50. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Entzun artzain onaren ahotsa
«Nire ahotsa entzungo dute» (JN 10:16).
sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1. Zein izan zitekeen Jesusek bere jarraitzaileak ardiekin konparatzeko arrazoietako bat?
JESUSEK bere ikasleekin zuen harremana artzain batek bere ardiekin duen lotura estuarekin parekatu zuen (Jn 10:14). Konparaketa oso ona da hau. Ardiek beraien artzaina ezagutu eta bere ahotsari kasu egiten diote. Bidaiari batek behin gertu-gertutik ikusi zuen hau: «Ardi batzuen argazkiak atera nahi genituen eta guregana gerturatu zitezen saiatu ginen. Gure ahotsa ez zutenez ezagutzen, ez ziguten kasurik egin. Orduan, artzaina etorri zen; mutikotxo bat zen eta deitu bezain pronto denek jarraitu zioten».
2, 3. a) Nola erakusten dute Jesusen jarraitzaileek bere ahotsa entzuten ari direla? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan eta hurrengoan?
2 Bidaiari honek bizitakoak Jesusek bere ardiei, hau da, bere ikasleei buruz esandakoa gogorarazten digu: «Nire ahotsa entzungo dute» (Jn 10:16). Baina Jesus orain zeruan dago. Nola erakutsi dezakegu bere ahotsa entzuten ari garela? Gure eguneroko bizitzan irakatsi zuena praktikan jarriz (Mt 7:24, 25).
3 Artikulu honetan eta hurrengoan, Jesusen irakaspen batzuk aztertuko ditugu. Ikusiko dugun bezala, artzain onak gauza zehatz batzuk egiteari utzi behar diogula irakatsi zigun eta beste batzuk, aldiz, egin behar ditugula. Lehenengo, azter ditzagun egiteari uzteko eskatzen digun bi gauza zehatz.
UTZI KEZKATUEGI EGOTEARI
4. Lukas 12:29aren arabera, zergatik egon gaitezke kezkatuegi?
4 Irakurri Lukas 12:29. Jesusek bere jarraitzaileei gauza materialen bila larri ez ibiltzeko eskatu zien. Jatorrizko hizkuntzan adierazpen hau horrela ere itzuli daiteke: «Utzi kezkatuegi egoteari». Badakigu Jesusen aholkua beti zentzuzkoa eta zuzena dela. Praktikan jarri nahi dugu, baina batzuetan zaila egiten zaigu. Zergatik?
5. Zergatik kezkatu daitezke batzuk behar materialengatik?
5 Batzuentzat kezka handia da janaria, arropa eta bizitzeko toki bat lortu ahal izatea. Agian herrialdeko egoera ekonomikoa txarra da eta familia zaintzeko diru nahikoa irabaztea zaila egiten zaie. Beharbada etxera soldata ekartzen zuena hil egin da eta familia beharrean geratu da. COVID-19 pandemia dela eta, askok lana eta diru-sarrerak galdu dituzte (Koh 9:11). Honelako edo antzeko zerbait bizi izan badugu, nola jarraitu dezakegu Jesusek esandakoa eta kezkatuta egoteari utzi?
6. Zer gertatu zitzaion behin Pedro apostoluari?
6 Behin, Pedro eta beste apostoluak ekaitz batek harrapatu zituen Galileako itsasoan txalupa batean zeuden bitartean. Orduan, Jesus uraren gainean ikusi zuten oinez. Pedrok esan zuen: «Jauna, benetan zeu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko». Jesusek «zatoz» esan eta gero, Pedro ontzitik jaitsi eta «Jesusengana abiatu zen ur gainean oinez». Begira zer gertatu zen orduan: «Haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion, eta, hondoratzen hasi zelarik, deiadar egin zuen: “Jauna, salba nazazu”». Jesusek eskua luzatu eta salbatu egin zuen. Azpimarratzekoa da Pedrok arreta guztia Jesusengan jarri zuen bitartean, ur gainean ibiltzeko gai izan zela. Baina ekaitzari begira hasi zenean, izutu eta hondoratzen hasi zen (Mt 14:24-31).
