ERANSKINA
1914: Urte garrantzitsua biblia-profezietan
1914. URTEA iritsi aurretik, biblia-ikasle talde batek urte hartan esanahiez beteriko gertaerak izango zirela aditzera eman zuen. Zeintzuk dira gertaera hauek? Zerk frogatzen du 1914. urtea garrantzitsua izan zela?
Lukas 21:24an honakoa esan zuen Jesusek: «Jerusalem jentilek zapalduko dute, jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia erabat bete arte». Jerusalem judutarren hiriburua izan zen. Bertan Dabid erregearen errotik zetozen erregeek agintzen zuten (48. Salmoa 2, 3 [48:1, 2, NW]). Errege hauek beste agintarien aldean bereziak ziren, «Jaunaren [Jehobaren] errege-aulkian» esertzen baitziren, Jehobaren ordezkari izanik (1 Kronikak 29:23). Beraz, Jerusalem Jehobaren agintearen ikurra zen.
Noiz eta nola izango zen Jainkoaren agintea «jentilek zapaldu[a]»? Hori K.a. 607. urtean gertatu zen, babiloniarrek Jerusalem konkistatu zutenean. «Jaunaren [Jehobaren] errege-aulkia» hutsik gelditu zen eta, beraz, Dabiden errotik zetozen erregeen ondorengotza eten egin zen (2 Erregeak 25:1-26). Betiko izango al zen zapalketa hori? Ez, Gabriel aingeruak Mariari honakoa esan baitzion Jesusi buruz: «Bere aita Dabiden tronua emango dio Jainko Jaunak» (Lukas 1:32, 33). Beraz, zapalketa Jesus Errege bilakatzean amaituko zen.
Noiz izan zen gertakari garrantzitsu hori? Jesusek jentilek denboraldi zehatz batean aginduko zutela azaldu zuen. Daniel 4an agertzen den informazioari esker, denboraldi horrek zenbat iraungo zuen jakin dezakegu. Nabukodonosor, Babiloniako erregeari amets baten bidez emaniko profezia idatzirik dago bertan. Amets hartan, zuhaitz erraldoi bat bota zutela ikusi zuen errege honek. Zuhaitz-ondoa burdinez eta kobrez eginiko kateez loturik zegoenez, ezin zen hazi. Zuhaitz-ondoak egoera horretan «zazpi urte» igaro beharko zituela esan zuen aingeru batek (Daniel 4:7-13 [4:10-16, NW]).
Zuhaitzek, batzuetan, agintaritza irudikatzen dute Biblian (Ezekiel 17:22-24; 31:2-5). Beraz, zer esan nahi du zuhaitz sinbolikoa botatzeak? Jainkoaren agintea, Jerusalemgo erregeen bidez irudikatua zegoena, eten egingo zela. Hala ere, ikuskariak Jerusalemen zapalketa aldi baterako izango zela azaltzen du: «zazpi urte[ko]» denboraldia. Zenbat irauten du denboraldi honek?
Apokalipsia 12:6, 14ak hiru urte eta erdi «mila berrehun eta hirurogei egun» direla erakusten du. «Zazpi urte[ek]», orduan, honen bikoitza iraungo zuten, hau da, 2.520 egun. Baina zerbait gertatu al zen Jerusalem konkistatua izan eta 2.520 egun igaro zirenean? Ez, jentilek oraindik ez zuten eten Jainkoaren agintearen zapalketa. Argi dago, beraz, profezia honen betetzea denbora luzeagoan zabaltzen dela. Zenbakiak 14:34 eta Ezekiel 4:6an arau hau adierazten da: egun bakoitzeko urte bat. Arau hau oinarritzat hartuta, profeziako «zazpi urte» horiek 2.520 urte irauten dute.
Dabiden errotik zetorren erregea agintetik kendu zutenean hasi ziren 2.520 urteak kontatzen. Hori K.a. 607. urteko urrian, Jerusalem babiloniarren esku gelditu zenean gertatu zen. Beraz, 2.520 urteak 1914. urteko urrian amaitu ziren. Garai horretan, «jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia» amaitu eta Jainkoaren Erreinuko errege izan zen ezarria Jesu Kristoa (2. Salmoa 1-6; Daniel 7:13, 14).
Jesusek, bera errege bilakatuko zenean gertakari ikusgarriak izango zirela iragarri zuen. Horien artean gerrak, goseteak, lurrikarak eta izurriteak izango ziren (Mateo 24:3-8; Lukas 21:11). Eta hala gertatu da. 1914. urtean Jainkoaren Erreinua zeruan agintzen hasi zela argi eta garbi frogatu dute gertakari horiek. Eta era berean, mundu gaizto honen «azken egun[ak]» hasi zirela agerian utzi dute (2 Timoteori 3:1-5).
a Kristo aurreko 607. urteko urritik K.a. 1. urtera 606 urte daude. Zero urterik ez dagoenez, K.a. 1. urteko urritik K.o. 1914. urteko urrira, 1.914 urte daude. 606 urteri 1.914 urte gehituz gero, 2.520 urte ditugu. Kristo aurreko 607. urtean gertatu zen Jerusalemgo konkistari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazu Perspicacia para comprender las Escrituras liburuko Cronología artikulura, Jehobaren lekukoek argitaratua.