47. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Aski sendoa izango ote da zure fedea?
«Ez izan kezkarik: sinetsi [“erakutsi fedea”, NWT]» (JN 14:1).
sn 54. KANTA Eduki benetako fedea
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1. Zer galdetu dezakegu etorkizunari buruz?
LASTER gertatuko dira erlijio faltsuaren suntsiketa, Magog herrialdeko Gogen erasoa eta Harmagedonen guda. Urduri jartzen al zara etorkizunean pentsatzean? Galdetzen al diozu zeure buruari: «Leial izango ote naiz gauza beldurgarri horiek gertatzean?». Pentsamendu hau burutik pasa bazaizu, aipu nagusiko Jesusen hitzetatik asko ikasiko duzu. Bere ikasleei esan zien: «Ez izan kezkarik: sinetsi [“erakutsi fedea”, NWT]» (Jn 14:1). Fede sendoak etorkizunean ausart izaten lagunduko digu.
2. Nola sendotu dezakegu gure fedea eta zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Etorkizunean probei aurre egiteko fede sendoa izan nahi badugu, fede probei orain nola aurre egiten diegun aztertu behar dugu. Hori egiten badugu, gure fedea non hobetu behar dugun ikusiko dugu. Gainditzen dugun proba bakoitzarekin, gure fedea sendoagoa egiten da. Honek etorkizuneko zailtasunen aurrean irauten lagunduko digu. Artikulu honetan, Jesusen jarraitzaileek fede gehiago behar zutela erakutsi zuten lau egoera berrikusiko ditugu. Gainera, gaur egun antzeko erronkak izan ditzakegula eta hauek etorkizunerako prestatzen gaituztela ikusiko dugu.
JAINKOAK MATERIALKI ZAINDUKO GAITUEN FEDEA
3. Zer ulertzen laguntzen digute Mateo 6:30, 33 ko Jesusen hitzek?
3 Normala da familiaburuek emazte eta seme-alabei janaria, arropa eta etxea eman nahi izatea. Baina garai zail hauetan hori egitea ez da beti erraza. Kasu batzuetan, gure anai-arrebek lana galdu dute eta, asko ahalegindu arren, ezin izan dute besterik aurkitu. Eta beste batzuek kristauontzako egokiak ez diren lanei ezetz esan behar izan diete. Horrelako kasuetan, fede sendoa behar dugu Jehobak gure familiak behar duena emango digun konfiantza izateko. Jesusek argi utzi zien hau bere ikasleei Mendiko Hitzaldian (Irakurri Mateo 6:30, 33). Jehobak ez gaituela utziko guztiz konbentziturik gaudenean, gure arreta behar den tokian jartzeko gai izango gara: bere zerbitzuan. Jehobak bizitzeko behar dugunarekin laguntzen digula ikusten dugunean, berarengana gerturatuko gara eta gure fedea sendotu egingo da.
4, 5. Zerk lagundu zion familia bati materialki beharrezkoa lortzeko kezkaren aurrean?
4 Ikusi nola zaindu zuen Jehobak Venezuelako Castro familia. Oso kezkatuta zeuden ezin zutelako bizitzeko behar zutena lortu. Lehen, beraien baserrian lan eginez oinarrizko gauzak lortzen zituzten. Baina, gaizkile talde armatu batek beraien lurrak uztera behartu zituen. Aitak, Miguelek, dio: «Orain, utzi diguten lur zati txiki batek ematen duenetik bizi gara batez ere. Eguna hasten denean, egun horretarako behar dudana emateko eskatzen diot Jehobari otoitzean». Bizitza zaila da familia honentzat, baina Jehobak egunero zainduko dituen konfiantza osoa izanez, bileretan eta predikazioan parte hartzeko ohitura dute. Jehoba zerbitzatzeari lehentasuna ematen diote, eta berak bizitzeko behar dutena ematen die.
5 Garai zail honetan, Miguel eta bere emazteak, Yuraik, Jehobak nola zaindu dituen pentsatzen jarraitu dute. Batzuetan, Jehobak fedekideak erabili ditu behar zutena emateko edo Miguelentzako lan apropos bat lortzeko. Beste batzuetan, sukurtsalaren bidez eman die laguntza. Jehobak ez ditu inoiz utzi. Honi esker, familiaren fedea indartu dela ikusi dute. Jehobak lagundu zituen momentu zehatz bati buruz hitz egin ondoren, Yoselinek, alaba zaharrenak, dio: «Hunkigarria da Jehobaren eskua argi ikustea. Nire laguna da eta ziur nago beti lagunduko nauela». Hau ere esaten du: «Gure familiak pasatako probek etorkizunean izango ditugun proba zailagoetarako prestatu gaituzte».
