Konpondu desadostasunak maitasunarekin
«Zaudete elkarrekin bakean» (MK 9:50).
1, 2. Zer desadostasun agertzen dira Hasiera liburuan, eta zergatik da hau garrantzitsua?
PENTSATU al duzu inoiz Biblian agertzen diren desadostasunetan? Ikusi ditzagun Hasiera liburuko lehenengo kapituluetako batzuk. Kainek Abel hil zuen (Has 4:3-8); Lamekek mutiko bat hil zuen bera jipoitu zuelako (Has 4:23); Abraham (Abram) eta Loten artzainen artean liskarra sortu zen (Has 13:5-7); Agarrek Sara (Sarai) mespretxatu zuen eta Sara Abrahamekin haserretu zen (Has 16:3-6); Ismaelek arazoak izan zituen jende guztiarekin eta jende guztia bere aurka egon zen (Has 16:12).
2 Zergatik aipatzen ditu Bibliak desadostasun horiek? Alde batetik, gizaki inperfektuoi bakea mantentzearen beharra erakusten digulako eta, bestetik, hau nola lortu dezakegun irakasten digulako. Dudarik gabe, guk ditugun arazo berak izan zituzten pertsonei buruzko Bibliako pasarteak irakurtzeak asko laguntzen digu. Izan ere, beraien arazoak nola konpondu zituzten ikustean, gureak konpontzen ikasten dugu. Hala da, pasarte horiek antzeko egoeren aurrean nola jokatu behar dugun jakiten laguntzen digute (Erm 15:4).
3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
3 Artikulu honetan, Jehobaren zerbitzariok desadostasunak zergatik konpondu behar ditugun eta hau nola egin dezakegun ikusiko dugu. Gainera, desadostasunei aurre egiten lagunduko diguten Biblia printzipioak aztertuko ditugu, baita Jehobarekin eta besteekin harreman ona mantentzen lagunduko digutenak ere.
ZERGATIK KONPONDU BEHAR DITUGU GURE ARTEKO DESADOSTASUNAK?
4. Zein da mundu osoan zabalduta dagoen pentsaera, eta zein da honen emaitza?
4 Satanas da gizakien liskar eta desadostasunen errudun nagusia. Izan ere, pertsona bakoitzak Jainkoa kontuan hartu gabe ongi eta gaizki zer dagoen erabaki behar duela esan zuen Edenen (Has 3:1-5). Argi ikusten dugu pentsaera horren emaitza. Mundua independentea izan nahi duen jendez beteta dago. Honek pertsonak harroputzak eta berekoiak izatea, eta beraien artean lehian ibiltzea eragiten du. Hau egiten dutenak Satanasen pentsaera onartzen ari dira. Satanasen arabera, hobe da bakoitzak bere interesak bilatzea besteei nola eragiten dien inporta gabe. Berekoikeria honek liskarrak sortzen ditu. Horregatik, hitz hauek gogoan izatea oso garrantzitsua da: «Odol-beroak liskarra sorrarazten, suminkorrak bekatuak ugaltzen» (Es 29:22).
5. Zer aholku eman zizkion Jesusek jendeari desadostasunak konpontzeko?
5 Bestalde, Jesusek jendeari bakea bilatzen irakatsi zion, nahiz eta hori egitea beraien interesen kontra zihoala iruditu. Mendiko Hitzaldian Jesusek desadostasunak konpontzeko eta liskarrak ez izateko aholku bikainak eman zituen. Adibidez, bere jarraitzaileei lasaiak eta bakegileak izateko, haserrea sortzen duten sentimenduez libratzeko, desadostasunak azkar konpontzeko eta etsaiak maitatzeko esan zien (Mt 5:5, 9, 22, 25, 44).
6, 7. a) Zergatik da garrantzitsua desadostasunak berehala konpontzea? b) Zer galdera egin beharko genizkioke geure buruari Jehobaren zerbitzari guztiok?
