dugu, beharbada, goizean lehenago jaikiz edo gauean beranduago oheratuz. Horrela egitean, opari berezi hau asko estimatzen dugula erakusten diogu Jehobari. Lynne izeneko arreba bat oso hunkituta sentitu zen otoitz egitearen ohoreari buruz lehen aldiz ikasi zuenean: «Jehobarekin edozein momentutan hitz egin ahal nuela jakiteak, bera nire lagun handia bezala ikusten lagundu zidan. Horregatik, nire otoitzak hobetu nahi ditut». Dudarik gabe, gutako asko berdin sentitzen gara. Beraz, azter ditzagun gure otoitzetan aipatu ditzakegun bost ideia inportante.
OTOITZETAN AIPATU DITZAKEGUN BOST IDEIA INPORTANTE
6. Apokalipsia 4:10, 11ren arabera, zer jasotzea merezi du Jehobak?
6 Goratu Jehoba. Ikuskari txundigarri batean, Joan apostoluak gantzutuak ikusi zituen zeruan Jehoba adoratzen. Jainkoa goratzen ari ziren «aintza, ohorea eta ahalmena» jasotzea merezi duela aitortuz (Irakurri Apokalipsia 4:10, 11). Aingeru leialek ere Jehoba goratzeko eta berari ohorea emateko arrazoiak dituzte. Zeruan Jehobarekin bizi direnez, ondo ezagutzen dute. Bere ezaugarriak bere ekintzetan ikusten dituzte. Ondorioz, Jehoba goratzera bultzatuta sentitzen dira (Jb 38:4-7).
7. Zerengatik goratu dezakegu Jehoba otoitzetan?
7 Guk ere Jehoba goratu nahi dugu gure otoitzetan, bera zenbat maite eta estimatzen dugun adieraziz. Beraz, Biblia irakurtzen eta aztertzen duzun heinean, saiatu zure bihotza bereziki ukitzen duten Jehobaren ezaugarriak identifikatzen (Jb 37:23; Erm 11:33). Ondoren, kontatu Jehobari ezaugarri hauek nola sentiarazten zaituzten. Gainera, Jehoba goratu dezakezu zure eta anai-arreben alde egiten duen guztiarengatik. Hor dago beti, gu zaintzen eta babesten (1 Sm 1:27; 2:1, 2).
8. Zeintzuk dira Jehobari eskerrak emateko ditugun arrazoi batzuk? (1 Tesalonikarrei 5:18)
8 Eskerrak eman. Jehobari eskerrak emateko arrazoi asko ditugu (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:18). Dauzkagun gauza on guztiengatik eskerrak eman ahal dizkiogu; azken finean, berarengandik datoz (St 1:17). Adibidez, esker ona adierazi nahi diogu eman digun lur zoragarri honengatik eta sortu dituen beste gauza miresgarriengatik, baita bizia, familia, lagunak eta itxaropenagatik ere. Gainera, asko eskertu nahi diogu bere lagunak izateko dugun ohore paregabeagatik.
9. Zergatik landu behar dugu Jehobari diogun esker ona?
9 Ikusi dugun moduan, Jehobari eskerrak emateko arrazoi asko ditugu. Baina, agian, ahalegin bereziak egin behar ditugu hauetan pentsatzeko. Zergatik? Esker txarreko jendez inguraturik bizi garelako. Izan ere, pertsona asko, sarritan, lortu nahi dituzten gauzetan zentratzen dira eta ez dute estimatzen dagoeneko daukatena. Jarrera honek kutsatzen bagaitu, gure otoitzak eskaera zerrendak bihurtu daitezke. Beraz, hau gertatu ez dadin, Jehobak gure alde egiten duen guztiarengatik esker ona lantzen eta adierazten jarraitu behar dugu (Lk 6:45).
