Irakurleen galderak
Jesusek Jaunaren Azken Afaria ezarri zuenean, non zeuden lehenago predikatzera bidali zituen 70 dizipuluak? Jesus abandonatu al zuten?
Jesusek Jaunaren Azken Afaria ezarri zuenean, 70 dizipuluak ez zeuden bertan. Baina horrek ez du esan nahi Jesusek 70 dizipulu horiek onartzen ez zituenik, ezta Jesus abandonatu zutenik ere. Momentu berezi horretan, Jesusek bere apostoluekin egon nahi zuen, besterik ez.
Bai 12ak, baita 70ak ere, Jesusen dizipuluak ziren. Bere dizipulu guztietatik, Jesusek 12 gizon aukeratu zituen, eta hauei apostolu deitu zien (Luk. 6:12-16). Behin, Galilean zegoela, Jesusek «Hamabiak elkartu» eta «Jainkoaren Erreinua predikatzera eta gaixoak sendatzera bidali zituen» (Luk. 9:1-6). Beranduago, Judeara jaistean, Jesusek «beste 70 aukeratu eta bere aurretik binaka bidali zituen» (Luk. 9:51; 10:1). Ondorioz, Jesusek zonalde ezberdinetan predikatzen zuten dizipuluak zituen.
Jesusen dizipulu bihurtu ziren juduek Pazkoa ospatzen jarraitzen zuten urtero, seguruenik beraien familiekin batera (Irt. 12:6-11, 17-20). Jesusen heriotza hurbiltzen ari zenean, bera eta bere apostoluak Jerusalemera joan ziren. Hala ere, Jesusek ez zien Judeako, Galileako eta Pereako dizipulu guztiei elkarrekin Pazkoa ospatzeko eskatu. Dirudienez, momentu berezi horretan, Jesusek bere apostoluekin egon nahi zuen. Berak esan zien: «Gogo handia nuen, nire sufrimendua hasi baino lehen, zuekin Pazko afari hau jateko» (Luk. 22:15).
Jesusek horretarako arrazoi on bat izan zuen. Laster, munduaren bekatua kentzen duen «Jainkoaren Bildotsa» bezala hilko zen (Joan 1:29). Bera Jerusalemen hilko zen, denbora luzez Jainkoari sakrifizioak eskaini zitzaizkion tokian. Pazko bildotsak Jehobak Egiptotik askatu zituela gogorarazten zien israeldarrei. Baina Jesusek bere sakrifizioarekin askoz gehiago lortuko zuen: gizaki guztiak bekatu eta heriotzatik askatzea (1 Ko. 5:7, 8). Jesusen sakrifizioari esker, 12 apostoluak kristau kongregazioaren oinarriaren parte izango ziren (Efe. 2:20-22). Interesgarria da Jerusalem hiri santuak «hamabi oinarri» dituela eta «hauetan idatziak Bildotsaren hamabi apostoluen izenak» daudela jakitea (Ap. 21:10-14). Beraz, apostolu leialek eginkizun inportante bat izango zuten Jainkoaren helburuan. Horregatik, ulertzekoa da azken Pazko horretan Jesusek beraiekin egon nahi izatea, baita jarraian izango zuten Jaunaren Azken Afarian ere.
70ak eta beste dizipuluak ez zeuden Jesusekin afari hartan. Hala ere, Jesusek gau hartan ezarri zuen Jaunaren Azken Afaria onuragarria izango zen leialak izango ziren dizipulu guztientzat. Denborarekin, kristau gantzutu bihurtuko ziren guztiak, eta Jesusek gau hartan bere apostoluei aipatutako Erreinu baterako itunean sartu ahal izango ziren (Luk. 22:29, 30).