7. Zer ikasi dezakegu Pedrori gertatutakotik?
7 Asko ikasi dezakegu Pedrori gertatutakotik. Ontzitik atera zenean, Pedrok ez zuen espero arreta galdu eta hondoratzen hasiko zenik. Bere Maisuarengana iritsi arte ur gainean ibili nahi zuen. Baina begiak Jesusengan ipini beharrean, ekaitzean ipini zituen. Gaur egun, ezin dugu ur gainean ibili, baina baditugu fede probak. Jehoba eta bere promesak begi bistan ez baditugu, espiritualki hondoratzen hasiko gara. Bizitzan izango ditugu, bai, ekaitzak. Baina jarri ditzagun begiak Jehobarengan eta gu laguntzeko duen gaitasunean. Nola?
8. Zerk lagundu gaitzake bizitzeko behar dugunaz gehiegi ez kezkatzen?
8 Kezkak konfiantzarekin ordezkatu behar ditugu. Honek mesede handia egingo digu. Gure Aita maiteak, Jehobak, gauza espiritualak lehen tokian jartzen baditugu, materialki behar duguna emango digula promestu du (Mt 6:32, 33). Kontuan izan promesa hori beti bete duela (Dt 8:4, 15, 16; Sal 37:25). Txoriei eta loreei behar dutena ematen badie, ez dugu jana edo arropaz kezkatzeko arrazoirik! (Mt 6:26-30; Flp 4:6, 7). Gurasoek, maitasunak bultzatuta, beraien seme-alabei bizitzeko behar dutena ematen diete. Era berean, gure zeruko Aitak, maitasunak bultzatuta, bere herriarekin berdin egiten du. Bai, Jehobak zainduko gaitu! Ez dago zalantza izpirik!
9. Zer ikasi dezakegu bikote baten bizipenetik?
9 Jehobak nola zaintzen gaituen ikusteko, pentsatu dezagun bizipen honetan. Aitzindari bikote batek ordubeteko bidaia egin zuen bere auto zaharrean errefuxiatu gune bateko arreba batzuk bilerara eramateko. Anaiak dio: «Bilera ondoren, arrebak etxean zerbait jatera gonbidatu genituen, baina orduan konturatu ginen ez genuela eskaintzeko ezer». Zer egingo zuten? «Etxera iristean, ate aurrean janariz betetako bi poltsa handi aurkitu genituen. Ez genekien nork utzi zituen han. Jehobak zaindu gintuen». Beranduago, autoa hondatu zitzaien. Predikatzeko behar zuten, baina ez zuten konpontzeko dirurik. Autoa tailerrean zegoela, gizon bat handik pasa eta galdetu zuen: «Norena da auto hori?». Anaiak berea zela baina konponketak behar zituela esan zion. Gizonak erantzun zion: «Ez dio inporta. Nire emazteak horrelako autoa nahi du. Kolore horretakoa gainera. Zenbat autoaren truke?». Anaiak beste auto bat erosteko nahiko diru lortu zuen. Aitortu zuen: «Egunaren amaieran, ez dakizue zein pozik sentitzen ginen. Bagenekien hau ez zela kasualitate hutsa. Jehobaren eskua hortxe zegoen».
10. Nola animatzen gaitu 37. Salmoa 5ak behar dugunari buruz gehiegi ez kezkatzen?
10 Artzain onari entzuten diogunean eta bizitzarako behar dugunari buruz kezkatuegi egoteari uzten badiogu, ziur egon gaitezke Jehobak zainduko gaituela (Irakurri 37. Salmoa 5; 1 P 5:7). Pentsa ezazu 5. paragrafoan aipatutako zailtasunetan. Agian, orain arte, Jehobak familiaburua edo laneko nagusia erabili du eguneroko beharrak asetzeko. Familiaburuak jadanik behar duguna ezin badigu eman edo lana galtzen badugu, Jehobak modu batera edo bestera zainduko gaitu. Ziurtasun osoa izan dezakegu. Zer gehiago egiteari uzteko eskatzen digu artzain onak?
