3. KAPITULUA
«Espiritu santuz bete ziren»
Pentekostean, espiritu santua isuri zenean gertatu zena
Eginak 2:1-47 pasartean oinarrituta
1. Deskribatu Pentekoste jaiko giroa.
JERUSALEMEKO kaleetan zirrara handia dago.a Tenpluko aldarearen kea zerura igotzen ikusten da lebitarrek Hallel gorespen kanta abesten duten bitartean (Sal. 113-118). Kantu hau, ziurrenik, antifonala da, hau da, talde batek zati bat abesten du eta beste batek erantzun egiten dio. Kaleak bisitariz gainezka daude. Leku oso urrunetatik etorriak dira, esaterako, Elam, Mesopotamia, Kapadozia, Ponto, Egipto eta Erromatik.b Zer ari dira ospatzen? Pentekostea, «lehen fruituen egun[a]» izenarekin ere ezaguna dena (Zen. 28:26). Urtero garagarraren uztaren amaieran eta gariaren uztaren hasieran ospatzen da festa alai hau.
2. Zer gauza harrigarri gertatzen da K.o. 33. urteko Pentekostean?
2 Kristo ondorengo 33. urteko udaberriko goiz bat da. Bederatziak aldera, mendeetan zehar oroituko den gauza harrigarri bat gertatzen da: Bat-batean «soinu handi bat» entzuten da zerutik, «haize-bolada zakar bat bezalakoa» (Eg. 2:2). Jesusen 120 dizipulu bilduta dauden etxe osoan entzuten da burrunba. Ondoren, txundigarria den zerbait gertatzen da: su antzeko mihiak ikusten dituzte eta, hauek, dizipulu bakoitzaren gainean kokatzen dira.c Gero, «den-denak espiritu santuz bete» eta atzerriko hizkuntzetan hitz egiten hasten dira! Dizipuluak etxetik ateratzen direnean, Jerusalemeko etxeetan dauden bisitariak zur eta lur geratzen dira dizipuluek beraiekin hitz egin dezaketelako. Izan ere, «bakoitzak norberaren hizkuntzan hitz egiten» entzuten die (Eg. 2:1-6).
3. a) Zergatik izan zen K.o. 33. urteko Pentekostea egun garrantzitsu bat egiazko adorazioan? b) Nola erabili zuen Pedrok Erreinuko giltzetako bat bere hitzaldia ematean?
3 Pasarte zirraragarri honek egiazko adorazioan gertakari garrantzitsu bat deskribatzen du: Israel espiritualaren, hau da, kristau gantzutuen kongregazioaren hasiera (Gal. 6:16). Baina hori ez da guztia. Egun hartan, Pedrok jendetza baten aurrean hitz egin zuenean, Erreinuko hiru giltzetako lehenengoa erabili zuen. Hiru giltza horietako bakoitzak bedeinkapen bereziak jasotzeko aukera ematen zien talde desberdini (Mat. 16:18, 19). Lehenengo giltza honek judu eta judu berriei berri onak onartzeko eta Jainkoaren espiritu santuz gantzutuak izateko aukera eman zien.d Horrela, Israel espiritualaren parte bihurtuko ziren eta, ondorioz, Erreinu Mesianikoaren errege eta apaiz izateko esperantza izango zuten (Ap. 5:9, 10). Denborarekin, aukera hori samariarrei eta, gero, jentilei zabalduko zitzaien. Zer ikasten dugu gaur egungo kristauok K.o. 33. urteko Pentekosteko gertakari garrantzitsuetatik?
«Denak toki berean zeuden bilduta» (Eginak 2:1-4)
4. Nola jarraitzen du gaur egungo kristau kongregazioak K.o. 33. urtean sortu zen kongregazioaren lana egiten?
4 Kristau kongregazioa 120 dizipulu ingururekin hasi zen. «Denak toki berean zeuden bilduta» goiko gela batean, eta espiritu santuz gantzutuak izan ziren (Eg. 2:1-4). Egunaren amaierarako, milaka lagun bataiatu ziren. Baina hori hasiera besterik ez zen izan, erakunde horrek hazten jarraitzen duelako. Hala da, gaur egun kristau kongregazioa Jainkoari errespetu sakona dioten gizon-emakumez osatuta dagoen erakundea da. Hauek dira «Erreinuaren berri onak lur osoan» predikatzen ari direnak, sistemaren azkena iritsi aurretik (Mat. 24:14).
