Lekukoak ez diren senideen bihotza ukituz
«Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinarazi Jaunak, zutaz errukiturik, egin dizun guztia». Hauxe esan zion Jesusek bere jarraitzaile izan nahi zuen gizon bati Gadarako hirian zegoen bitartean, Galileako Itsasoko hego-ekialdean. Jesusek bazekien interesgarria edo inportantea den zerbait ikasten dugunean gure senideei esan nahi diegula (Mk 5:19).
Gaur egun ere kultura guztietan jokaera hori ikusten dugu, nahiz eta kultura batzuetan besteetan baino nabarmenago izan. Horregatik, norbait benetako Jainkoa zerbitzatzen hasten denean, normalean bere fede berriari buruz senideekin hitz egin nahi izaten du. Baina nola egin dezake hori? Nola ukitu ditzakete beste erlijio bat duten edo Jainkoarengan sinesten ez duten senideen bihotzak? Bibliak honi buruzko aholku on eta praktikoak ematen ditu.
MESIAS AURKITU DUGU
Lehenengo mendean, Andres Jesus Mesias zela ulertu zuen lehenengotarikoa izan zen. Nori kontatu zion hori lehendabizi? Andresek bere anaia Simonekin egin zuen topo eta esan zion: «“Mesias aurkitu diagu” (Mesiasek “Kristo” –hau da, Gantzutu– esan nahi du)». Andresek Pedro Jesusengana eraman zuen eta horrela Jesusen jarraitzaile izateko aukera eman zion (Jn 1:35-42).
Sei bat urte beranduago, Pedro Jopen zegoen bitartean, Zesareara Kornelio ehuntariaren etxera joatera gonbidatu zuten. Nor aurkitu zuen han? «Kornelio zain zegoen, bere ahaideak eta adiskiderik minenak bildurik». Era horretara, Korneliok Pedrori entzuteko eta zer egin nahi zuten erabakitzeko aukera eman zien bere senideei (Eg 10:22-33).
Zer ikasi dezakegu Andres eta Korneliok beraien senideak laguntzen saiatzeko erari buruz?
Andresek eta Korneliok ahal zuten guztia egin zuten beraien senideei laguntzeko. Andresek berak Pedro Jesusi aurkeztu zion, eta Korneliok bere senideak etxera gonbidatu zituen Pedrori entzuteko. Baina ez batak ez besteak ez zituzten beraien senideak engainatu edo presiopean jarri Jesu Kristoren jarraitzaile izateko. Ikus dezagun zer ikasi dezakegun beraien eredutik. Gure senideei Bibliatik ikasi dugunaz hitz egin ahal diegu, baita anai-arrebak aurkeztu ere. Hala ere, beraien erabakia errespetatzen dugu eta ez ditugu presiopean jartzen. Gure senideak nola lagundu ditzakegun ikusteko, aztertu dezagun Alemaniako Jürgen eta Petra senar-emazteen eredua.
Petrak Jehobaren lekukoekin Biblia aztertu zuen eta denborarekin bataiatu egin zen. Jürgen armadako ofiziala zen eta hasiera batean ez zitzaion gustatu Petraren erabakia. Baina denbora pasa ahala, Lekukoek Bibliako egia erakusten dutela konturatu zen. Bera ere bataiatu egin zen eta orain kongregazioko adinduna da. Zer aholku ematen ditu Lekukoak ez diren senideen bihotzak ukitu ahal izateko?
Jürgenek esaten du: «Ez dizkiegu gure sinesmenak inposatu behar gure senideei, ezta Bibliari buruz gehiegi hitz egin behar ere. Izan ere, hori egiten badugu zailagoa izango da beraiek egia onartzea. Hobe da noizbehinka Bibliari buruzko zerbait aipatzea. Bestalde, oso lagungarria izan daiteke beraien adin eta interes berdineko anai-arrebak aurkeztea. Horrela, errazagoa izan daiteke beraiei laguntzea».
Pedro apostolua eta Kornelioren senideak berehala egin ziren Jesusen jarraitzaile. Baina beste batzuek denbora gehiago behar izan zuten.
ZER EGIN ZUTEN JESUSEN ANAIEK?
Jesusen senide batzuk lurrean egon zen bitartean bere jarraitzaile egin ziren. Adibidez, badirudi Santiago eta Juan apostoluak agian Jesusen lehengusuak zirela eta euren ama, Salome, bere izeba. Baliteke Salome Jesusi eta bere ikasleei «beren ondasunez laguntzen zieten» emakumeen artean egotea (Lk 8:1-3).
