8. KAPITULUA
Zer da Jainkoaren Erreinua?
1. Zer otoitz ezagun aztertuko dugu orain?
MILIOIKA lagunek buruz dakite Aitagurea. Otoitz hau esatean, Jesus bere jarraitzaileei otoitz egiten irakasten ari zitzaien. Zeri buruz egin zuen otoitz? Zergatik da guretzat garrantzitsua otoitz hori?
2. Zer hiru gauza garrantzitsuri buruz irakatsi zuen Jesusek otoitz egiten?
2 Jesusek hau esan zuen: «Zuek, egizue otoitz honela: “Gure Aita zerukoa, agertu santu zeure izena, etorrarazi zeure erregetza; betearazi lurrean zeure nahia, zeruan betetzen den bezala”» (Irakurri Mateo 6:9-13). Zer dela eta irakatsi zuen Jesusek hiru gauza horiei buruz otoitz egiten? (Ikusi 20. oharra).
3. Zer jakin behar dugu Jainkoaren Erreinuari buruz?
3 Jainkoaren izena Jehoba dela aztertu dugu dagoeneko, baita gizaki eta lurrarentzat bere nahia zein den ere. Baina zer esan nahi zuen Jesusek «etorrarazi zeure erregetza» esatean? Jainkoaren erregetza edo Erreinua zer den, zer egingo duen eta Jainkoaren izena nola egingo duen santu aztertuko dugu.
ZER DA JAINKOAREN ERREINUA?
4. Zer da Jainkoaren Erreinua eta nor da horren Errege?
4 Jainkoaren Erreinua Jehobak zeruan eratu zuen gobernua da. Jainkoak Jesus aukeratu du Erreinuaren errege izateko. Bibliak Jesus «erregeen Erregea eta jaunen Jauna» dela dio (1 Timoteori 6:15). Edozein giza agintarik baino askoz gehiago egin dezake gure alde. Gainera, giza agintari guztiek elkartuta duten boterea gainditu egiten du.
5. Nondik gobernatzen du Jainkoaren Erreinuak eta zer gobernatuko du?
5 Berpiztu eta handik 40 egunera, Jesus zerura itzuli zen. Denborarekin Jehobak bere Erreinuko Errege izendatu zuen (Eginak 2:33). Jainkoaren Erreinuak zerutik lurra gobernatuko du (Apokalipsia 11:15). Horregatik Bibliak «zeruko erreinua» deitzen dio Jainkoaren Erreinuari (2 Timoteori 4:18).
6, 7. Zerk egiten du Jesus errege paregabea?
6 Bibliak Jesus edozein giza errege baino hobea izatearen arrazoietako bat azaltzen du: «Bera bakarrik da hilezkorra» (1 Timoteori 6:16). Giza agintariak denborarekin hil egiten dira, baina Jesus ez da inoiz hilko. Jesusek gure alde egingo duen guztiak betiko iraungo du.
7 Bibliako profeziek Jesus errege zuzena eta errukiorra izango dela esaten dute: «Beraren gainean kokatuko da Jaunaren Espiritua: jakinduriaz eta adimenez beteko du, kontseilari zuhur egingo eta kemenez jantziko, Jainkoa ezagutzen eta haren esaneko izaten irakatsiko dio. Jainkoarenganako begirunea izango du pozbide. Ez du itxuratik bakarrik epaituko, ez du entzundako hutsetik erabakiko. Jende xehea zuzenbidez epaituko du» (Isaias 11:2-4). Eduki nahi al duzu horrelako erregea?
8. Nola jakin dezakegu Jesusek ez duela bakarrik aginduko?
8 Jainkoak gizaki batzuk aukeratu ditu Jesusekin batera zeruko gobernuan agintzeko. Esaterako, Paulo apostoluak hau esan zion Timoteori: «Harekin sufritzen badugu, harekin izango gara errege» (2 Timoteori 2:12). Zenbat erregek aginduko dute Jesusekin?
9. a) Zenbatek aginduko dute Jesusekin batera? b) Noiz hasi zen Jainkoa hauek aukeratzen?
9 Joan apostoluak ikuskari batean Jesus errege postuan 144.000 lagunekin ikusi zuela aztertu genuen 7. kapituluan. Nortzuk dira 144.000 horiek? Joanek dio: «Bildotsari [Jesusi] jarraitzen diote noranahi. Gizakien artetik salbatuak [...] izan dira» (Irakurri Apokalipsia 14:1, 4). 144.000 hauek Jesusekin batera errege izateko Jainkoak aukeratutako kristau leialak dira. Hiltzen direnean zeruan bizitzeko berpiztuak dira (Apokalipsia 20:4, 6). Jehoba apostoluen garaian hasi zen kristau leial hauek aukeratzen.