5. Bai lehen mendean, bai gaur egun, zertaz gozatuko zuten kristau kongregazioaren parte zirenek?
5 Kristau kongregazioak honen parte zirenak laguntzen eta animatzen zituen, hau da, gantzutuak eta, denborarekin, «beste ardiak» (Joan 10:16). Paulok asko estimatzen zuen anai-arrebek batak besteari ematen zioten laguntza. Horregatik, honakoa idatzi zien Erromako kristauei: «Zuek ikusi nahian nago, sendogarri izango zaizuen espirituzko dohainen bat emateko, edo, hobeki esan, zuek eta nik batera dugun sinesmenean elkar adoretzeko» (Erm. 1:11, 12).
6, 7. Nola ari da gaur egungo kristau kongregazioa herri guztietako jendeari predikatzeko eginkizuna betetzen?
6 Gaur egun, kristau kongregazioak lehen mendean zituen helburu berak ditu. Hasteko, Jesusek dizipuluei eman zien eginkizuna bete behar du. Lan hau zaila, baina zirraragarria izango zen: «Zoazte, ba, eta egin dizipuluak herri guztietako jendearen artetik, Aitaren eta Semearen eta espiritu santuaren izenean bataiatuz, eta agindu dizuedan guztia obeditzen irakatsiz» (Mat. 28:19, 20).
7 Jainkoa Jehobaren lekukoen kristau kongregazioa erabiltzen ari da eginkizun hori betetzeko. Noski, hizkuntza desberdinak hitz egiten dituzten pertsonengana iristea erronka handia da. Hala ere, Jehobaren lekukoek Biblian oinarritutako argitalpenak egiten dituzte mila hizkuntza baino gehiagotan. Dagoeneko bileretara joaten bazara eta predikatzeko eta dizipuluak egiteko lanean parte hartzen baduzu, pozik egon zaitezke. Izan ere, gutxi batzuk dira Jehobaren izenaren testigantza osoa emateko ohorea dutenak, eta zu, horietako bat zara!
8. Zer bedeinkapen jasotzen dituzu zuk kongregazioaren parte izateagatik?
8 Garai latz hauei poztasunez aurre egiteko, Jehobak mundu mailako anaiarte bat eman digu. Paulok ondorengoa idatzi zien kristau hebrearrei: «Lagun diezaiogun elkarri, maitasunean eta egintza onetan elkar gogoberotuz. Ez utzi batzarrera joateari, batzuen batzuek ohi duten bezala, baizik eta adoretu elkar, eta are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela ikusten duzuen honetan» (Heb. 10:24, 25). Kristau kongregazioa Jehobak elkar adoretzeko eman digun oparia da. Beraz, egon anai-arrebengandik gertu, eta ez utzi bileretara joateari!
«Bakoitzak norberaren hizkuntzan hitz egiten entzuten zien» (Eginak 2:5-13)
9, 10. Zer egin dute anai-arreba batzuek hizkuntza desberdina hitz egiten duen jendeari predikatzeko?
9 Imajinatu zer-nolako zirrara sentituko zuten judu eta judu berriek K.o. 33. urteko Pentekostean. Gehienek, ziurrenik, hizkuntza amankomun bat zuten, agian grekoa edo hebreera. Baina orain, «bakoitzak norberaren hizkuntzan hitz egiten entzuten zien dizipuluei» (Eg. 2:6). Dudarik gabe, berri onak euren ama-hizkuntzan entzuteak bihotza ukituko zien. Noski, kristauok gaur egun ez dugu atzerriko hizkuntzetan hitz egiteko gaitasun miragarririk jaso. Hala ere, anai-arreba asko nazio guztietako pertsonei predikatzen ari zaie. Nola? Batzuek hizkuntza berri bat ikasi dute atzerriko hizkuntzako kongregazio batean edo atzerrian zerbitzatzeko. Askotan, egin dituzten ahaleginengatik euren entzuleak harrituta gelditzen direla ikusten dute.