6. Nola indartu dezakezu zure fedea arazo ekonomikoak dituzunean?
6 Arazo ekonomikoak al dituzu? Hala bada, garai zaila izango da zuretzako. Hala ere, egoera zaila izan arren, denbora hau zure fedea indartzeko erabili dezakezu. Otoitz egin eta Mateo 6:25-34ko Jesusen hitzak irakurri eta hauetan hausnartu. Pentsatu Jehobak gaur egun bere zerbitzuan lanpetuta daudenak nola zaintzen dituen (1 Ko 15:58). Gure zeruko Aitak zure antzeko egoeran zeudenak zaindu dituela konturatzean, zu ere zainduko zaituen ziurtasuna izango duzu. Badaki zer behar duzun eta nola eman. Jehobaren laguntza zure bizitzan sentitzean, zure fedea indartuko da eta etorkizunean proba zailagoak gainditu ahal izango dituzu (Hab 3:17, 18).
«EKAITZ GOGORREI» AURRE EGITEKO FEDEA
7. Mateo 8:23-26 aren arabera, nola jarri zuen «ekaitz gogor» batek ikasleen fedea probapean?
7 Jesus eta bere ikasleak txalupan zihoazela, bat-batean, ekaitza hasi zen. Jesusek une hori fedea non sendotu behar zuten erakusteko aprobetxatu zuen (Irakurri Mateo 8:23-26). Ekaitza gogortu eta olatuak txalupara sartzen hasi ziren baina Jesus, lasai-lasai, lo zegoen. Ikasleak guztiz ikaratuta zeudenez, Jesus esnatu eta salbatzeko eskatu zioten. Honek galdetu zien: «Zergatik zarete hain beldur, sinesmen gutxikook?». Ikasleek dagoeneko argi ikusi behar zuten: Jehoba txalupan zeudenak babesteko gai zen. Zer ikasten dugu? Fede sendoak «ekaitz gogorretik», edo ekaitza bezalako arazoetatik, onik ateratzen lagundu gaitzakeela.
8, 9. Zein izan zen Anelen fede proba eta zerk lagundu zion?
8 Ikus dezagun Anel izeneko Puerto Ricoko arreba ezkongabe bati gertatutakoa. Bere fedea proba zail baten ondoren sendotu zen. Anelen «ekaitz gogorra» benetakoa izan zen. 2017an Maria urakanak etxea suntsitu zion. Ekaitzaren ondorioz, lana galdu zuen. «Egun zail haietan oso larriturik nengoen», aitortzen du. «Otoitzaren bidez, Jehobarengan konfiantza jartzen eta kezkengatik ez paralizatzen ikasi nuen».
9 Anelek probari aurre egiten lagundu dion beste zerbait aipatzen du: obedientzia. Berak dio: «Erakundearen gida jarraitzeak lasai egoten lagundu zidan. Jehobaren eskua ikusi nuen anai-arreben laguntzan. Animatu eta behar nituen gauzak eman zizkidaten». Gainera, esaten du: «Jehobak eskatu nezakeena baino askoz gehiago eman zidan, eta nire fedea izugarri sendotu zen».
10. Zer egin dezakezu «ekaitz gogor» bati aurre egiten ari bazara?
10 «Ekaitz gogor» bati aurre egiten ari zara? Agian hondamendi natural baten ondorioz izan daiteke. Edo, beharbada, gaixotasun larri batengatik oso desanimatuta zaude eta ez dakizu zer egin. Baliteke batzuetan larrituta sentitzea, baina ez utzi horrek Jehobarengan duzun konfiantza ahuldu dezan. Berarengana hurbildu bihotz-bihotzez otoitz eginez. Iraganean Jehobak lagundu zaituen moduan hausnartuz, zure fedea indartu (Sal 77:12, 13 [77:11, 12, NWT]). Ziur egon, Jehobak ez zaitu sekula utziko, ez orain, ezta etorkizunean ere.