10. Nola erakusten du Jehobak maite gaituela Jesus eta 144.000 gizaki gu gobernatzeko aukeratu izanak?
10 Jehobak asko maite gaituelako ipini ditu gizakiak Jesusekin batera agintzeko. Jesus agintari ona izango da ulertu egiten gaituelako. Ondo daki zer den gizaki izatea eta sufritzea. Jesusek gure sentimenduak ulertzen dituela, «gure ahuleriaz gupidatu» daitekeela eta «gauza guztietan probatua izan» dela esan zuen Paulok (Hebrearrei 4:15; 5:8). 144.000 erregeek ere ondo dakite zer den gizaki hutsa izatea. Inperfekzioari eta gaixotasunei aurre egin behar izan diete. Beraz, ziur egon gaitezke bai Jesusek, baita 144.000 lagunek ere, gure sentimenduak ulertzeaz gain, jasan behar ditugun arazoak ere ulertuko dituztela.
ZER EGINGO DU JAINKOAREN ERREINUAK?
11. Beti egin izan al da Jainkoaren nahia zeruan?
11 Jesusek Jainkoaren nahia zeruan bezala lurrean ere bete dadin eskatzen irakatsi zien bere jarraitzaileei. Baina garai batean zeruan zeuden guztiek ez zuten Jainkoaren nahia betetzen. Deabrua Jehobaren aurka matxinatu zela ikusi genuen 3. kapituluan. Jehobak Satanas eta aingeru desleial edo deabruei zeruan egoten utzi zien denbora batez. Beraz, zeruan ez zuten denek Jainkoaren nahia egiten. Satanas eta deabruei buruz gehiago jakingo dugu 10. kapitulua aztertzean.
12. Zer bi gertakizun azaltzen ditu Apokalipsia 12:10ak?
12 Jainkoaren Erreinuko errege izendatua izan eta gutxira Jesusek Satanasen aurka gerra egingo zuela dio Bibliak (Irakurri Apokalipsia 12:7-10). Bi gertakizun garrantzitsu azaltzen ditu 10. bertsetak: Jainkoaren Erreinua, Jesu Kristo buru duelarik, agintzen hasten dela eta Satanas zerutik lurrera jaurtia dela. Ikusiko dugun bezala, gertakizun hauek dagoeneko gertatu dira.
13. Zer gertatu zen zeruan Satanas bota ondoren?
13 Satanas eta deabruak zerutik bota ondoren aingeruek izan zuten zoriona azaltzen du Bibliak: «Poztu, beraz, zeruak eta bertan bizi zaretenok» (Apokalipsia 12:12). Orain bake eta batasun osoa dago zeruan denek Jainkoaren nahia betetzen baitute.
14. Zer gertatu da lurrean Satanas zerutik botatzearen ondorioz?
14 Lurrean egoera oso bestelakoa da. Gauza izugarriak gertatzen zaizkio jendeari bertara «jaitsi baita deabrua amorru biziz, denbora gutxirako dela jakinik» (Apokalipsia 12:12). Satanas haserre bizian da. Zerutik bota dute eta badaki denbora gutxi barru suntsitua izango dela. Ahal duen guztia egiten du lur osoan arazoak, oinazea eta sufrimendua sortarazteko.
15. Zer nahi du Jehobak lurrean gertatzea?
15 Baina Jainkoak lurrerako duen nahia ez da aldatu. Oraindik lurra paradisu bihurtu nahi du gizaki perfektuak bertan betiko bizi daitezen (Esaera Zaharrak 2:21). Zer egingo du Jainkoaren Erreinuak hau betetzeko?
16, 17. Zer irakasten digu Daniel 2:44ak Erreinuari buruz?
16 Daniel 2:44ko profeziak hau dio (NW): «Errege horien egunetan inoiz suntsituko ez den erreinu bat ezarriko du zeruko Jainkoak. Eta erreinu hau ez da beste herriren baten eskuetara aldatuko. Beste erreinu guzti horiek suntsitu eta desagerraraziko ditu eta berak bakarrik iraungo du betiko». Zer irakasten digu profezia honek Jainkoaren Erreinuari buruz?
17 Lehenik eta behin, Jainkoaren Erreinua «errege horien egunetan» agintzen hasiko zela. Jainkoaren Erreinua agintzen hastean lurrean oraindik beste gobernu batzuek indarrean jarraituko zutela esan nahi du honek. Bigarrenik, Jainkoaren Erreinuak betiko iraungo duela eta beste gobernu batek sekula ez duela ordezkatuko. Eta hirugarrenik, Jainkoaren Erreinua eta mundu honetako gobernuen artean gerra izango dela. Jainkoaren Erreinuak irabazi egingo du eta lur osoan aginduko duen gobernu bakarra izango da. Gizakiek gobernurik hoberena izango dute orduan.
