6. KAPITULUA
Zer gertatzen zaigu hil ondoren?
1-3. Zer galdera egiten ditu jendeak heriotzari buruz eta zer erantzuten dute erlijio batzuek?
BIBLIAK etorkizunean ez dela «gehiago heriotzarik izango» hitzematen digu (Apokalipsia 21:4). Aurreko kapituluan erreskateak betiko bizitzeko aukera ematen digula ikusi genuen. Baina jendea, hala ere, hil egiten da (Kohelet 9:5). Horregatik galdera hau sortzen zaigu: «Zer gertatzen zaigu hil ondoren?».
2 Galdera hau erantzutea funtsezkoa da, batez ere maite dugun norbait hiltzen denean. «Nora joan da? Sufritzen ari ote da? Ikusten al gaitu? Lagundu al gaitzake? Berriro ikusiko ote dut?».
3 Erlijioek hainbat modutan erantzuten dituzte galdera hauek. Onak zerura eta gaiztoak infernura doazela diote batzuek. Beste batzuen arabera, arima hildako senideekin elkartzen da. Eta beste batzuek hiltzean eta epaituak izatean, beste gorputz batekin berriz jaio edo bizira itzuliko direla esaten dute, agian beste pertsonaren bat edo animalia ere bihurtuz.
4. Zer oinarrizko ideia irakasten dute erlijioek heriotzari buruz?
4 Badirudi erlijioek gauza oso desberdinak irakasten dituztela. Baina ia denek oinarrizko ideia bat irakasten dute: norbait hil ondoren arimak bizirik jarraitzen duela. Hala al da?
ZER GERTATZEN ZAIGU HIL ONDOREN?
5, 6. Zer gertatzen zaigu hiltzen garenean?
5 Jehobak badaki hiltzen garenean zer gertatzen zaigun. Bibliak hildakoei buruz dio: «Ez dakite ezer». Hildakoek ezin dute maitatu, ezta gorrotatu ere, hilobian «ez baita lanik, ez gogoetarik, ez zientziarik, ezta jakinduriarik ere» (Irakurri Kohelet 9:5, 6, 10). Eta 146. Salmoa 4aren arabera, norbait hiltzean bere «egitasmoak» desagertu egiten dira.
6 Aipu hauek argi erakusten dute norbait hiltzean bizitzeari uzten diola. Heriotza biziaren kontrakoa da. Beraz, hiltzen garenean ez dugu entzuten, ikusten, ezta pentsatzen ere.a Gure pentsamendu eta oroitzapenak ere hil egiten dira. Ez dugu beste tokiren batean bizirik jarraitzen duen arimarik.
ZER ESAN ZUEN JESUSEK HERIOTZARI BURUZ?
7. Zer esan zuen Jesusek heriotzari buruz?
7 Jesusek bere jarraitzaileei hau esan zien bere lagun min Lazaro hil zenean: «Lazaro gure adiskidea loak hartu du». Baina Jesusek ez zuen esan nahi Lazaro atseden hartzen ari zenik. Geroago esan zuen: «Lazaro hil egin da» (Joan 11:11-14). Beraz, Jesusek hilik egotea lo egotearekin konparatu zuen. Ez zuen esan Lazaro zeruan edo hildako senideekin zegoenik, ezta beste izakiren bat bihurtu edo infernuan sufritzen ari zenik ere. Ez, Lazaroren egoera lo sakon batean egotearen antzekoa zen. Beste batean ere Jesusek heriotza loarekin konparatu zuen. Jairoren alaba berpiztu zuenean esan zuen: «Ez dago hilda, lo dago» (Lukas 8:52, 53).
8. Nola dakigu Jainkoak ez zituela gizakiak hiltzeko sortu?
8 Denborarekin hiltzeko sortu al zituen Jainkoak Adam eta Eba? Ez, noski! Osasun perfektua eman zien betiko bizitzaz gozatzeko. Gainera, betiko bizitzeko nahiarekin sortu ditu gizakiak. Gurasoek ez dute atsegin seme-alabak gaixotzen eta hiltzen ikustea eta Jehobak sentimendu bera du. Baina Jainkoak betiko bizitzeko sortu bagintuen, zergatik hiltzen gara?
