40. IKASKETARAKO ARTIKULUA
«Besteei bide zuzenetik ibiltzen lagundu»
«Besteei bide zuzenetik ibiltzen lagundu dietenek izarrak bezala [distiratuko dute] betikotasunean» (DN 12:3).
sjj 151. KANTA Jainkoak dei egingo du
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1. Zein momentu hunkigarri biziko ditugu Mila Urteko Erregetzan zehar?
JESU KRISTOREN Mila Urteko Erregetzan zehar, berpizkundea hasiko da lurrean. Zein egun zoragarria izango den hori! Gutako nork ez du galdu maite duen norbait heriotzean? Beraiek ikusteko irrikitan gaude eta Jehoba ere bai (Jb 14:15). Pentsatu zein hunkigarria izango den lur osoan zehar pertsonak beraien senide eta lagunekin elkartzen ikustea. Aurreko artikuluan ikasi genuen bezala, «zuzenak», hau da, beraien izena biziaren liburuan idatzita dutenak, «bizirako berpiztuko dira» (Eg 24:15, NWT; Jn 5:29, NWT). Agian, maite ditugun horietako asko Harmagedon gertatu eta gutxira berpiztuko dira.b Gainera, «zuzenak izan ez zirenak», hauen artean hil aurretik Jehoba ezagutzeko edo bera leialki zerbitzatzeko nahiko aukera izan ez zutenak, «epaituak izateko» berpiztuko dira.
2, 3. a) Isaias 11:9, 10aren arabera, zer irakatsiko da inoiz egin den hezkuntza programarik handienean eta zergatik? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Berpiztu guztiei irakatsi egin beharko zaie (Is 26:9; 61:11). Beraz, inoiz egin den hezkuntza programa handiena martxan jarri beharko da (Irakurri Isaias 11:9, 10). Zergatik? Alde batetik, zuzenak izan ez zirenek honako gauzei buruz ikasi beharko dutelako: Jainkoaren Erreinua, Jesusen erreskatea, Jehobaren izenaren garrantzia eta bere subiranotasuna. Beste aldetik, zuzenek ere eguneratu egin beharko dute, Jehobak lurrerako duen helburua poliki-poliki argitu baitu. Hauetako batzuk Biblia osatu baino lehen hil ziren. Beraz, bi taldeek asko izango dute ikasteko.
3 Artikulu honetan, galdera hauek erantzungo ditugu: Zer suposatuko du aparteko hezkuntza programa hau martxan jartzeak? Zer gertatuko zaio programa honi ondo erantzuten duen jendeari? Eta ondo erantzuten ez duenari? Galdera hauen erantzunak inportanteak dira guretzat. Ikusiko dugun bezala, Apokalipsia eta Daniel liburuko profezia liluragarri batzuek hildakoak berpiztean zer gertatuko den erakutsiko digute. Lehenik hasi gaitezen Daniel 12:1, 2ko profezia aztertzen. Ea zer kontatzen digun!
«IRATZARRI EGINGO DIRA HILOBIETAN DAUDEN ASKO»
4, 5. Zer esaten du Daniel 12:1ak azken egunei buruz?
4 Irakurri Daniel 12:1. Daniel liburuak azken egunetan gertatuko diren gauzen sekuentzia aipatzen du. Adibidez, Daniel 12:1ak Mikael edo Mikel, hau da, Jesu Kristo, Jainkoaren «herriaren zaindaria» dela dio. Profeziaren zati hori 1914an betetzen hasi zen, Jesus Jainkoaren Erreinuaren errege izendatua izan zenean.
5 Hala ere, Danieli Jesus «agertuko» zela esan zitzaion, baita hori noiz izango zen ere: «Larrialdi-garaia izango da, nazioak nazio direnez geroztik parekorik gabea». «Larrialdi-garaia» eta Mateo 24:21eko «larrialdi handia» garai bera da. Larrialdi garai honen bukaeran, hau da Harmagedonen, Jesus Jainkoaren herria defendatzeko agertuko da. Apokalipsia liburuak hauei «larrialdi handitik» ateratzen den gizatalde handia deitzen die (Ap 7:9, 14).
6. Zer gertatuko da gizatalde handia larrialdi handitik atera ondoren? Azaldu. (Ikusi ale honetako lurreko berpizkundeari buruzko «Irakurleen galderak» artikulua ere)
6 Irakurri Daniel 12:2. Zer gertatuko da gizatalde handia larrialdi handitik bizirik atera ondoren? Aipu hau ulertzen dugun modua aldatu egin da.c Profezia hau ez da azken egunetan gertatzen den berpizkunde sinboliko edo Jainkoaren zerbitzarien berpizte espiritual bati buruz ari. Horren ordez, mundu berrian gertatuko den hildakoen berpizkundeari buruz ari da. Hau azken egunak bukatu eta Harmagedon gertatu ondoren egongo den berpizkunde literala izango da.
7. a) Zer esan nahi du batzuk «betiko bizirako» berpiztuak izateak? b) Zergatik da hori «berpizte hobea»?