6 Jehobaren zerbitzuan egiten ditugun esfortzuak, esaterako, otoitz egitea, bileretara joatea eta predikatzea, alferrik izango dira besteekin ez badugu bakean egoterik nahi (Mk 11:25). Ezin gara Jainkoaren lagunak izan besteen akatsak barkatzeko prest ez bagaude (Irakurri Lukas 11:4; Efesoarrei 4:32).
7 Kristau guztiok kontuan hartu behar dugu besteei barkatzea eta beraiekin bakean egotea oso garrantzitsua dela. Barkatzen al diegu bihotzez anai arrebei? Gustura al gaude beraiekin denbora pasatzean? Jehobak bere zerbitzariak besteei barkatzeko prest egotea espero du. Hortaz, zure kontzientziak kontu honetan hobetu behar duzula esaten badizu, egin otoitz Jehobari laguntza eske. Gure zeruko Aitak otoitz apal horiek entzun eta erantzungo ditu (1 Jn 5:14, 15).
AHAZTU AL DEZAKEGU?
8, 9. Zer egin beharko genuke minduta sentitzen bagara?
8 Denok gizaki inperfektuak garenez, lehenago edo beranduago, norbaitek minduko gaituen zerbait esango edo egingo du. Hori nahitaez gertatuko da (Koh 7:20; Mt 18:7). Zer egingo dugu hori gertatzean? Pentsa dezagun adibide honetan: Arratsalde pasa daude Lekuko batzuk, eta arreba batek bi anaia agurtzen ditu. Bere hitz egiteko moduak anaietako bat mindu du. Arreba joaten denean, mindutako anaia arreba kritikatzen hasten da esandakoagatik. Baina beste anaiak arreba honek 40 urtez Jehoba egoera zailetan leialki zerbitzatu duela gogorarazten dio. Ziur dago ez duela intentzio txarrarekin esan. Honetan pixka bat pentsatu ondoren, mindutako anaiak honakoa erantzuten du: «Arrazoi duzu». Eta, ondorioz, arazoa konponduta gelditzen da.
9 Zer irakasten digu adibide honek? Gutako bakoitzaren eskuetan dagoela mintzen gaituztenean zer egin erabakitzea. Pertsona maitekorrak akats txikiak «ezkutatzen» edo barkatzen ditu (Irakurri Esaera Zaharrak 10:12; 1 Pedro 4:8). «Ohoragarri» zaio Jehobari guk «iraina kontuan ez hartzea» (Es 19:11; Koh 7:9). Hortaz, norbaitek gaizki edo errespetu faltaz tratatu gaituela iruditzen zaigunean, egin behar dugun lehenengo gauza honakoa galdetzea da: «Ahaztu al dezaket gertatutakoa? Merezi al du gertatutakoagatik arazo bat sortzea?»
10. a) Zer egin zuen hasiera batean arreba batek kritikatu zutenean? b) Zer Bibliako pasartek lagundu zion bakea mantentzen?
10 Batzuetan zaila izan daiteke komentario mingarriak kontuan ez hartzea. Pentsa dezagun Lucy deituko diogun aitzindari bati gertatutakoan. Norbaitek bere aitzindaritzari eta denbora erabiltzeko moduari buruzko komentario negatiboak egin zituen. Lucy oso minduta sentitu zen eta anaia helduei aholku eskatu zien. Honakoa dio: «Erakutsi zizkidaten Bibliako bertsetei esker, ez nintzela besteen iritziaz gehiegi kezkatu behar eta Jehobaren iritzia dela garrantzitsuena ikusi nuen». Lucy asko animatu zuen Mateo 6:1-4 pasarteak (Irakurri). Bere helburua Jehoba poztea izan behar zela gogorarazi zion pasarte honek. «Nahiz eta besteek nire zerbitzuari buruz komentario negatiboak egin», dio berak, «zoriontsu naiz Jehoba pozteko ahal dudan guztia egiten ari naizela badakidalako». Ondorio horretara iritsi ondoren, Lucyk komentario negatibo horiek kontuan ez hartzea erabaki zuen.