ZERGATIK HILTZEN GARA?
9. Zergatik zen egokia eta obeditzeko erraza Jehobak Adam eta Ebari emandako agindua?
9 Edengo baratzean Jehobak Adami esan zion: «Baratzeko zuhaitz guztietatik jan dezakezu». Baina bazen ongiaren eta gaizkiaren ezagutzaren zuhaitza han. Eta honi buruz esan zion Jehobak: «Hartatik jaten baduzu, hil egingo zara» (Hasiera 2:9, 16, 17, oharra). Agindu argi hau ez zen obeditzeko zaila. Gainera, Jehobak Adam eta Ebari ona eta txarra zer den esateko eskubidea zuen. Jehobaren esaneko izanez, bere agintaritza errespetatzen zutela erakutsiko zuten. Emandako gauza guztiengatik esker ona adieraziko zuten.
10, 11. a) Nola engainatu zituen Satanasek Adam eta Eba? b) Zergatik ez du aitzakiarik Adam eta Ebak egindakoak?
10 Tamalez, Adam eta Ebak Jehoba desobeditzea aukeratu zuten. Satanasek Ebari esan zion: «Jainkoak debekatu egin dizue, beraz, baratzeko arbola guztietako fruituetarik jatea?». Ebak erantzun zion: «Ez, jan dezakegu baratzeko arboletako fruituetarik. Baratze erdian dagoen zuhaitzaz bakarrik esan digu Jainkoak: “Ez jan horretatik, ezta ukitu ere, hil nahi ez baduzue”» (Hasiera 3:1-3).
11 Orduan Satanasek esan zion: «Ez zarete inolaz ere hilko [...]. Ongi daki Jainkoak, hartatik jan dezazuenean, begiak zabalduko zaizkizuela, eta bera bezalako bihurtuko zaretela, dena ezagutzeko ahalmena lortuz» (Hasiera 3:4-6). Satanasek Ebak bere kabuz dena erabaki zezakeela pentsatzea nahi zuen, bai ona eta bai txarra zer den. Era berean, desobeditzean gertatuko zenari buruz gezurra esan zion ez zela hilko esatean. Orduan, Ebak fruitua jan eta bere senarrari eman zion. Adam eta Ebak bazekiten Jehobak ez jateko esan ziela. Fruitu hura jatean, Jehobak argi adierazitako zentzuzko agindua desobeditzea aukeratu zuten. Hori egitean beraien zeruko Aita maitekorrari errespeturik ez ziotela erakutsi zuten. Egindakoak ez zuen aitzakiarik!
12. Zergatik da hain tamalgarria Adam eta Ebak Jehoba desobeditu izana?
12 Ez al da tamalgarria gure lehen gurasoek Jehobari horrelako errespetu falta erakutsi izana? Imajina ezazu zure semea eta alaba hezteko gogor lan egin duzula. Zer sentituko zenuke kaltegarria den zerbaiten abisua eman arren zure aurka altxatuko balira? Ez al litzaizuke bihotza hautsiko?
13. Zer esan nahi zuen Jehobak «hautsera itzuliko zara» esatean?
13 Esaneko ez izatean Adam eta Ebak betiko bizitzeko aukera galdu zuten. Orduan Jehobak Adami esan zion: «Hautsa zara eta hautsera itzuliko zara» (Irakurri Hasiera 3:19). Adam berriz ere hauts bihurtuko zela esan nahi zuen honek, inoiz sortua izan ez balitz bezala (Hasiera 2:7). Beraz, Adam hil zenean, existitzeari utzi zion.
14. Zergatik hiltzen gara?
14 Adam eta Eba Jainkoaren esaneko izan balira, bizirik jarraituko lukete oraindik ere. Baina Jehoba desobeditzean bekatu egin eta denborarekin hil egin ziren. Bekatua gaixotasun ikaragarri baten modukoa da, gure lehen gurasoengandik oinordetzan jaso duguna. Guztiok bekatari jaio gara eta horregatik hiltzen gara (Erromatarrei 5:12). Baina hau ez zen Jainkoaren helburua gizakiontzat. Jainkoak ez zuen gizakiak hiltzerik nahi eta horregatik Bibliak heriotzari «etsaia» deitzen dio (1 Korintoarrei 15:26).