10 Halaxe gertatu zitzaion Christine izeneko Lekuko bati. Berak Gujaratera ikasteko ikastaro bat egin zuen beste zazpi Lekukorekin batera. Gujaratera hitz egiten zuen lankide batekin aurkitu zenean, bere ama-hizkuntzan agurtu zuen. Emakumea harrituta geratu zen eta Christineri zergatik ari zen hizkuntza zail hori ikasteko ahalegina egiten galdetu zion. Beraz, Christinek testigantza bikaina eman ahal izan zuen, eta emakumeak honakoa esan zion: «Zuen mezuak oso garrantzitsua izan beharko du».
11. Zer egin dezakegu beste hizkuntzetako pertsonei predikatzeko?
11 Noski, guztiok ezin dugu hizkuntza berri bat ikasi. Baina beste hizkuntza bat hitz egiten duten pertsonei predikatzeko prestatu gaitezke. Nola? Adibidez, JW Language® aplikazioa erabiliz. Honekin zure eremuan hitz egiten den hizkuntzaren bateko agur bat ikasi dezakezu, baita jendearen interesa piztu dezakeen esaldiren bat ere. Erakutsi iezaiezu jw.org webgunea eta bertan bere hizkuntzan dauden bideo eta argitalpenak. Beraz, aprobetxatu ditzagun tresna hauek. Lehen mendean, atzerriko jendea txundituta gelditu zen berri onak «norberaren hizkuntzan» entzutean, eta honek asko poztu zituen lehen mendeko kristauak. Guk poztasun bera sentitu dezakegu.
«Pedro [...] zutik jarri zen» (Eginak 2:14-37)
12. a) Nola aurresan zuen Joelek Pentekostean gertatu zena? b) Zergatik espero zuten Jesusen dizipuluek Joelen profezia lehen mendean betetzea?
12 «Pedro […] zutik jarri zen» hizkuntza desberdinak hitz egiten zituen talde horri hitz egiteko (Eg. 2:14). Jainkoak dizipuluei hizkuntza desberdinetan hitz egiteko gaitasuna eman ziela eta horrek Joelen honako profezia betetzen zuela azaldu zien: «Neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei» (Joel 3:1 [2:28, NWT]). Zerura igo aurretik, Jesusek honakoa esan zien bere dizipuluei: «Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue». Jesusek berak azaldu zien zein zen laguntzaile hori: espiritu santua (Joan 14:16, 17).
13, 14. Nola ukitu zituen Pedrok pertsonen bihotzak, eta nola imitatu dezakegu bere eredua?
13 Pedrok bere hitzaldia hitz sendo hauekin amaitu zuen: «Israel herriko inork ez dezala zalantzarik izan Jainkoak Jesus hau Jaun eta Kristo egin zuela, zuek zutoinean exekutatu duzuen Jesus hau» (Eg. 2:36). Noski, entzule gehienek ez zuten Jesus aurrez aurre zutoinean hiltzen ikusi. Baina Jesus hil zuen nazioaren parte zirenez, beraiek ere erantzule ziren. Hala ere, Pedrok errespetuz hitz egin zien eta euren bihotzak ukitzen saiatu zen. Pedroren helburua beraiek damutu zitezen zen, ez kondenatuak sentiaraztea. Haserretu al ziren? Ez. Horren ordez, «min-ziztada handia sentitu zuten bihotzean», eta galdetu zuten: «Zer egin behar dugu?». Ziurrenik, Pedrok hitz egiteko izan zuen moduak bihotzak ukitzen lagundu zion eta, horri esker, asko damutu egin ziren (Eg. 2:37).
14 Guk ere Pedroren eredua imitatu dezakegu pertsonen bihotzetara iristeko. Predikatzean ez ditugu aipatzen dizkiguten ideia oker guztiak zuzentzen. Horren ordez, ados gauden ideiei buruz hitz egiten dugu eta, horrela, Jainkoaren Hitzak dioena ulertzen lagundu ahal diegu. Predikatzean modu egokian hitz egiten badugu, errazagoa izango da bihotz oneko jendeak Bibliako egiak onartzea.
