41. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Benetan zoriontsu izan zaitezke
«Zorionekoa Jaunari begirune diona eta haren bidetik dabilena!» (SAL 128:1).
sjj 110. KANTA Jehobaren poza
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1. Zer da «behar espirituala», eta zer zerikusi du zoriontsu izatearekin?
BENETAKO zoriontasuna ez da emozio hutsa, bizitza osoan iraun dezakeen sentimendu sakona baizik. Jesusek Mendiko Hitzaldian esan zuen: «Zorionekoak dira euren behar espiritualaz jabetzen direnak» (Mt 5:3, NWT). Jesusek bazekin gizakiek Jainkoa ezagutu eta adoratzeko berebiziko beharra dutela. Horixe da gure «behar espirituala». Eta Jehoba «Jainko zoriontsua» denez, bera adoratzen badugu, zoriontsuak izan gaitezke (1 Tm 1:11).
2, 3. a) Jesusen arabera, nor gehiago izan daiteke zoriontsu? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan, eta zergatik?
2 Arazorik gabeko bizitza izan behar al dugu zoriontsu izateko? Ez. Bere hitzaldian, Jesusek harrigarria den zerbait esan zuen: «Zorionekoak negarrez daudenak». Beraz, arazo larriengatik edo bekatu egiteagatik oso gaizki sentitzen direnak ere, zoriontsu izan daitezke. Gainera, gauza bera esan zuen «Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak» izango zirenei buruz eta kristau izateagatik «madarikatuko» zituztenei buruz (Mt 5:4, 10, 11). Baina nola da posible horrelako egoeretan benetan zoriontsu izatea?
3 Jesusen arabera, zoriontsu izateko ez dugu egoera perfekturik eduki beharrik. Zoriontsu izateko gure behar espirituala asetu eta Jainkoarengana hurbildu behar dugu (St 4:8). Artikulu honetan, zoriontsu izateko eman behar ditugun hiru pauso aztertuko ditugu.
ESPIRITUALKI ELIKATU
4. Zein da zoriontsu izateko eman behar dugun lehen pausoa? (1. Salmoa 1-3)
4 1. PAUSOA: Zoriontsu izateko janari espiritualaz elikatu behar dugu. Gizakiek eta animaliek bizitzeko janari fisikoa behar dute. Baina gizakiak bakarrik gara janari espiritualaz elikatu gaitezkeenak. Hitz hauek esanez, Jesusek behar-beharrezkoa dugula azaldu zuen: «Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik Jainkoak esaten duenetik bizi da» (Mt 4:4). Beraz, ezin dugu egun bakar bat pasa espiritualki jan gabe, hau da, Jainkoaren Hitz ederretik irakurri gabe. Salmogileak esan zuen: «Zorionekoa [...] Jaunaren hitza atsegin duena eta hitz hori gau eta egun gogoan darabilena!» (Irakurri 1. Salmoa 1-3).
5, 6. a) Zer dakigu Bibliari esker? b) Nola laguntzen digu Biblia irakurtzeak?
5 Maite gaituenez, Jehobak zoriontsu izateko behar duguna eman digu Biblian. Adibidez, guretzako duen helburua zein den dakigu. Berarengana nola hurbildu eta gure bekatuen barkamena nola lortu ere ikasi dugu. Gainera, Jainkoaren promesei esker etorkizunerako esperantza zoragarria dugu (Jr 29:11). Biblian ikasten dugunak pozez betetzen gaitu!
6 Gainera, Bibliak eguneroko bizitzarako aholku praktikoak ematen dizkigu. Aholku horiei kasu egiten diegunean, zoriontsu izan gaitezke. Beraz, bizitzako arazoengatik triste edo desanimatuta zauden bakoitzean, denbora gehiago igaro Jehobaren Hitza irakurtzen eta hausnartzen. Jesusek esan zuen: «Zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!» (Lk 11:28).