10. Nola lagundu zion irauten arreba bati esker onekoa izateak? (Ikusi irudia ere)
10 Esker ona adierazteak zailtasunei aurre egiten lagundu gaitzake. Aztertu dezagun Kyung-sook arrebaren bizipena.b Biriketako kantzer aurreratua diagnostikatu zioten. «Osasun arazo honek asko desanimatu ninduen», esan zuen berak. «Dena galdu nuela sentitu nuen, eta oso beldurtuta nengoen». Zerk lagundu zion aurrera egiten? Gauero, ohera sartu aurretik, ozenki egiten zuen otoitz egun hartan gertatutako bost gauzengatik eskerrak emateko. Honek antsietate gutxiago izaten eta Jehobari zion maitasuna adierazten lagundu zion. Jehobak bere zerbitzari leialak zailtasunen aurrean nola eusten dituen ere sentitu zuen. Gainera, zailtasunak izan arren, jasotako bedeinkapenak gehiago direla konturatu zen. Arreba honek bezala, nahiz eta zailtasunak izan, Jehobari eskerrak emateko arrazoi asko ditugu. Otoitzean esker ona adierazteak irauten eta oreka emozionala mantentzen lagundu gaitzake.
11. Zergatik behar izan zuten ausardia Jesusen jarraitzaileek Jesus zerura itzuli ondoren?
11 Predikatzeko ausardia eskatu. Justu zerura bueltatu aurretik, Jesusek bere jarraitzaileei jaso zuten eginkizuna gogoratu zien: testigantza «Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren bazterreraino» ematea (Eg 1:8; Lk 24:46-48). Handik gutxira, judutarren erlijio buruek Pedro eta Joan apostoluak atxilotu eta Sanedrinera eraman zituzten. Bertan, predikatzeari uzteko esateaz gain, mehatxatu egin zituzten (Eg 4:18, 21). Nola erantzun zuten Pedro eta Joanek?
12. Eginak 4:29, 31ren arabera, zer egin zuten jarraitzaileek?
12 Begira zein izan zen Pedro eta Joanen erantzuna: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ote den guk zuen esana egitea harena egin ordez. Guk ezin dugu, inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde» (Eg 4:19, 20). Pedro eta Joan aske utzi zituztenean, jarraitzaileek otoitz egin zioten Jehobari bere nahia egiteko laguntza eskatuz: «Emaguzu zeure zerbitzarioi zure hitza ausardia osoz predikatzea». Jehobak bihotzez egindako otoitz hura erantzun zuen (Irakurri Eginak 4:29, 31).
13. Zer ikasi dezakegu Jin-hyuk anaiaren eredutik?
13 Nahiz eta agintariek predikatzea debekatu, hau egiten jarraitzen dugu Jesusen jarraitzaileak imitatuz. Ikus dezagun Jin-hyuk anaiaren eredua. Neutral mantentzeagatik kartzelan sartu zuten eta, bertan zegoela, isolatuta zeuden presoak zaintzeko ardura eman zioten. Presoekin Bibliaz hitz egitea debekatua zuenez, Jehobari otoitz egin zion, ausardiaz eta kontu handiz aukera guztiak aprobetxatzeko laguntza eskatuz (Eg 5:29). Berak esaten du: «Jehobak otoitzak erantzun zizkidan ausardia eta jakinduria emanez. Horrela, bost minututako Biblia ikastaro asko hasi ahal izan nituen zeldetako ateetan bertan. Ondoren, gauean, gutunak idazten nituen hurrengo egunean presoei emateko». Gu ere ziur egon gaitezke Jehobak predikazioan lagunduko gaituela. Jin-hyuk anaiak bezala, otoitzean ausardia eta jakinduria eskatu ditzakegu.
14. Zerk lagundu gaitzake arazoei aurre egitean? (37. Salmoa 3, 5)
14 Arazoei aurre egiteko laguntza eskatu. Gutako askok arazo hauei egiten diegu aurre: gaixotasunen bat, arazo emozionalak, maite dugun norbaiten heriotza, familian egon daitezkeen egoera zailak edo pertsekuzioa, besteak beste. Gainera, pandemiek eta gerrek arazo hauek oraindik gehiago zaildu dituzte. Beraz, kontatu Jehobari nola sentitzen zaren. Hitz egin berarekin zure egoeraz, lagun min batekin hitz egiten egongo bazina bezala. Ziur egon Jehobak lagunduko zaituela (Irakurri 37. Salmoa 3, 5).