Baina Jesusen beste senide batzuk ez zuten segituan berarengan sinetsi. Adibidez, behin Jesus bataiatu eta urtebete baino gehiagora, jendetza bat etxe batean elkartu zen berari entzuteko eta honakoa gertatu zen: «Jesusen senitartekoak, jakin zutenean, hartu eta eramateko asmotan etorri ziren, burutik egina zegoela uste baitzuten». Handik denbora batera, Jesusen anaiordeek nora joango zen jakin nahi izan zutenean, ez zien zuzenean erantzun. Zergatik? Ez zutelako berarengan sinesten (Mk 3:21; Jn 7:5).
Zer ikasi dezakegu Jesusek bere senideak tratatu zituen modutik? Ez zen haserretu batzuek burua galdu zuela esan zutelako. Exekutatua eta berpiztua izan ondoren ere, Jesus bere senideak laguntzen saiatu zen Santiago bere anaiordeari agertuz. Badirudi agerpen honi esker, bai Santiago bai Jesusen beste anaiorde batzuk Mesias zela sinesten hasi zirela. Izan ere, apostoluekin eta beste batzuekin Jerusalemgo etxe bateko goiko gelan zeuden eta dudarik gabe espiritu santua jaso zuten. Denborarekin, Jesusen beste bi anaiorderi, Santiago eta Judasi, Jehobak eginkizun garrantzitsuak eman zizkien (Eg 1:12-14; 2:1-4; 1 Ko 15:7).
BATZUEK DENBORA GEHIAGO BEHAR DUTE
Lehenengo mendean bezala, gaur egun ere senide batzuek denbora asko behar izaten duten Bibliako egia onartzeko. Ikus dezagun Roswitha-ri gertatutakoa. Bere senarra 1978an bataiatu zenean, Roswitha katoliko sutsua zen. Bere sinesmenez erabat konbentzituta zegoenez, senarraren erabakiaren aurka jarri zen. Baina urteak pasa ahala, bere jarrera leundu egin zen eta Lekukoek egia irakasten zutela ulertu zuen. Azkenean, bera ere 2003an bataiatu egin zen. Zerk lagundu zion aldatzen? Gauzetako bat senarraren jokabidea izan zen. Hasieran zuen jarrerarengatik haserretu beharrean, Roswitha-ri iritziz aldatzeko aukerak eman zizkion. Zer aholkatzen du Roswitha-k? «Asko lortu daiteke pazientzia izanez. Beraz, ez aspertu pazientzia erakusteaz».
Monika 1974an bataiatu zen eta bere bi semeak hamar bat urte beranduago. Bere senarra, Hans, beraien fedearen aurka inoiz egon ez zen arren, 2006ra arte ez zen bataiatu. Atzera begiratuz, zer aholkatzen du familia honek? «Izan beti leial Jehobari eta gogoratu bera poztea senideak poztea baino garrantzitsuagoa dela». Noski, oso inportantea izan zen Hans-i maite zutela beti erakustea eta ez zuten inoiz galdu egunen batean egia onartuko zuen itxaropena.
EGIAREN URAK FRESKATUTA
Jesusek, behin, egiaren mezua betiko bizia ematen duen urarekin konparatu zuen (Jn 4:13, 14). Gure senideek ur fresko eta garbi hori edatea nahi dugu. Baina ez ditugu ito nahi ur gehiegi kolpean edatera behartuz. Freskatuta edo itota sentitzea gure fedea azaltzeko moduarekin lotuta egon daiteke. Bibliaren arabera, «zintzoak, ongi pentsatu eta gero erantzun» egiten du. Gainera, honakoa ere esaten du: «Bihotz zuhurrekoak hitzak ere egokiak; are eraginkorragoak halakoaren esanak». Nola jarraitu ditzakegu aholku hauek? (Es 15:28; 16:23).
Seguruenik emazte batek senarrari bere sinesmenei buruz hitz egin nahiko dio. Zerbait esan aurretik, ondo pentsatu behar du hitzak kontu handiz aukeratuz eta ez da inoiz senarra baino hobea dela erakusten saiatu behar. Hitz egin aurretik ondo pentsatzen badu, bakea bultzatuko du familian. Emazteak egoki hitz egin ahal izateko, honakoa galdetu beharko lioke bere buruari: «Noiz dago nire senarra lasaiago eta entzuteko prest? Zeri buruz hitz egitea edo irakurtzea gustatzen zaio? Interesatzen al zaizkio zientzia, politika edo kirolak? Nola piztu dezaket berarengan Bibliari buruzko jakinmina eta, aldi berean, bere sentimenduak eta iritziak errespetatu?».