UTZI EPAITZEARI
11. Mateo 7:1, 2aren arabera, zer egiteari uzteko esan zigun Jesusek eta zergatik izan daiteke zaila?
11 Irakurri Mateo 7:1, 2. Jesusek bazekien bere entzule inperfektuek besteak kritikatzeko joera zutela. Jatorrizko hizkuntzan «ez gaitzetsi inor» esamoldea, «utzi epaitzeari» itzuli daiteke. Gogor saia gaitezke gure anai-arrebak ez epaitzen. Baina guztiok gara inperfektuak. Batzuetan kritikatzen ibiltzen garela ikusten badugu, zer egin beharko genuke? Jesusi entzun eta epaitzeari uzteko gogor lan egin.
12, 13. Nola laguntzen digu Jehobaren ereduak besteak epaitzeari uzten?
12 Jehobaren ereduan hausnartzeak lagunduko digu. Pertsonen gauza onei begiratzen die. Pentsa ezazu zer egin zuen Jainkoak Dabid erregeak akats larriak egin zituenean. Adibidez, Betsaberekin adulterio egin zuen eta bere senarra hilarazi zuen (2 Sm 11:2-4, 14, 15, 24). Egindakoagatik asko sufritu zuten Dabid eta bere familiak, bere emazteek barne (2 Sm 12:10, 11). Beste batean, Dabidek ez zuen Jehobarengan konfiantza osoa erakutsi. Jehobaren agindua desobedituz, Israelgo armadaren gizon kopurua zenbatu zuen. Agian, harro-harro, bere armadaren tamaina eta babesean jarri zuen konfiantza. Zein izan zen ondorioa? Izurrite batek jota 70.000 israeldar hil ziren (2 Sm 24:2-4, 10-15).
13 Garai hartan Israelen bizi izan bazina, zer pentsatuko zenuke Dabidi buruz? Epaitu eta Jehobaren errukia merezi ez zuela ondorioztatuko al zenuke? Jehobak ez zuen horrelakorik egin. Horren ordez, Dabid bere bizitza osoan zehar zein leiala izan zen eta benetan damutu zela kontuan hartu zuen. Ondorioz, bekatu larriak egin arren, Jehobak barkatu egin zion. Bazekien Dabidek asko maite zuela eta zuzena dena egin nahi zuela. Zenbat eskertzen dugun gure Jainkoak gugan ezaugarri onak bilatzea! (1 Erg 9:4; 1 Kro 29:10, 17).
14. Zer ikuspuntuk laguntzen die kristauei besteak epaitzeari uzteko?
14 Jehobak gu perfektuak izaterik espero ez duenez, guk ere ez genuke besteak perfektuak izaterik espero behar. Besteengan ona bilatu behar dugu. Normalean nahiko erraza egiten zaigu besteen akatsak ikustea eta kritikatzea. Hala ere, espirituala den pertsona besteekin ondo moldatzen da, beraien inperfekzioak ikusi arren. Landu gabeko diamantea agian ez da ikusgarria izango, baina harago ikusten duen pertsonak, kanpoko itxura ikusi beharrean, moztu eta leundua izan ondoren izango duen edertasuna eta balioa aurreikusten du. Jehobak eta Jesusek bezala, kanpoko itxura ikusi beharrean pertsonen ezaugarri onak ikusi behar ditugu.
15. Nola lagunduko digu besteak ez epaitzen beraien egoera kontuan hartzeak?
15 Besteen ezaugarri onetan arreta jartzeaz gain, zer gehiagok lagunduko digu besteak ez epaitzen? Beraien bizitza nolakoa den imajinatzen saiatu. Pentsa ezazu adibide honetan. Behin, Jesusek emakume alargun behartsu bat tenpluko dirutegian bi sos botatzen ikusi zuen. Ez zuen esan: «Zergatik ez du gehiago bota?». Arreta kopuruan jarri beharrean, Jesusek bere motibazioa eta egoera izan zituen kontuan, eta ahal zuen guztia egin izanagatik goraipatu zuen (Lk 21:1-4).