11. Zergatik obeditu nahi diegu aurrea eramaten dutenei?
11 Zer gehiagok lagunduko dizu probak gainditzen? Anelek esan zuen bezala, obedientziak. Jehoba eta Jesusek konfiantza dutenengan konfiantza izaten ikasi. Batzuetan, aurrea eramaten dutenen jarraibideak arraroak direla pentsatu dezakegu. Baina Jehobak obedientzia bedeinkatzen du. Jainkoaren Hitzari eta zerbitzari leialen bizipenei esker, argi ikusten dugu obedientziak biziak salbatzen dituela (Ir 14:1-4; 2 Kro 20:17). Hausnartu eredu hauetan. Hori egiteak, Jehobaren erakundearen gida orain eta etorkizunean jarraitzeko gogoa indartuko dizu (Heb 13:17). Horrela, laster etorriko den ekaitz handienaren aurrean, ez duzu beldur izateko arrazoirik izango (Es 3:25).
INJUSTIZIEI AURRE EGITEKO FEDEA
12. Zer lotura egiten du Lukas 18:1-8 pasarteak fedea edukitzea eta injustiziaren aurrean irautearen artean?
12 Jesusek bazekien injustiziek bere ikasleen fedea probapean jarriko zutela. Irauten laguntzeko, Lukas liburuan aurkitzen dugun parabola eman zuen. Jesusek alargun baten istorioa kontatu zuen. Honek epaile bidegabe bati behin eta berriz justizia eskatzen zion. Bazekien horretan tinko jarraitzen bazuen, azkenean lortuko zuela. Denborarekin, epaileak bere erreguei erantzun zien. Zer ikasten dugu? Jehoba zuzena dela kontuan izanez, Jesusek esan zuen: «Eta Jainkoak ez ote die justizia egingo gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei?» (Irakurri Lukas 18:1-8). Orduan gaineratu zuen: «Baina Gizonaren Semea datorrenean, aurkituko ote du horrelako sinesmenik munduan?». Injustiziak jasatean, gure pazientzia eta tinkotasunaren bidez, alargunarena bezalako sinesmen edo fede sendoa daukagula erakutsi behar dugu. Horrelako fedearekin, ziur egon gaitezke Jehobak lehenago edo beranduago lagunduko digula. Otoitzak duen indarrean ere sinetsi behar dugu. Batzuetan, gure otoitzek espero ez ditugun erantzunak jaso ditzakete.
13. Nola lagundu zion otoitzak injustizia jasaten ari zen familia bati?
13 Vero izeneko arreba bat Kongoko Errepublika Demokratikoan bizi da. Milizia talde baten erasoaren ondorioz, Vero, lekukoa ez den bere senarra eta 15 urteko alabak herritik ihes egin behar izan zuten. Bidean, familiak kontrol batekin topo egin zuen. Soldaduek geldiarazi eta hilko zituztela esanez mehatxatu zituzten. Vero negarrez hasi zen. Alaba ama lasaitzen saiatu zen, ozenki otoitz eginez eta Jehobaren izena behin eta berriz erabiliz. Amaitzean, komandanteak galdetu zion: «Neskatxa, nork irakatsi dizu otoitz egiten?». Eta alabak erantzun: «Amak, Mateo 6:9-13ko eredua erabiliz». Komandanteak esan zuen: «Neskatxa, zoaz bakean gurasoekin eta zure Jainko Jehobak gorde zaitzala!».
14. Zerk jarri dezake gure fedea probapean eta zerk lagunduko digu irauten?
14 Bizipen hauek otoitzaren garrantzia gogoratzen laguntzen digute. Baina zer gertatzen da zure otoitzak ez badira berehala edo modu ikusgarrian erantzuten? Jesusen parabolako alargunak bezala, jarraitu otoitz egiten. Ziur egon Jainkoak ez zaituela utziko eta bere garaian nolabait erantzungo dizula. Jarraitu Jehobari espiritu santua eskatzen (Lk 11:13). Gogoratu: Jehobak laster hainbeste bedeinkatuko zaitu, non pasatako sufrimenduak ahaztuko dituzun. Jehobaren laguntzarekin probak gainditzen dituzunean, etorkizunerako indartsuago izango zara (1 P 1:6, 7).
OZTOPOAK GAINDITZEKO FEDEA
15. Mateo 17:19,20 aren arabera, zein izan zen Jesusen ikasleen oztopoa?
15 Jesusek bere ikasleei fedeak oztopoak gainditzen lagunduko ziela erakutsi zien (Irakurri Mateo 17:19, 20). Behin, ikasleek ezin izan zuten deabru bat kanporatu, beste batzuetan egin izan arren. Zein zen arazoa? Jesusek fede gehiago behar zutela azaldu zien. Fede aski bazuten, mendien tamainako oztopoak mugitu ahal izango zituztela esan zien! Gaur egun, guk ere gaindiezinak diruditen arazoak izan ditzakegu.