7. Nola aprobetxatu dezakezu ondo Biblia irakurtzeko erabiltzen duzun denbora?
7 Biblia irakurtzean, hartu disfrutatzeko denbora. Honen garrantzia ikusteko, imajinatu lagun batek gehien gustatzen zaizun janaria prestatu dizula. Baina korrika eta presaka zabiltzanez edota burua beste gauzetan daukazunez, jana tragatu besterik ez duzu egiten. Bukatzean, janaria benetan dastatu ez duzula konturatzen zara, eta pentsatzen duzu: «Polikiago jan izan banu…». Gauza bera pasatzen da Biblia irakurketarekin. Gertatu al zaizu noizbait, korrika eta presaka irakurri ondoren, ez dakizula mezua zein den? Hartu denbora Biblia irakurketaz gozatzeko: imajinatu eszena, entzun pertsonaien ahotsak eta pentsatu irakurritakoan. Irakurketa horrela dastatzeak zoriontsuago egingo zaitu.
8. Nola ari da betetzen «morroi leial eta zentzuduna» bere eginkizuna? (Ikusi oharra ere)
8 Jesusek «morroi leial eta zentzuduna» izendatu du behar dugun garaian janari espirituala banatzeko, eta ederki elikatuta gaude (Mt 24:45).b Morroiak prestatzen duen janariaren osagai nagusia Biblia da beti (1 Ts 2:13). Beraz, janari espiritualak Jehobaren pentsaera ezagutzen laguntzen digu. Horregatik irakurtzen ditugu Talaia eta ¡Despertad! aldizkariak eta jw.org webguneko artikuluak. Gainera, aste barruko eta asteburuko bilerak prestatzen ditugu eta JW Broadcasting® programa ikusten dugu hilabetero. Espiritualki ondo elikatzeak zoriontsu izateko bigarren pausoa ematen lagunduko digu.
JEHOBAREN ARAUAK OBEDITU
9. Zein da zoriontsu izateko eman behar dugun bigarren pausoa?
9 2. PAUSOA: Zoriontsu izateko Jehobaren arauak bete behar ditugu. Salmogileak idatzi zuen: «Zorionekoa Jaunari begirune diona eta haren bidetik dabilena!» (Sal 128:1). Jehobari begirune izatea errespetu handia erakustea eta atsegin ez duena ez egitea esan nahi du (Es 16:6). Bibliak Jehobaren ikuspuntutik ondo eta gaizki zer dagoen azaltzen digu, eta horren arabera bizitzen saiatu nahi dugu etengabe (2 Ko 7:1). Zoriontsu izango gara Jehobak maite duena egiten badugu eta gorroto duena baztertzen badugu (Sal 37:27; 97:10; Erm 12:9).
10. Erromatarrei 12:2aren arabera, zer egin behar dugu?
10 Irakurri Erromatarrei 12:2. Jehobak zer dagoen ongi eta zer gaizki erabakitzeko autoritatea du. Pertsona batek hori jakin dezake, baina Jehobaren arauak onartzea beste kontu bat da. Jarri dezagun adibide bat. Gobernuak trafikoan abiadura mugak jartzeko eskubidea dauka. Pertsona batek hori jakin dezake, baina agian ez ditu muga horiek onartu nahi. Horregatik, behar baino azkarrago ibiltzen da. Jehobaren arauak betetzea bizitzeko modurik hoberena da eta gure jokaeraren bidez erakusten dugu horretaz konbentzituta gaudela (Es 12:28). Dabid ere horrela sentitu zen. Horregatik esan zion Jehobari: «Bizirako bidea erakutsiko didazu: alaitasun betea zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan» (Sal 16:11).
11, 12. a) Kezkatuta edo desanimatuta gaudenean, zerekin ibili behar dugu adi? b) Nola lagundu gaitzakete Filipoarrei 4:8ko hitzek entretenimendua aukeratzen?