AHAZTU EZIN DUGUNEAN
11, 12. a) Nola jokatu beharko genuke anaia edo arreba batek gure kontra zerbait duela gogoratzen badugu? b) Zer ikasten dugu Abrahamek arazo bat konpondu zuen modutik? (ikusi hasierako irudia).
11 «Denok baitugu askotan huts egiten» (St 3:2). Demagun anaia bat zuk esandako edo egindako zerbaitengatik minduta sentitzen dela jakin duzula. Zer egin beharko zenuke? Jesusek esan zuen: «Aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera» (Mt 5:23, 24). Jesusen aholkua jarraituz, hitz egin anaiarekin. Baina zein da hitz egitearen helburua? Ez da zure anaiari errua botatzea, baizik eta zure errua onartzea eta bakeak egitea. Anai-arrebekin bakean egotea ezinbestekoa da.
12 Honen adibide bat Abraham eta bere iloba Loten artean gertatutakoa irakurtzen dugunean ikusten dugu. Bi gizonek ganadua zuten eta beraien artzainen artean, dirudienez larrengatik liskarra sortu zen. Arazoa konpontzeko, Abrahamek Loti bere familiarekin zein lurraldetan biziko zen lehenengo aukeratzen utzi zion (Has 13:1, 2, 5-9). Hori bai dela eredu ona! Abrahamek bakea bere interesen aurretik jarri zuen. Kalterik izan al zuen eskuzabala izateagatik? Ez. Lotekin gertatutakoa amaitu bezain pronto, Jehobak bedeinkapen ugari promestu zizkion Abrahami (Has 13:14-17). Jainkoaren gida jarraitu eta desadostasunak maitasunez konpontzen baditugu, Jehobak beti lagundu eta zainduko gaitu.[1]
13. Nola erantzun zuen arduradun batek zakar hitz egin ziotenean, eta zer ikasten dugu?
13 Ikus dezagun gaur egungo egoera bat. Anaia bat lurralde biltzarreko departamendu bateko arduradun izendatu zuten. Behin, arduradunak anaia bati boluntario izan nahi zuen galdetzeko deitu zion eta honek, zakar erantzunez, telefonoa eseki zion. Anaia hau oso haserre zegoen aurreko arduradunak berarekin jokatu zuen moduagatik. Arduradun berriak ez zuen gaizki hartu gertatutakoa, baina anaiarekin hitz egitea erabaki zuen. Ordubete beranduago berriro deitu zion, oraindik elkar ezagutzen ez zutenez arazoa elkarrekin konpontzea ona izango zela aipatuz. Astebete barru biak bilera areto batean bildu ziren. Otoitz egin ondoren, ordubetez hitz egin zuten eta anaiak aurretik gertatutakoa azaldu zion. Arduradunak enpatiaz entzun eta Bibliako bertset batzuk irakurri zizkion. Horrela, bi anaiek arazoa konpondu zuten eta, azkenean, anaia biltzarrean boluntario izan zen. Anaiak asko eskertzen dio arduradunari berarekin jokatu zuen modu atsegina eta erakutsi zion pazientzia.
ADINDUNENGANA JO BEHAR AL DUGU?
14, 15. a) Noiz aplikatu beharko genuke Mateo 18:15-17 pasarteko aholkua? b) Zer hiru pauso aipatu zituen Jesusek, eta zein izan beharko litzateke gure helburua hauek aplikatzean?