16. Nola lagundu dio fedeak Geydiri izugarrizko pena jasaten?
16 Pentsa ezazu Geydi, Guatemalako arreba baten bizipenean. Kongregazioko bilera batetik itzultzen ari zirela, Edi, bere senarra, hil egin zuten. Nola lagundu dio fedeak Geydiri izugarrizko pena hau jasaten? Berak dio: «Otoitzak nire zama Jehobaren eskuetan uzten laguntzen nau, eta honek bakea ematen dit. Jehobak nire familia eta kongregazioko lagunen bidez zaintzen nauela ikusten dut. Jehobaren zerbitzuan lanpetuta egoteak mina arintzen dit. Egunez egun joaten eta biharko egunaz hainbeste ez kezkatzen laguntzen nau. Bizipen honi esker, etorkizunean zer proba datorren axola gabe, Jehoba, Jesus eta erakundearen laguntzarekin gainditu ahal izango dudala ikasi dut».
17. Zer egin dezakegu mendien antzeko oztopoen aurrean?
17 Maite duzun norbaiten heriotzarengatik sufritzen ari al zara? Zure fedea indartzeko denbora hartu, berpizkundeei buruzko biblia-pasarteak irakurriz. Gaizki pasatzen ari al zara zure familia-kide bat kanporatua izan delako? Biblia aztertu Jainkoak diziplina emateko modua beti onena dela konbentzituta egoteko. Edozein arazo jasaten ari zarela, erabili aukera hori zure fedea indartzeko. Kontatu Jehobari zehatz-mehatz nola sentitzen zaren. Ez isolatu. Anai-arrebengandik hurbil mantendu (Es 17:17). Irauten lagunduko dizuten gauzak egin, malkotan egin behar badituzu ere (Sal 126:5, 6). Jarraitu zure ohitura espiritualekin: bilerak, predikazioa eta biblia-irakurketa. Jehobak zuretzako dituen bedeinkapen zoragarrietan pentsatzen jarraitu. Zure fedea indartsuago bihurtuko da Jehoba nola laguntzen ari zaizun ikusten duzun heinean.
«FEDEA GEHITU IEZAGUZU»
18. Zer egin dezakezu zure fedea hain sendoa ez dela konturatzen bazara?
18 Ez desanimatu probek zure fedea hain sendoa ez dela erakutsi badute. Fedea indartzeko aukera bat bezala ikusi. Jesusen apostoluek egindako eskaera berdina egin: «Fedea gehitu iezaguzu» (Lk 17:5, Ur, euskara batura egokituta). Honetaz gain, pentsatu artikulu honetan ikusi ditugun bizipenetan. Miguel eta Yuraik egin zuten bezala, gogoratu Jehobak zenbat aldiz lagundu dizun. Veroren alaba eta Anel imitatuz, bizi-bizi egin otoitz Jehobari, bereziki estu eta larri zabiltzanean. Eta Geydik bezala, kontuan izan Jehobak familia eta lagunak erabili ditzakeela zuri laguntzeko. Orain dituzun arazoekin Jehobari laguntzen uzten badiozu, seguruago egongo zara etorkizuneko edozein proba gainditzen lagunduko dizula.
19. Zer konfiantza zuen Jesusek eta zertaz egon zaitezke ziur?
19 Jesusek bere ikasleei fede gehiago non behar zuten ikusten lagundu zien. Hala ere, ez zuen inoiz zalantzan jarri Jehobaren laguntzarekin probak gainditzeko gai izango zirela (Jn 14:1; 16:33). Gainera, fede sendoari esker gizatalde handi bat larrialdi handitik bizirik irtengo zela ziur zegoen (Ap 7:9, 14). Hor egongo ote zara? Jehobaren laguntzarekin, zure fedea sendotzeko ahal duzun guztia orain egiten baduzu, bai! (Heb 10:39).
sjj 118. KANTA Eman, arren, fedea
a Mundu gaizto honen amaiera etortzea nahi dugu. Hala ere, batzuetan zalantza egin dezakegu azkeneraino irauteko fede aski sendoa izango ote dugun. Artikulu honetan, fedea indartuko diguten bizipenak eta ikasgai praktikoak ikusiko ditugu.