11 Kezkatuta edo desanimatuta gaudenean, gure arazoetatik ihes egiteko, agian, ondo pasatzeko beharra sentitzen dugu. Hori ulertzekoa da, baina kontu handiz ibili behar dugu Jehobak gorroto duen zerbait ez egiteko (Ef 5:10-12, 15-17, NWT).
12 Filipoarrei idatzitako gutunean, Paulok «zuzen, garbi, maitagarri eta […] bertutetsu» den guztian pentsatzeko esan zien kristauei (Irakurri Filipoarrei 4:8). Paulok ez zuen entretenimendua aipatu, baina bere hitzek honen inguruan hartzen ditugun erabakietan eragina izan behar dute. Imajinatu, beste hitz batzuetan, honakoa esaten digula: «Pentsatu gustatzen zaizkizun kantak, pelikulak, nobelak eta bideojokoak garbiak, bertutetsuak eta goresgarriak diren». Honek Jehobarentzat onargarria zer den eta zer ez den antzematen lagunduko dizu. Gure bizitzan Jehobaren arau gorenak obeditu nahi ditugu (Sal 119:1-3). Horrela, kontzientzia garbiarekin, zoriontsu izateko hurrengo pausoa eman dezakegu (Eg 23:1).
JEHOBAREN ADORAZIOA LEHENENGO POSTUAN JARRI
13. Zein da zoriontsu izateko eman behar dugun hirugarren pausoa? (Joan 4:23, 24)
13 3. PAUSOA: Ziurtatu zure bizitzan Jehoba adoratzeari lehentasuna ematen diozula. Gure sortzailea denez, Jehobak gure adorazioa merezi du (Ap 4:11; 14:6, 7). Beraz, gure bizitzan inportanteena Jehoba berak nahi duen bezala adoratzea da, hau da, «egiaren arabera eta Espirituak eraginda» (Irakurri Joan 4:23, 24). Espiritu santuak gidatzen bagaitu, gure adorazioak Bibliako egiekin bat egingo du. Nahiz eta gure lana mugatuta edo debekatuta dagoen herrialde batean bizi, Jehobaren adorazioari lehentasuna eman behar diogu. Oraintxe bertan, 100 anai-arreba baino gehiago kartzelan daude Jehobaren lekuko izateagatik soilik.c Hala ere, ahal duten guztia egiten dute otoitz egin, ikasi eta Jehoba eta Erreinuari buruz predikatzeko, eta pozik gainera! Pertsegitzen gaituztenean edo gurekin gaizki jokatzen dutenean, zoriontsu izateko arrazoi asko ditugu. Izan ere, badakigu Jehoba gurekin dagoela eta sarituko gaituela (St 1:12; 1 P 4:14).
HIRU PAUSOAK EMAN DITUEN ANAIA BAT
14. Zer gertatu zitzaion Tajikistango anaia gazte bati, eta zergatik?
14 Gure anai-arreba batzuek, egoera oso zailak pasa arren, aztertu ditugun hiru pauso hauek jarraitu dituzte eta zoriontsu dira. Horixe da 19 urteko Jovidon Bobojonov anaiari gertatutakoa. Bera Tajikistangoa da eta zerbitzu militarra ez egitea erabaki zuen. Ondorioz, 2019ko urriaren 4an, etxetik indarrez atera zuten. Hilabete batzuk pasa zituen kartzelan eta gaizkilea izango balitz bezala tratatu zuten. Hainbat herrialdetako komunikabideek eman zuten injustizia honen berri. Militarren leialtasun juramentua egiteko eta uniformea janzteko presionatu nahi zutenez, jipoitu egin zutela salatu zuten. Horren ondoren, auzitegi batek erruduntzat jo zuen eta kartzelara bidali zuen, herrialdeko presidenteak barkatu eta askatzeko agindu zuen arte. Prozesu osoan zehar, Jovidonek integritateari eutsi zion eta ez zion zoriontsu izateari utzi. Zergatik? Bere behar espiritualaz konturatzen zelako.