7 Zer esan nahi du Daniel 12:2ak batzuk «betiko bizirako» piztuko direla esaten duenean? 1.000 urteetan zehar, Jehoba eta Jesus ezagutu, edo ezagutzen jarraitu, eta obeditzen badituzte, azkenean, betirako biziko direla (Jn 17:3). Hauek iraganean berpiztuak izan zirenek baino «berpizte hobea» izango dute (Heb 11:35, Ol). Zergatik? Gizaki inperfektu horiek berriro hil zirelako.
8. Zer esan nahi du beste batzuk «betiko lotsarako» berpiztuak izateak?
8 Berpizten diren guztiek ez dute Jehobaren hezkuntza programa onartuko. Danielen profeziak dio batzuk «betiko lotsarako» berpiztuak izango direla. Jarrera errebeldea izango dutenez, beraien izenak ez dira biziaren liburuan idatziko. Ondorioz, betiko biziaren ordez, «betiko lotsa» edo suntsiketa izango dute. Beraz, Daniel 12:2a hildakoek berpiztu ondoren egingo dituzten gauzei buruz ari da (Ap 20:12).d Batzuk betiko biziko dira eta beste batzuk ez.
«BESTEEI BIDE ZUZENETIK IBILTZEN LAGUNDU»
9, 10. a) Daniel 12:3aren arabera, zer gertatuko da larrialdi handiaren ondoren? b) Nortzuk izango dira «ortziak bezala distiratuko» dutenak?
9 Irakurri Daniel 12:3. Zer gehiago gertatuko zen larrialdi garaiaren ondoren? Daniel 12:2ak bezala, 3. bertsetak ere larrialdi handiaren ondoren gertatuko zen zerbaitetaz hitz egiten du.
10 Nortzuk izango dira «ortziak bezala distiratuko» dutenak? Mateo 13:43ak pista bat ematen digu. Jesusek esan zuen: «Orduan, zintzoek eguzkiak bezala distira egingo dute beren Aitaren erreinuan». Hitz hauen testuinguruan «erreinuko seme-alabak» aipatu zituen. Beraz, berarekin zeruko Erreinuan zerbitzatuko duten bere anai-arreba gantzutuei buruz ari zen (Mt 13:38). Ondorioz, Daniel 12:3a gantzutuez eta Mila Urteko Erregetzan zehar egingo duten lanari buruz hitz egiten egon behar da.
11, 12. Zer lan egingo dute 144.000 gantzutuek 1.000 urteetan zehar?
11 Nola lagunduko diete gantzutuek besteei «bide zuzenetik ibiltzen»? Jesu Kristorekin elkarlanean arituko dira 1.000 urteetan zehar egongo den hezkuntza programa zuzentzen. 144.000 gantzutuak erregeak izateaz gain, apaizak ere izango dira (Ap 1:6; 20:6). Beraz, nazioak sendatzen lagunduko dute, gizakiak pixkanaka-pixkanaka perfekziora eramanez (Ap 22:1, 2, NWT; Ez 47:12). Dudarik gabe, gantzutuak pozaren pozez arituko dira lanean!
12 Nori lagunduko diete gantzutuek «bide zuzenetik ibiltzen»? Berpizten direnei, Harmagedonetik bizirik ateratzen direnei eta mundu berrian jaio daitezkeen seme-alabei. 1.000 urteen amaierarako, lurrean biziko diren guztiak perfektuak izango dira. Noiz idatziko dira, orduan, beraien izenak biziaren liburuan tinta iraunkorrez eta ez arkatzez?
AZKEN PROBA
13, 14. Zer erakutsi beharko dute lurreko biztanle perfektu guztiek betiko bizia jaso baino lehen?
13 Gogora dezagun perfektu izateak ez duela automatikoki esan nahi betiko biziko garenik. Izan ere, zer gertatu zen Adam eta Ebarekin gizaki perfektuak izan arren? Betirako bizia jasotzeko, Jehobari leialak zirela erakutsi behar zuten. Baina, tamalez, ez zioten obeditu (Erm 5:12).
14 1.000 urteen amaierarako, lurreko biztanle guztiak perfektuak izango dira. Baina egongo al dira betirako Jehobaren alde? Edo perfektuak izan arren, batzuk desleial bihurtuko al dira, Adam eta Eba bezala? Galdera horiek erantzutea beharrezkoa izango da. Ikus dezagun nola.
15, 16. a) Noiz izango dute lurreko biztanle guztiek Jehobari leialak direla erakusteko aukera? b) Zer izango da proba honen emaitza?
15 1.000 urte horietan, Satanas kartzelaratuta egongo da. Denbora horretan ezin izango du inor engainatu. Baina, 1.000 urteak bukatzean, denbora batez aske geldituko da. Orduan, gizaki perfektuak engainatzeko ahalegin guztiak egingo ditu. Proba horretan, gizaki perfektuek argi erakutsi beharko dute Jehobaren izena errespetatzen duten eta bere subiranotasunaren alde dauden ala ez (Ap 20:7-10). Bakoitzak egiten duenaren arabera, bere izena tinta iraunkorrez idatzita egongo da biziaren liburuan.