EGIAK ASKE EGITEN GAITU
15. Nola egiten gaitu aske heriotzari buruzko egia jakiteak?
15 Heriotzari buruzko egia jakiteak ideia oker ugaritatik aske egiten gaitu. Bibliak hildakoek ez dutela sufritzen eta ez direla goibel sentitzen dio. Ezin dugu haiekin hitz egin, ezta beraiek gurekin ere. Ezin ditugu lagundu eta beraiek ezin gaituzte lagundu. Ezin digute kalterik egin, beraz, ez dugu zertan beraien beldur izan. Hala ere, erlijio askok hildakoen arimek bizirik jarraitzen dutela diote. Apaizei edo erlijioburuei dirua eskainiz hildakoak lagundu ditzakegula esaten dute, adibidez, hildakoen alde mezak esateko ordainduz. Baina heriotzari buruzko egia ezagutzean, gezur horiek ez gaituzte engainatuko.
16. Zer gezur diote erlijio askok hildakoei buruz?
16 Satanasek erlijio faltsuak erabiltzen ditu guri gezurrak esateko eta hildakoak oraindik bizirik daudela sinestarazteko. Adibidez, erlijio batzuek hil ondoren gure arimak bizirik irauten duela irakasten dute. Zer irakasten du zure erlijioak? Arimak bizirik dirauela edo Bibliak esaten duena? Satanas jendea Jehobarengandik urruntzeko gezurretan dabil.
17. Zergatik iraintzen du Jehoba jendea infernuan erretzen ari denaren ideiak?
17 Erlijio askok irakasten dutena ikaragarria da, esaterako, gaiztoak betiko infernuan erreko direla. Gezur horrek Jehoba iraintzen du. Berak ez luke inor sufriaraziko! (Irakurri 1 Joan 4:8). Norbaitek esaneko ez den haur bat zigortzeko eskua sutan erreko balio, zer pentsatuko zenuke? Bihozgabea dela, ezta? Noski, ez zenuke horrelako baten laguna izan nahiko. Satanasek horixe nahi du zuk Jehobaz pentsatzea! Jainkoak jendea betiko torturatuko duela pentsarazi nahi digu.
18. Zergatik ez gara hildakoen beldur izan behar?
18 Erlijio batzuek hil ondoren espiritu bihurtzen garela diote. Espiritu horiei errespetua adierazi eta beldur ere izan behar diegula irakasten dute. Zergatik? Hauek lagun boteretsu edo etsai beldurgarri bilakatu daitezkeela uste dutelako. Jende askok gezur hori sinesten du. Hildakoen beldur dira eta hauek adoratzen dituzte, Jehoba adoratu ordez. Gogoratu: hildakoek ez dute ezer sentitzen, beraz, ez izan beraien beldur. Jehoba gure Sortzailea da. Bera da benetako Jainkoa eta bera bakarrik gurtu behar dugu (Apokalipsia 4:11).
19. Nola laguntzen digu heriotzari buruzko egia ezagutzeak?
19 Heriotzari buruzko egia ezagutzeak erlijioek esaten dituzten gezurretatik aske egiten gaitu. Egia horrek Jehobak etorkizunerako egin dituen promes zoragarriak ulertzen laguntzen digu.
20. Zer aztertuko dugu hurrengo kapituluan?
20 Aspaldi, Job izeneko Jainkoaren zerbitzariak hau galdetu zuen: «Baina hildako gizakia berpiztuko ote da?» (Job 14:14). Posible ote da hildakoak berriro bizitzea? Jainkoak Biblian ematen duen erantzuna zoragarria da. Hurrengo kapituluan aztertuko dugu.
a Hil ondoren arimak edo espirituak bizirik jarraitzen duela uste dute batzuek., Jo 17. eta 18. oharretara gehiago jakiteko.