16. Zer ikasi dezakezu Veronicari gertatutakotik?
16 Besteen egoeran pentsatzearen balioa Veronica izeneko arrebari gertatutakoa aztertuz azpimarratu dezakegu. Bere kongregazioan semea bakarrik hezten zuen arreba bat zegoen. Veronicak aitortzen du: «Bileretan eta predikatzen asko ez zeudela iruditzen zitzaidan. Horregatik, beraiei buruzko ikuspuntu negatiboa nuen. Baina orduan amarekin atera nintzen predikatzera. Bere seme autistarekin zituen zailtasunak azaldu zizkidan. Ahal zuen guztia egiten zuen semea fisikoki eta espiritualki zaintzeko. Batzuetan, semearen osasuna zela eta, beste kongregazio batetako bileretara joan behar izaten zuen». Veronicak dio: «Ez nintzen sekula konturatu zein zaila zen berarentzat. Orain, Jehobaren zerbitzuan hainbeste egiteagatik, arreba hau asko maitatzen eta errespetatzen dut».
17. Zer esaten digu Santiago 2:8ak egiteko eta nola egin dezakegu?
17 Baina, zer gertatzen da fedekide bat epaitu dugula konturatzen bagara? Gure anai-arrebak maitatu behar ditugula gogoratu behar dugu (Irakurri Santiago 2:8). Gainera, bihotzez egin beharko genioke otoitz Jehobari, epaitzeari uzteko laguntza erregutuz. Gure otoitzen arabera jokatu behar dugu eta kritikatu dugun pertsonarekin hitz egiteko lehen pausoa eman behar dugu. Horrela bera ezagutzera iritsiko gara. Gurekin predikatzera edo zerbait jatera gonbidatu dezakegu. Hobeto ezagutu ahala, Jehobak eta Jesusek ezarritako eredua jarraitzen saiatu gaitezke eta berarengan ona bilatu. Modu honetan, epaitzeari uzteko artzain onaren agindua entzuten ari garela erakutsiko dugu.
18. Nola erakutsi dezakegu artzain onaren ahotsa entzuten ari garela?
18 Ardiek beraien artzainaren ahotsa entzuten duten bezala, Jesusen jarraitzaileek bere ahotsa entzuten dute. Bizitzeko behar ditugun gauzez gehiegi kezkatzeari eta besteak epaitzeari uzten gogor saiatzen bagara, Jehobak eta Jesusek gure esfortzuak bedeinkatuko dituzte. «Artaldetxo» edo «beste ardien» parte garen axola gabe, jarrai dezagun artzain onaren ahotsa entzuten eta obeditzen (Lk 12:32; Jn 10:11, 14, 16). Hurrengo artikuluan, Jesusek bere jarraitzaileei egiteko esan zien bi gauza aztertuko ditugu.
sn 53. KANTA Elkartuta zerbitzatzen
a Jesusek bere ardiek bere ahotsa entzungo zutela esan zuenean, ikasleek bere irakaspenak entzun eta bizitzan praktikan jarriko zituztela esan nahi zuen. Artikulu honetan, Jesusen bi irakaspen aztertuko ditugu: gauza materialei buruz larritzeari uztea eta besteak epaitzeari lagatzea. Aholku hauek praktikan nola jarri ditzakegun ere ikusiko dugu.
b IRUDIAREN AZALPENA: Anaia batek bere lana galdu du, familiarentzat diru gutxi dauka eta bizitzeko beste toki bat behar du. Kontuz ibiltzen ez bada, gehiegi kezkatu eta Jainkoaren adorazioari ez dio lehentasuna emango.
c IRUDIAREN AZALPENA: Anaia bat bilerara berandu iristen da. Baina ezaugarri onak erakusten ditu informalki predikatuz, pertsona helduago bati laguntza praktikoa eskainiz eta bilera-aretoa zainduz.