6. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sn 9. KANTA Goretsi Jehoba, gure Jainkoa!
«Goretsi Jehobaren izena»
«Goretsi ezazue, Jehobaren zerbitzariok, goretsi Jehobaren izena» (SAL. 113:1, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Jehobaren izen santua une oro gorestera zerk motibatzen gaituen azpimarratzea.
1, 2. Zerk lagundu gaitzake Jehobari buruz esandako gezurren aurrean Bera nola sentitzen den ulertzen?
PENTSATU hurrengo egoera honetan: Estimatzen duzun norbaitek itsusia den zerbait esan du zuri buruz. Esandakoa gezurra den arren, batzuek sinetsi egiten dute. Are gehiago, gezur hori errepikatzen hasten dira eta beste asko ere sinestera iristen dira. Nola sentituko zinateke? Pertsona horiek eta zure izen ona inporta bazaizkizu, zuri buruz esandako gezurrak gaizki sentiaraziko dizu, ezta? (Esa. 22:1).
2 Egoera honek Jehoba bere izen ona zikindua izan zenean nola sentitu zen ulertzen laguntzen digu. Aingeru batek Ebari Jehobari buruz gezurrak esan zizkion, eta Ebak sinetsi egin zituen. Ondorioz, Adam eta Eba Jehobaren aurka jarri ziren, bekatua eta heriotza beraien ondorengoei zabalduz (Has. 3:1-6; Erm. 5:12). Munduan ikusten ditugun arazo guztiak, heriotza, gerrak eta sufrimendua Satanasek Edengo lorategian esandako gezurren ondorioz gertatzen dira. Sufritzen ari al da Jehoba gezur horien eta hauek eragindakoaren ondorioz? Dudarik gabe, bai. Hala ere, Jehoba ez dago erresuminduta. Izan ere, «Jainko zoriontsua» izaten jarraitzen du (1 Tim. 1:11).
3. Zer ohore dugu?
3 Satanasek Jehobari buruz esandakoa gezurra dela frogatzeko ohorea dugu. Nola? Hurrengo agindua obedituz: «Goretsi Jehobaren izena» (Sal. 113:1, NWT). Nola goresten dugu bere izena? Besteei Jehobari buruz gauza onak esanez. Eta zuk? Egingo al duzu hau? Azter ditzagun Jehobaren izena bihotz-bihotzez gorestera bultzatuko gaituzten hiru arrazoi garrantzitsu.
JEHOBA POZTEN DUGU
4. Zergatik pozten da Jehoba bera goresten dugunean? Jarri adibide bat. (Ikusi irudia ere)
4 Gure zeruko Aita pozten dugu bere izena goresten dugunean (Sal. 119:108). Baina esan nahi al du honek Jainko ahalguztidunak, gizaki inperfektuen antzera, besteen gorespena behar duela seguru sentitzeko? Ez. Hau ulertzeko, azter dezagun adibide bat. Imajinatu bere aitaren besoetara korrika doan neskatxa txiki bat. Aita besarkatuz esaten dio: «Zu zara mundu osoko aitatxorik onena!». Aita poz-pozik eta emozionatuta dago. Zergatik? Ez da bere alabatxoaren animoa eta gorespena behar duelako, baizik eta bere alaba kuttuna maite duelako, eta alabak bere maitasuna eta esker ona erakusteaz pozik dagoelako. Aitak badaki alabari, hazten doan heinean, ezaugarri horiek zoriontsu izaten lagunduko diotela. Era berean, Jehoba, dagoen Aitarik onena, pozik jartzen da bera goresten dugunean.
5. Jehoba goresten dugunean, zer gezur frogatzen dugu faltsua dela?
5 Gure zeruko Aita goresten dugunean, guregan zuzenki eragina duen beste gezur bat faltsua dela frogatzen laguntzen dugu. Satanasek honakoa aldarrikatzen du: ez dagoela Jainkoaren izena leialki defendatuko duen gizakirik. Probapean egonez gero, Jainkoari leial izateari utziko diogula dio Satanasek, baita Jainkoaren aurka jarriko garela hau egitea gure onerako dela pentsatzen badugu ere (Job 1:9-11; 2:4). Baina Job leial mantendu zen eta Satanas gezurtia zela frogatu zuen. Eta gu? Mantenduko al gara leial Jehobari? Gutako bakoitzak Jainkoaren izena defendatzea eta bere integritateari eutsiz Jehoba poztea erabaki dezake (Esa. 27:11). Hau egitea izugarrizko ohorea da guretzat.