16 Batzuk, ez dakigu zehazki zenbat, Adam eta Eba bezalakoak izango dira eta Jehobaren agintaritza baztertuko dute. Zer gertatuko zaie? Apokalipsia 20:15ak dio: «Izena biziaren liburuan idatzirik ez zutenak […] suzko aintzirara jaurti zituzten». Horixe da errebeldeei gertatuko zaiena: betirako suntsituak izango dira. Baina gehiengoa leiala izango da eta proba pasako du. Orduan idatziko dira beraien izenak betirako biziaren liburuan.
«AZKEN GARAIA ARTE»
17. Zer esan zion aingeruak Danieli gure garaiari buruz? (Daniel 12:4, 8-10)
17 Etorkizunean gertatuko diren gauza hauei buruz pentsatzeak emozioz betetzen gaitu, ezta? Honetaz gain, aingeru batek Danieli azken garaian gertatuko zenari buruzko informazio inportantea eman zion (Irakurri Daniel 12:4, 8-10; 2 Tm 3:1-5). Gure garaian benetako «jakinduria sakondu» edo handituko zela esan zion. Beraz, Jainkoaren herriak Danielen liburuko profeziak ongi ulertuko zituen. Gainera, garai honi buruz aingeruak esan zuen: «Gaiztoek, ulertzeko gauza ez direnez, gaiztakeriak egiten jarraituko dute».
18. Zer gertatuko zaie laster gaiztoei?
18 Gaur egun, badirudi gaiztoek nahi dutena egin dezaketela ondoriorik sufritu gabe (Ml 3:14, 15). Baina laster, Jesusek akerrak bezalakoak direnak epaitu eta ardiak bezalakoak direnengandik bereiziko ditu (Mt 25:31-33). Gaizto hauek ez dira larrialdi handitik bizirik irtengo eta ez dute mundu berrian berpizteko aukerarik izango. Beraien izenak ez dira Malakias 3:16ko «oroigarritzat» idazten den liburuan egongo.
19. Zertarako garaia da orain eta zergatik? (Malakias 3:16-18)
19 Orain da gaiztoen artean ez gaudela frogatzeko garaia (Irakurri Malakias 3:16-18). Jehoba bere «jabego berezia» direnak elkartzen ari da, berarentzat oso baliotsuak baitira. Ziur hauen artean egon nahi dugula.
20. Zer azken promes egin zion Jehobak Danieli, eta zergatik zaude betetzen ikusteko irrikitan?
20 Ez al dizu zirrara sortzen garai honetan bizitzeak? Ba gauza askoz ere harrigarriagoak gertatzear daude. Laster, gaiztakeria guztiz desagertuko da. Horren ondoren, Jehobak Danieli egindako promesa betetzen ikusiko dugu: «Garaiaren azkenean altxatuko zara saria jasotzeko» (Dn 12:13). Daniel ikusteko gogotsu al zaude? Zure senide eta lagun maiteak «altxatuko» diren eguna iristeko irrikitan al zaude? Hala bada, ahal duzun guztia egin leial izateko. Horrela, seguru zure izena Jehobaren biziaren liburuan betirako idatzita egongo dela.
sjj 80. KANTA Dastatu eta ikustazu zein ona den Jainkoa
a Artikulu honetan Daniel 12:2, 3 ulertzeko modu berria aztertuko dugu. Hor hezkuntza programa handi bati buruz hitz egiten da. Noiz egingo da eta nork hartuko du parte? Nola prestatuko ditu lurreko biztanleak mila urteen amaieran egongo den azken probarako?
b Beharbada, berpizkundea azken egunetan leial izan zirenekin hasiko da. Gero atzeraka joango da belaunaldiz belaunaldi. Horrela baldin bada, belaunaldi bakoitzak bere ezagunei ongi etorria emateko aukera izango du. Ez dakigu ziur, baina zeruko berpizkundeari buruz hitz eginez, «bakoitza dagokion ordenan» berpiztuko dela dio Bibliak. Beraz, logikoa da lurreko berpizkundea modu ordenatuan izango dela pentsatzea (1 Ko 14:33; 15:23, NWT).
c Profezia hau lehen nola ulertzen genuen jakiteko jo Prestemos atención a las profecías de Daniel liburuko 17. kapitulura (Prêtons attention à la prophétie de Daniel !) eta 1987ko uztailak 1eko La Atalaya aldizkarira, 21-25 orrialdeetara (La Tour de Garde).
d Eginak 24:15 eta Joan 5:29 berriz, berpiztuko direnek hil aurretik egin zutenari buruz ari dira. Aipu hauetan, berpiztuko direnei buruz hitz egitean, «zuzenak» eta «zuzenak izan ez zirenak» eta «gauza onak egin zituztenak» eta «gauza txarrak egin zituztenak» esamoldeak erabiltzen dira.