«Pedrok esan zien: “[...] bataiatu”» (Eginak 2:38-47)
15. a) Zer esan zien Pedrok judu eta judu berriei, eta nola erantzun zuten hauek? b) Zergatik esan dezakegu Pentekostean bataiatu zirenak hori egiteko prest zeudela?
15 33. urteko Pentekoste egun zirraragarri horretan, Pedrok honakoa esan zien judu eta judu berri haiei: «Damutu eta Jesu Kristoren izenean bataiatu» (Eg. 2:38). Ondorioz, 3.000 bat lagun bataiatu ziren, seguruenik Jerusalemen edo inguruan zeuden ur putzuetan.e Azkarregi bataiatu al ziren? Esan nahi al du pasarte honek Biblia ikasleak eta kristauen haurrak lehenbailehen bataiatu behar direla, nahiz eta horretarako prest ez egon? Ez, noski. Gogoratu: egun hartan bataiatu ziren judu eta judu berriak Jainkoaren Hitzaren ikasle onak ziren eta Jehobari eskainita egon zen nazioaren parte ziren. Gainera, Jainkoa adoratzeko gogo bizia erakutsi zuten. Izan ere, batzuek bidaia oso luzea egin zuten urteroko festa honetan egoteko. Jesu Kristok Jainkoaren helburuan duen eginkizunari buruzko oinarrizko egiak onartu ondoren, Jainkoa zerbitzatzen jarraitzeko prest zeuden, baina, orain, Jesu Kristoren jarraitzaile bataiatu bezala.
16. Nola erakutsi zuten lehen mendeko kristauek eskuzabaltasuna?
16 Argi dago Jehoba talde hura bedeinkatzen ari zela. Izan ere, pasarteak dio: «Sinesten hasi ziren guztiak elkarrekin zeuden eta zeukaten guztia konpartitzen zuten. Beraien lur eta ondasunak saltzen zituzten, eta ateratako dirua bakoitzaren beharren arabera banatzen zuten» (Eg. 2:44, 45).f Zalantzarik gabe, gaur egungo kristauok beraien maitasuna eta eskuzabaltasuna imitatu nahi ditugu.
17. Zer pauso eman behar ditu norbaitek bataiatu ahal izateko?
17 Noski, Jehobari bere burua eskaini eta bataiatu nahi duenak Biblian agertzen diren urrats batzuk eman behar ditu. Lehenik, Jainkoaren Hitzak irakasten duena ikasi behar du (Joan 17:3). Gero, fedea erakutsi behar du, eta iraganean egindako akatsengatik damutu behar da, benetan atsekabetuta dagoela erakutsiz (Eg. 3:19). Ondoren, iraganeko jokabidetik itzuli eta Jainkoari atsegin zaizkion gauzak egiten hasi behar du (Erm. 12:2; Efe. 4:23, 24). Pauso hauek eman ondoren, Jehobari otoitzean bere burua eskaini ahalko dio eta, gero, bataiatu ahal izango da (Mat. 16:24; 1 Ped. 3:21).
18. Zer ohore dute bataiatutako kristauek?
18 Eta zu, dagoeneko Jehobari bere burua eskaini dion eta bataiatuta dagoen kristaua al zara? Hala bada, ohore zoragarria duzu. Jehobak, lehen mendeko kristauekin egin zuen bezala, bere espiritua emango dizu testigantza osoa emateko eta bere nahia egin ahal izateko!
a Ikusi «Jerusalem: Judaismoaren erdigunea» taula.
b Ikusi ondorengo taulak: «Erroma: Inperioaren hiriburua», «Juduak Mesopotamian eta Egipton» eta «Kristautasuna Ponton».
c Bibliak «su antzeko mihiak» ikusi zituztela dio. Beraz, espiritu santua dizipulu bakoitzaren gain isuria izan zenean, su itxura zuen, baina ez zen benetako sua.
d Ikusi «Nortzuk ziren judu berri edo proselitoak?» taula.
e Hura ez zen pertsona gehien bataiatu diren eguna izan. 1993ko abuztuaren 7an, Kieven (Ukraina) ospatu zen Jehobaren lekukoen nazioarteko biltzar batean, 7.402 pertsona bataiatu ziren sei piszinatan. Bi ordu eta 15 minutu behar izan ziren bataio guztiak egin ahal izateko.