6. Nola imitatu ditzakegu Dabid erregea eta lebitarrak? (Nehemias 9:5)
6 Jehoba maite dutenek bere izena bihotz-bihotzez goretsi nahi dute. Dabid erregeak honakoa idatzi zuen: «Bedeinka beza ene arimak Jauna [Jehoba], ene barren osoak haren izen santua!» (Sal. 103:1). Dabidek Jehobaren izena gorestea Jehoba bera gorestea dela ulertu zuen. Jehobaren izenak bere erreputazioa duenez barne, bere izenean pentsatzean, bere ezaugarri eder guztiak eta bere ekintza zoragarriak etortzen zaizkigu burura. Dabidek Jainkoaren izena sakratutzat jo eta goretsi nahi zuen. Bere «barren osoa», hau da, bere bihotz osoa jarri nahi zuen horretan. Lebitarrek ere Jehoba goresten aurrea hartu zuten. Honakoa onartu zuten apalki: ezin zutela Jehobaren izen sakratuak merezi zuen gorespena erabat adierazi hitzez (Irakurri Nehemias 9:5). Dudarik gabe, lebitarrek apalki eta bihotz-bihotzez adierazitako gorespenak Jehoba poztu zuen.
7. Nola goretsi dezakegu Jehoba predikazioan eta gure eguneroko bizitzan?
7 Gaur egun ere, Jehoba goretsi dezakegu berari buruz goxotasunez, esker onez eta maitasunez hitz eginez. Predikatzen dugunean kontuan izan behar dugu hau dela gure helburu nagusia: jendea Jehobarengana gerturatzen laguntzea, hau da, beraiek Jehoba Aita maitekor bat dela ikusten laguntzea (St. 4:8). Asko gustatzen zaigu, Biblia erabiliz, Jehobaren maitasuna, justizia, jakinduria, boterea eta beste ezaugarri erakargarri batzuei buruz hitz egitea jendeari. Jehoba imitatzeko ahal dugun guztia egiten dugunean ere, bera goretsi eta pozten dugu (Efe. 5:1). Hau egitean, mundu gaizto honetatik ezberdintzen gara. Jendea desberdinak garela konturatu daiteke, eta honen arrazoian pentsatu dezake (Mat. 5:14-16). Gure eguneroko bizitzan jendearekin harremantzen garenez, beharbada gure jokabidearen zergatia azaltzeko aukera izango dugu. Ondorioz, bihotz onekoak Jainkoarengana hurbiltzera bultzatuta sentituko dira. Jehoba modu hauetan goresten dugunean, bere bihotza pozten dugu (1 Tim. 2:3, 4).
JESUS POZTEN DUGU
8. Nola hartu zuen aurrea Jesusek Jehobaren izena goresten?
8 Zeruko eta lurreko izaki adimentsu guztietatik, inork ez du Aita Semeak bezain ondo ezagutzen (Mat. 11:27). Jesusek bere Aita maite du eta bere izena goresten aurrea hartu du (Joan 14:31). Hil aurreko gauean bere Aitari egindako otoitz batean, honela laburbildu zuen lurrean egin zuen lana: «Zure izena ezagutarazi diet» (Joan 17:26, NWT). Zer esan nahi zuen Jesusek?
9. Nola erabili zuen Jesusek konparaketa bat bere Aita nolakoa den argi eta garbi azaltzeko?
9 Jesusek Jainkoaren izena Jehoba zela esan baino gehiago egin zuen. Izan ere, Jesusen garaiko juduek bazekiten zein zen Jainkoaren izena. Baina Jesusek «Haren berri» ematen aurrea hartu zuen (Joan 1:17, 18). Adibidez, Idazki Hebrearrek Jehobak errukia sentitu eta erakusten duela azaltzen dute (Irt. 34:5-7). Baina Jesusek egia hau are gehiago argitu zuen seme galdua eta honen aitaren konparaketa kontatu zuenean. Konparaketa honetan, aita honek damututa zegoen semea «oraindik urruti zegoela» ikusi, berarengana korrika joan, besarkatu eta bihotz-bihotzez barkatu ziola irakurtzen dugu. Zeinen modu bizian erakusten duen konparaketa honek Jehoba zein errukitsua den! (Luk. 15:11-32). Jesusek bere Aita benetan den bezala ezagutzera eman zuen.
10. a) Nola dakigu Jesusek bere Aitaren izena erabili zuela eta besteek gauza bera egitea nahi zuela? (Markos 5:19) (Ikusi irudia ere) b) Zer nahi du Jesusek guk egitea?