Lekukoak ez diren gure senideen bihotzak ukitzeko ez da nahikoa gure sinesmenak pixkanaka-pixkanaka azaltzea. Esaten dugunak egiten dugunarekin bat egin behar du.
GURE JOKABIDE ONA
Lehen aipatutako Jürgenek honakoa dio: «Jarraitu beti Bibliak dioena zure bizitzan. Nahiz eta gure senideek ez esan ezer, gure jokabidea ikusiko dute». Hans bere emaztea baino 30 bat urte geroago bataiatu zen eta aurrekoarekin ados dago: «Gure jokabide ona oso garrantzitsua da, senideek egiak gure bizitzan izan duen eragin ona ikusiko dutelako». Gure familiak egiak pertsona hobea izaten lagundu digula ikusi beharko luke.
Pedro apostoluak aholku baliotsua eman zien Jehoba zerbitzatzen ez zuen senarra zuten emazteei: «Izan zaitezte zeuen senarren menpeko; horrela, horietakoren batzuek salbamen-mezua onartzen ez badute ere, emazteen jokabideak, eta ez hitzek, salbamenerako irabaz ditzan, zuen jokabide garbi eta errespetuzkoa ikusteak, alegia. Ez arduratu kanpoko edertasunaz: orrazkera, urrezko bitxi eta luxuzko soinekoen apainduraz; baizik eta arduratu ezkutuko bihotz-barruaz, espiritu gozo eta baketsuaren edertasun ustelezinaz, honek balio baitu Jainkoaren aurrean» (1 P 3:1-4).
Emaztearen eredu onak senarrari Jehoba zerbitzatzen lagundu al diola idatzi zuen Pedrok. Biblia-aholku hau kontuan hartuta, Christa izeneko arreba bat bere senarraren bihotza ukitzen saiatzen aritu da 1972an bataiatu zenetik. Nahiz eta senarrak Lekukoekin Biblia aztertu duen, ez du oraindik Jehoba zerbitzatzea erabaki. Bilera batzuetara joan izan da eta kongregazioko anai-arrebekin ondo konpontzen da. Hauek, era berean, bere erabakia errespetatzen dute. Nola saiatzen da Christa bere bihotza ukitzen?
«Jehobak nahi duena beti egitea erabaki dut. Aldi berean, eredu on bat jartzen saiatzen naiz nire senarrari egia onartzen laguntzeko. Bibliaren aurka ez dagoen zerbait egin nahi badu, bere gustua egiten saiatzen naiz. Noski, aukeratzeko bere askatasuna ere errespetatzen dut eta gauzak Jehobaren eskutan uzten ditut».
Christaren ereduak arrazoitsuak izatearen garrantzia azpimarratzen du. Nahiz eta ohitura espiritual onak dituen, adibidez, bileretara joatea eta predikatzea, bere senarrarekin ulerkorra da. Izan ere, badaki senarrak bere maitasuna, denbora eta arreta eskatzeko eskubidea duela. Arrazoitsuak eta ulerkorrak izatea Jehobaren lekukoak ez diren senideak ditugun guztiontzat da ona. Bibliak dioen bezala, «denak du bere sasoia». Beraz, oso garrantzitsua da Jehoba zerbitzatzen ez duten senideekin denbora pasatzea, batez ere, gure ezkontidearekin. Honek komunikazioa bultzatzen du eta komunikazio onak bakarrik, alde batera utzia edo jeloskor ez sentitzen laguntzen duela erakutsi du esperientziak (Koh 3:1).
EZ GALDU ESPERANTZA
Holger izeneko anaia batek honakoa dio: «Oso garrantzitsua da gure senideei maitasuna agertzea eta beraien alde otoitz egitea». Holgerren aita beste senide batzuk baino 20 urte beranduago bataiatu zen. Bestalde, Christak honakoa esaten du: «Ez dut sekula nire senarrak egia onartu eta Jehobaren alde jarriko den esperantza galduko». Lekukoak ez diren gure senideei buruzko jarrera positiboa eduki behar dugu; ez dugu inoiz amore eman behar.
Gure helburua gure senideekin harreman ona edukitzea, egia ezagutzeko aukera ematea eta Bibliaren mezuarekin bihotza ukitzea da. Horretarako, gauza guztietan joka dezagun «apaltasunez eta errespetuz» (1 P 3:15, 16).