15. Nola elikatu zen espiritualki Jovidon kartzelan zegoenean?
15 Kartzelan zegoenean, Jovidonek espiritualki elikatzen jarraitu zuen, nahiz eta Biblia edo argitalpenik ez izan. Nolatan? Inguruko anai-arrebek janaria eramaten zioten eta poltsetan eguneko aipua idazten zuten. Horrela, egunero-egunero Biblia irakurri eta hausnartzeko aukera zuen. Askatu zutenean, aholku hau eman zien oraindik horrelako proba gogorrik pasa ez dutenei: «Ezinbestekoa da askatasuna Jehobari buruz gehiago ikasteko ahalik eta hoberen aprobetxatzea. Horretarako, Biblia eta argitalpenak irakurri behar ditugu».
16. Zertan pentsatu zuen batez ere Jovidonek?
16 Gure anaia Jehobaren arauen arabera bizi zen. Jovidon ez zen desio eta jokaera txarretan murgildu. Horren ordez, Jehoba eta berak atsegin dituen gauzetan pentsatzen zuen batez ere. Goizean txorien kantuak entzuten zituenean, eta gauean ilargia eta izarrak ikusten zituenean, Jehobaren kreazioa zein ederra den pentsatzen zuen. Honakoa esan zuen: «Jehobaren opari horiei esker, pozik eta animatuta sentitzen nintzen». Jehobak ematen dizkigun opari espiritual eta fisikoak eskertzean, poza sentitzen dugu eta poz horrek aurrera egiteko indarra ematen digu.
17. Norbait Jovidonen antzeko egoera pasatzen ari bada, nola lagundu ahal diote 1 Pedro 1:6, 7ko hitzek?
17 Gainera, Jovidonek Jehobaren adorazioa lehenengo postuan jarri zuen. Argi zuen Jehobari leial izatea oso inportantea dela. Izan ere, Jesusek esan zuen: «Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu» (Lk 4:8). Komandante eta soldaduek bere erlijioari uko egitea nahi zuten. Baina berak gau eta egun integritateari eusteko laguntza erregutzen zion Jehobari. Nahiz eta injustizia galanta jasan, Jovidonek ez zuen sekula amore eman. Gainera, oso zoriontsua da. Zergatik? Etxetik indarrez atera, jipoitu eta kartzelaratua izan aurretik ez zuen zerbait daukalako orain: probaldiaren ondorioz indartutako fedea (Irakurri 1 Pedro 1:6, 7).
18. Zer egin dezakegu zoriontsu izaten jarraitzeko?
18 Jehobak badaki benetan zoriontsu izateko zer behar dugun. Aztertutako hiru pausoak ematen badituzu, zailtasunak jasan arren, zoriontsu izaten jarraituko duzu. Orduan zuk ere honako hitzak esan ahal izango dituzu: «Zorionekoa Jauna Jainko duen herria!» (Sal 144:15).
sjj 89. KANTA Entzun, obeditu eta bedeinkapenak jaso
a Jende askori zaila egiten zaio zoriontasuna aurkitzea. Zergatik? Okerreko tokian bilatzen duelako, adibidez, plazerretan, diruan, faman edo boterean. Baina Jesusek argi irakatsi zuen zoriontsu izateko zer egin behar den. Artikulu honetan, eman beharreko hiru pauso aztertuko ditugu.
b Ikusi aldizkari honen 2014ko abuztuaren 15eko alean «¿Está usted recibiendo “alimento al tiempo apropiado”?» («Reçois-tu la “ nourriture en temps voulu ” ?») artikulua.
c Gehiago jakiteko, bilatu «Testigos presos por sus creencias» («Emprisonnés en raison de leur foi») jw.org-n.
d IRUDIAREN AZALPENA: Antzezpen honetan, Lekuko batzuek atxilotutako anaia bat animatzen dute poliziak auzitegira eramaten duen bitartean.