10 Horretaz gain, nahi al izan zuen Jesusek besteek bere Aitaren izena erabiltzea? Noski baietz. Dirudienez, Jesusen garaiko erlijio buru batzuen ustez, Jainkoaren izena oso-oso sakratua zen eta, beraz, ezin zen ahoskatu ere egin. Baina Jesusek ez zuen inoiz hauek bezalako giza tradizioek bere Aitaren izena ez ohoratzen utzi. Azter dezagun zer gertatu zen Jesusek gerasatarren lurraldean espiritu gaizto baten menpe zegoen gizon bat sendatu zuenean. Bertakoek, beldurturik, Jesusi handik alde egiteko erregutu zioten (Mar. 5:16, 17). Baina Jesusek Jehobaren izena ezagutzera eman nahi zuen lurralde hartan. Beraz, joan aurretik, sendatu zuen gizonari Jehobak, eta ez berak, egin zuena besteei kontatzeko eskatu zion (Irakurri Markos 5:19).a Jesusek guk ere gauza bera egitea nahi du: bere Aitaren izena mundu osoan zehar ezagutzera ematea (Mat. 24:14; 28:19, 20). Hau egiten dugunean, gure Errege Jesus pozten dugu.
11. Zeri buruz irakatsi zien Jesusek otoitz egiten bere dizipuluei, eta zergatik da hau garrantzitsua? (Ezekiel 36:23)
11 Jesusek bazekien Jehobaren nahia Bere izena santutzea eta berari buruz esandako gezur guztiak faltsuak direla frogatzea dela. Horregatik, Jesusek honela otoitz egiten irakatsi zien bere dizipuluei: «Gure Aita zeruan zaudena, santu izan dadila zure izena» (Mat. 6:9). Unibertso osoan gauzarik garrantzitsuena hau dela ulertu zuen Jesusek (Irakurri Ezekiel 36:23). Ez dago Jehobaren izena santutzeko berak baino gehiago egin duen inor. Hala eta guztiz ere, Jesus atxilotua izan zenean, bere etsaiek blasfemiaz salatu zuten. Jesusek bere Aitaren izen santua kalumniatzea egon zitekeen bekaturik nazkagarriena zela sentituko zuen ziurrenik. Delitu horretaz salatua eta errudun deklaratua izango zela jakiteak biziki kezkatu zuen Jesus. Ziurrenik, arrazoi horregatik egongo zen Jesus «larriak harturik» atxilotua izan zen aurreko orduetan (Luk. 22:41-44).
12. Nola santutu zuen Jesusek modurik gorenenean bere Aitaren izena?
12 Bere Aitaren izena santutzeko, Jesusek tortura, irain eta salaketa faltsuen aurrean iraun egin zuen. Berak bazekien gauza guztietan bere Aitari obeditu ziola; ez zuen lotsa sentitzeko arrazoirik (Heb. 12:2, NWT). Une zail horietan, Satanasengandik eraso zuzenak jasotzen ari zela ere bazekien (Luk. 22:2-4; 23:33, 34). Jesusek bere integritatea haustea espero zuen Satanasek. Baina Deabruak modu miserablean egin zuen porrot! Jesusek honakoa frogatu zuen behin betiko: Satanas gezurti huts bat dela eta Jehobak badituela momentu latzenetan ere euren integritateari eusten dioten eta leialak diren zerbitzariak.
13. Nola poztu dezakezu zure Errege Jesus?
13 Poztu nahi al duzu zure Errege Jesus? Segi Jehobaren izena goresten besteei Jainkoaren ezaugarri ederrak ezagutzen lagunduz. Hala egitean, Jesusen urratsak jarraitzen ari zara (1 Ped. 2:21). Jesusen antzera, Jehoba goresten eta Bere etsai Satanas gezurti huts bat dela frogatzen ari zara.
BESTEEI EUREN BIZIA SALBATZEN LAGUNTZEN DIEGU
14, 15. Jendeari Jehobari buruz irakasten diogunean, zer gauza zoragarri gertatu daitezke?
14 Jehobaren izena goresten dugunean, besteen biziak salbatzen laguntzen dugu. Satanasek sinesgabeei adimena «itsutu» egin diela kontuan izan behar dugu (2 Ko. 4:4). Horregatik, pertsona hauek gezur hauek sinestera iritsi dira: Jainkoa existitzen ez dela, guregandik urrun dagoela eta ez dela gizakiaz arduratzen, krudela dela, eta bekatariak betirako torturatzen dituela, besteak beste. Zer helburu dute gezur hauek guztiek? Jehobaren izena eta bere erreputazioa ilundu edo zikintzea. Ondorioz, jendeak ez du berarengana gerturatzeko desirarik. Baina predikatzen dugunean, Satanasen nahia zapuzten dugu. Nola lortzen dugu hau? Jendeari gure Aitari buruzko egia irakatsiz. Era horretara, bere izen santua goresten dugu. Zer emaitza ekartzen ditu hau egiteak?