18. Nola deitzen zaio Jainkoaren Erreinuaren eta mundu honetako gobernuen arteko gerrari?
18 Zer gertatuko da mundu honetako gobernuen eta Jainkoaren Erreinuaren arteko gerra hasi baino lehentxeago? Harmagedon izeneko gerra hau baino lehen, deabruek «mundu osoko erregeengana» joko dute hauek engainatzeko eta «Jainko ahalguztidunaren egun handiko borrokara biltzeko» (Apokalipsia 16:14, 16). Bai, giza gobernuek Jainkoaren Erreinuaren aurka borroka egingo dute (Ikusi 10. oharra).
19, 20. Zergatik dugu Jainkoaren Erreinuak lur osoan agintzeko beharra?
19 Zergatik behar dugu Jainkoaren Erreinua? Hiru arrazoi daude gutxienez. Lehenengoa bekatariak garenez gaixotu eta hil egiten garela da. Baina Bibliaren arabera, Jainkoaren Erreinupean betiko biziko gara. Izan ere, Joan 3:16ak dio: «Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan».
20 Jainkoaren Erreinuaren beharra izateko bigarren arrazoia jende gaiztoaz inguraturik gaudela da. Asko gezurti, iruzurti eta moralgabeak dira. Ezin dugu askorik egin horrelakoak izan ez daitezen. Baina aldatu nahi ez dutenez, Jainkoak Harmagedonen suntsitu egingo ditu (Irakurri 37. Salmoa 10). Hirugarren arrazoia honakoa da: giza gobernuak ahulak, gupidagabeak edota ustelak dira. Ez dute jendeari Jainkoa obeditzen laguntzeko interesik. «Kalte eginez, gizakiak gizakia menderatzen» duela dio Bibliak (Kohelet 8:9).
21. Nola ziurtatuko du Erreinuak Jainkoaren nahia lurrean betetzen dela?
21 Harmagedon amaitu ondoren Erreinuak Jainkoaren nahia lurrean betetzen dela ziurtatuko du. Adibidez, Satanas eta bere deabruak lurretik kenduko ditu (Apokalipsia 20:1-3). Denborarekin ez da inor gaixotuko, ezta hilko ere. Erreskateari esker leialak diren gizakiak paradisuan biziko dira betiko (Apokalipsia 22:1-3; ikusi 21. oharra). Erreinuak Jainkoaren izena santu egingo du. Zer esan nahi du honek? Lurra Jainkoaren gobernupean egongo denean inork ez duela Jehobaren izena desohoratuko duen ezer esan edo egingo.
NOIZ BIHURTU ZEN JESUS ERREGE?
22. Nola jakin dezakegu Jesus ez zela errege bihurtu lurrean egon zenean edo berpiztu bezain laster?
22 Jesusek bere ikasleei otoitzean hau eskatzen irakatsi zien: «Etorrarazi zeure erregetza». Argi zegoen, beraz, Jainkoaren gobernua etorkizunean etorriko zela. Jehobak lehenik bere gobernua ezarri eta Jesus bere errege egingo zuen. Errege bihurtu al zen Jesus zerura iritsi bezain laster? Ez, itxaron egin behar izan zuen. Jesus berpiztu eta denboratxo batera, Pedro eta Paulo apostoluek 110. Salmoa 1eko profezia Jesusengan bete zela adierazi zuten. Profezia horretan Jehobak dio: «Eseri nire eskuinean, zeure etsaiak oinazpian jartzen dizkizudan bitartean» (Eginak 2:32-35; Hebrearrei 10:12, 13). Zenbat itxaron beharko zuen Jesusek Jehobak errege izendatzeko?
Jainkoaren Erreinuak lurrean Jainkoaren nahia beteko dela ziurtatuko du
23. a) Noiz hasi zen Jesus Jainkoaren gobernuaren errege izaten? b) Zer aztertuko dugu hurrengo kapituluan?
23 XIX. mendearen amaiera aldera, egia jakin nahi zuen kristau talde batek 1914. urtea biblia-profezietan garrantzitsua izango zela ulertu zuen. 1914tik aurrera izandako gertaerek arrazoi zutela erakusten dute. Jesusen erregetza urte horretan hasi zen (110. Salmoa 2). Handik gutxira, Satanas lurrera jaurtia izan zen «denbora gutxirako» (Apokalipsia 12:12). Denbora tarte honi «azken egunak» deitzen zaio Biblian. Hurrengo kapituluan, denbora tarte horretan bizi garela adierazten duten froga gehiago aztertuko ditugu. Gainera, Erreinuak Jainkoaren nahia lurrean laster beteko duela ikusiko dugu (Ikusi 22. oharra).