15. Nola lagundu gaitzake otoitzak zailtasunen aurrean irauten? Eman adibide bat.
15 Etengabe otoitz egiteak zailtasunen aurrean irauten lagundu gaitzake (Erm 12:12). Jehobak bere zerbitzari leialek dituzten zailtasunak ezagutzen ditu eta «haien oihuak entzun […] egiten ditu» (Sal 145:18, 19). 29 urte dituen Kristie izeneko aitzindari batek hala dela ikusi zuen. Bat-batean, osasun arazo larriak izaten hasi zen eta, ondorioz, depresio sakonean erori zen. Beranduago, bere amari gaixotasun terminal bat diagnostikatu zioten. Kristiek kontatzen digu: «Sutsuki egin nion otoitz Jehobari egunez egun aurrera jarraitzeko indarra eskatuz. Errutina espirituala mantentzen saiatu nintzen, bileretara joanez eta ikasketa pertsonala eginez». Gainera, hau ere esaten du: «Otoitzak tinko mantentzen lagundu zidan une latzenetan zehar. Banekien Jehoba beti nirekin zegoela, eta horrek sekulako kontsolamendua ematen zidan. Arazoak berehala desagertu ez ziren arren, Jehobak nire otoitzak erantzun zituen barneko bakea eta lasaitasuna emanez». Inoiz ez dezagun ahaztu Jehobak badakiela zintzoak probaldietatik ateratzen (2 P 2:9).
16. Zergatik behar dugu Jehobaren laguntza tentazioei aurre egiteko?
16 Tentazioei aurre egiteko laguntza eskatu. Inperfektuak garenez, etengabeko borroka dugu tentazioetan ez erortzeko. Gainera, Satanasek ahal duen guztia egiten du etengabeko borroka hau ahalik eta gogorrena izan dadin. Horregatik, moralgabea den entretenimendua erabiltzen du gure pentsaera usteltzeko asmoz. Entretenimendu mota honekin gure burua pentsamendu zikinez bete daiteke, eta hauek gure bihotzean eragina izan dezakete, bekatu larri bat egitera bultzatuz (Mk 7:21-23; St 1:14, 15).
17. Otoitzean laguntza eskatu ondoren, zer egin behar dugu tentazioak saihesteko? (Ikusi irudia ere)
17 Jehobaren laguntza behar dugu tentazioei aurre egiteko. Horregatik, Jesusek eskaera hau egin zuen aitagurean: «Ez utzi gu tentaldian erortzen, eta gorde gaitzazu gaiztoarengandik» (Mt 6:13). Jehobak lagundu nahi gaitu. Baina, horretarako, bere laguntza eskatu behar diogu, eta ahal duguna egin behar dugu tentazioak saihesteko. Orduan, neurri praktikoak hartu behar ditugu Satanasen sisteman zabalduta dauden pentsaera eta ideiek gugan ahalik eta eraginik txikiena izateko (Sal 97:10). Bestalde, gure burua gauza onez bete dezakegu Biblia irakurriz eta aztertuz. Gainera, bileretara joateak eta predikazioan parte hartzeak gure pentsaera babestuko dute. Horrela egiten badugu, guretzat jasatea ezinezkoa den tentaziorik ez dugula izango promesten digu Jehobak (1 Ko 10:12, 13).
18. Zer egin behar dugu guztiok?
18 Gutako bakoitzak inoiz baino gehiago egin behar du otoitz Jehobari leial izateko azken egun zail hauetan. Beraz, hartu denbora egunero-egunero bihotzez otoitz egiteko. Jehobak gure bihotza berari zabaltzea nahi du (Sal 62:9 [62:8, NWT]). Goratu Jehoba eta eman eskerrak egiten duen guztiarengatik. Eskatu laguntza Jehobari predikazioan ausart izateko eta edozein arazo edo tentaziori aurre egiteko. Egin otoitz erregularki, eta ez zaitzala ezerk edo inork geldiarazi. Baina, nola erantzuten ditu Jehobak gure otoitzak? Hori da datorren artikuluan ikusiko duguna.
sn 6. KANTA Jainkoaren zerbitzariaren otoitza
a Gure otoitzak lagun min bati bihotzez idazten dizkiogun gutunak bezalakoak izatea nahi dugu. Hala ere, ez da beti erraza izaten otoitz egiteko denbora hartzea. Bestalde, zaila izan daiteke otoitzetan zeri buruz hitz egin jakitea. Artikulu honetan, bi ideia garrantzitsu hauei buruz hitz egingo dugu.
b Aldizkari honetako 2015eko urtarrilak 1eko alea.