15 Jainkoaren Hitzean aurkitzen ditugun egiek izugarrizko boterea dute. Jendeari Jehoba benetan nolakoa den irakasten diogunean, zoragarria den zerbait ikusteko aukera dugu. Pertsonek Satanasen gezurren erruz itsututa egoteari uzten diotenean, gure Aitaren ezaugarri ederrak ikusten hasten dira. Bere botere amaigabeak harri eta zur uzten ditu (Is. 40:26). Bere justizia perfektuak berarengan konfiantza izatera bultzatzen ditu (Deu. 32:4). Bere jakinduria sakonak liluratzen ditu (Is. 55:9; Erm. 11:33). Eta bera maitasuna dela jakiteak kontsolamenduz betetzen ditu (1 Joan 4:8). Jehobarengana gerturatzen diren heinean, bere seme-alabak bezala betiko bizitzeko itxaropena ziurra izatera iristen da beraientzat. Jendeari bere Aitarengana gerturatzen lagundu ahal diogu. Hau bai ohore paregabea! Hala egiten dugunean, Jehobak bere «lankide» bezala ikusten gaitu (1 Ko. 3:5, 9).
16. Zer eragin du batzuengan Jainkoaren izena ezagutzeak? Jarri adibide batzuk.
16 Hasiera batean, jendeari Jainkoaren izena Jehoba dela irakasten diogu. Gauza handia ez dela pentsatu arren, hau jakiteak bihotz oneko pertsona baten bizitza zeharo aldatu dezake. Adibidez, Aaliyahb izeneko emakume bat kristaua ez den erlijio batean hazi zen. Baina ez zegoen bere erlijioarekin pozik eta ez zen Jainkoarengandik gertu sentitzen. Orduan, Lekukoekin Biblia aztertzea onartu zuen. Ondorioz, Jainkoa bere laguna bezala ikusten hasi zen. Gainera, zur eta lur geratu zen Jainkoaren izena hainbat Biblietatik ezabatua eta Jaun bezalako tituluekin ordezkatua izan zela ikasi zuenean. Jehobaren izena ikasteak bere bizitza aldatu zuen. Honakoa esan zuen: «Nire lagunik onenak izena du!». Zer eragin izan zuen honek berarengan? Aaliyah-k dio: «Orain bake handia sentitzen dut bihotzean. Hau bai ohorea!». Azter dezagun orain musikaria izandako Steve-n kasua. Bera tradizio zorrotzeko familia judu batean hazi zen. Erlijioetan hipokrisia handia ikusi zuenez, hauetatik aldendu egin zen. Baina ama hil ondoren, Jehobaren lekuko batek zuzentzen zuen Biblia ikastaro batean egotea onartu zuen. Jainkoaren izena jakiteak bere bihotza ukitu zuen. Steve-k dio: «Ez nuen Jainkoaren izena ezagutzen. Jainkoa pertsona erreal bat dela jakin nuen lehen aldiz. Orduan konturatu nintzen Lagun bat topatu nuela».
17. Zergatik duzu Jehobaren izena goresten jarraitzeko determinazioa? (Ikusi irudia ere)
17 Predikatzean eta Biblia irakastean, hitz egiten al duzu besteekin Jehobaren izen santuari buruz? Laguntzen al diezu Jainkoa benetan nolakoa den ikusten? Hala egitean, Jainkoaren izena goresten duzu. Beraz, jarrai dezagun Jehobaren izen santua goresten besteei izen horren atzean dagoen Pertsona ezagutzen lagunduz. Era horretara, biziak salbatuko ditugu, gure Errege Jesu Kristoren gida jarraituko dugu eta, gauza guztien gainetik, gure Aita maitekorra Jehoba poztuko dugu. «[Bere] izena beti goretsi» dezagun! (Sal. 145:2).
JAINKOAREN IZENA GORESTEAK NOLA ...
pozten du Jehoba?
pozten du Jesu Kristo?
salbatzen ditu biziak?
sjj 2. KANTA Jehoba da zure izena
a Jesusen hitzak aipatzen diren jatorrizko testuan, Markosek Jainkoaren izena erabili zuela sinesteko arrazoi onak daude. Horregatik Mundu Berriko Itzulpenak Jainkoaren izena erabiltzen du bertset honetan. Ikusi Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpeneko bertset honen ikasketarako oharra.
b Izen batzuk aldatu egin dira.