14 Kristauon arteko desadostasun gehienak gure artean konpondu daitezke, inor tartean sartu gabe, eta hala egin beharko genuke. Hala ere, egoera batzuetan, beste batzuen parte hartzea beharrezkoa izan daitekeela adierazi zuen Jesusek (Irakurri Mateo 18:15-17). Zer gertatuko litzateke kaltea egin duenak bere anaia, lekukoak eta kongregazioa entzun nahi izango ez balitu? Jentil edo zergalari baten antzera tratatu beharko genukeela. Zer esan nahi du honek? Kanporatua izan beharko lukeela. Neurri honen larritasunak bekatua ez dela desadostasun txiki bat besterik izan erakusten du. Orduan, nolako bekatuaz ari zen Jesus hitz egiten? Arazoa izan zutenen artean konpondu zitekeenaz eta, aldi berean, konpontzen ez bazen, bekataria kanporaketara eramango zuen bekatuaz. Bekatu hauen artean, iruzurra edo norbaiten izen ona zikintzeko gezurrak esatea egon daitezke. Jesusek aipatutako hiru pausoak baldintza hauek betetzen direnean bakarrik aplikatu daitezke. Bekatu hauen artean ez daude adulterioa, homosexualitatea, apostasia, idolatria edo beste bekatu larri batzuk. Izan ere, hauetaz kongregazioko adindunak arduratu beharko lirateke.
15 Jesusen aholkuaren helburua anaia edo arreba bat maitasunez nola lagundu behar dugun irakastea da (Mt 18:12-14). Lehenik eta behin, beste inor tartean sartu gabe, arazoa konpontzen saiatu behar gara. Horretarako, agian, behin baino gehiagotan hitz egin beharko dugu bekatua egin duenarekin. Pauso honek huts egiten badu, bekatuaren lekuko izan direnekin edo bekatu egin duela argitzen lagundu dezaketen beste batzuekin itzuli behar gara bekatariarekin hitz egitera. Beraien laguntzarekin arazoa konpontzea lortzen badugu, «irabazia [izango dugu] senidea». Bekataria laguntzeko hainbat saiakera egin baditugu, baina denek porrot egin badute, orduan jo behar dugu adindunengana.
16. Zerk erakusten du Jesusen aholkua jarraitzea praktikoa eta maitekorra dela?
16 Normalean ez da beharrezkoa izaten anai-arreben artean Jesusek Mateo 18:15-17 pasartean aipatutako pauso guztiak jarraitzea. Hau oso animagarria da. Izan ere, norbait kanporatua izan aurretik arazoa konpondu daitekeela erakusten digu honek. Askotan bekatariak bere akatsa onartu eta zuzendu egiten du. Orduan, minduta sentitu denak barkatzea eta ahaztea erabaki dezake. Edozein kasutan, Jesusen hitzen arabera, ez genuke berehala kongregaziora jo behar desadostasunen bat sortzen denean. Noiz esku hartu dezakete adindunek? Lehenengo bi pausoak eman badira eta gertatutakoa argi erakusten duten frogak badaude soilik.
17. Zer bedeinkapen izango ditugu gure artean bakea bilatzen badugu?
17 Mundu honek irauten duen bitartean, gizakiok inperfektuak izango gara eta besteak mintzen jarraituko dugu. Santiagok honakoa idatzi zuen: «Hizketan hutsik egiten ez duena bete-beteko pertsona da, bere izate osoa menpean edukitzeko gauza dena» (St 3:2). Desadostasunak konpontzeko honakoa egin behar dugu: «Bila bakea eta jarrai haren bidetik» (Sal 34:15 [34:14, NWT]). Bakegileak bagara, anai-arrebekin harreman onaz gozatu eta kongregazioaren batasuna bultzatuko dugu (Sal 133:1-3). Guztiaren gainetik, «bakearen Jainkoa» den Jehobarekin adiskidetasun onaz gozatuko dugu (Erm 15:33). Desadostasunak maitasunarekin konpontzen baditugu, denok izango ditugu bedeinkapen hauek.
^ [1] (12. paragrafoa) Arazoak modu baketsuan konpondu zituzten beste batzuen artean hauek daude: Jakob Esaurekin (Has 27:41-45; 33:1-11), Jose bere anaiekin (Has 45:1-15) eta Gedeon Efraimdarrekin (Ep 8:1-3). Agian Bibliako antzeko beste adibide batzuetan pentsatu dezakezu.