2. KAPITULUA
Biblia: Jainkoaren eskutik datorren liburua
1, 2. Zergatik da Biblia Jainkoaren opari paregabea?
NOLA sentitzen zara lagun batek opari bat egiten dizunean? Oparia irekitzeko irrikan zaude eta laguna zutaz oroitu izanak asko pozten zaitu. Dudarik gabe, eskerrak ematen dizkiozu.
2 Biblia Jainkoaren oparia da. Beste inon ez dagoen informazioa ematen digu. Adibidez, Jainkoak zeru-lurrak eta lehen gizon eta emakumea sortu zituela esaten digu. Arazoak ditugunerako printzipio lagungarriak ematen dizkigu. Bibliari esker, lurra toki hobea bihurtzeko Jainkoaren promesa ezagutzen dugu. Biblia opari paregabea da!
3. Zer ikusiko duzu Biblia aztertzen duzun heinean?
3 Biblia aztertzen duzun heinean, Jainkoak zure laguna izan nahi duela ikusiko duzu. Berari buruz gero eta gehiago ikasi, orduan eta estuagoa izango da zuen adiskidetasuna.
4. Zerk harritzen zaitu Bibliari buruz?
4 Biblia 2.600 hizkuntza ingurura itzuli da eta milioika ale inprimatu dira. Mundu osoko biztanleen %90 baino gehiagok Biblia bere hizkuntzan irakur dezake. Astero milioi bat lagunek baino gehiagok eskuratzen dute Biblia. Egia esan, ez da Biblia bezalako libururik!
5. Zer esan nahi du Biblia «Jainkoak inspiratua» izateak?
5 Biblia «Jainkoak inspiratua da» (Irakurri 2 Timoteori 3:16). Baina norbaitek esan dezake: «Biblia gizakiek idatzi bazuten, nolatan etor daiteke Jainkoaren eskutik?». Bibliak dio: «Espiritu Santuak gidaturiko gizonak zirenez, Jainkoaren partetik hitz egin zuten» (2 Pedro 1:21). Demagun enpresari batek idazkariari eskutitz bat idazteko eskatzen diola. Eskutitzak enpresariaren pentsamendu eta argibideak dituenez, gutuna enpresariarena da, ez idazkariarena. Modu berean, Jainkoa bada Biblia idazteko bere pentsamenduak eta argibideak ematen dituena, ezin dugu «hartu giza hitz huts bezala, Jainkoaren hitz bezala baizik» (1 Tesalonikarrei 2:13; ikusi 2. oharra).
BIBLIA ZEHATZA ETA ZUZENA DA
6, 7. Zergatik esan dezakegu Bibliako atal guztiak bat datozela?
6 Biblia idazteko 1.600 urte baino gehiago behar izan ziren. Idazleak garai desberdinetan bizi izan ziren. Batzuk ikasiak ziren, beste batzuk, ordea, ez. Adibidez, hauetako bat medikua zen. Beste batzuk baserritarrak, arrantzaleak, artzainak, profetak, epaileak eta erregeak ziren. Nahiz eta idazle asko izan, Bibliak ez du kontraesanik. Atal guztiak bat datoz.a
7 Bibliaren lehen kapituluek munduko arazoak nola hasi ziren azaltzen dute eta azkenekoek, berriz, Jainkoak nola konponduko dituen lurra paradisu bihurtuz. Bibliak gizakiaren historiaren urte askori buruz jarduten du eta Jainkoaren helburua beti betetzen dela azaltzen du.
8. Biblia zientziarekin bat nola datorren azaltzen duten adibideak eman.
8 Nahiz eta Biblia zientzia irakasteko edo eskola liburua izateko idatzia ez izan, zientziari buruz jardutean zuzena da beti. Horixe esperoko genuke Jainkoarengandik datorren liburuaz. Adibidez, Lebitarrena liburuan Jainkoak israeldarrei gaixotasunak ez zabaltzeko jarraibideak eman zizkien. Hau bakterioek eta birusek gaixotasunak nola sortzen dituzten ulertu baino askoz lehenago idatzi zen. Biblia zuzena da lurra ezerezaren gain zintzilik dagoela esatean ere (Job 26:7). Eta uraren zikloa, garai horietan ezagutzen ez zena, Kohelet 1:7an deskribatzen da.
9. Zer ulertzen laguntzen digu Bibliako idazleen zintzotasunak?
9 Biblia historiari buruz jardutean zuzena eta zehatza da beti. Baina historia-liburu asko ez dira guztiz zuzenak idazleak zintzoak izan ez zirelako. Adibidez, beraien nazioak garaituak izaten zirenean ez zuten beti aipatzen. Bibliako idazleak, ordea, zintzoak izan ziren beraien nazioa, Israel, garaitua izaten zenean ere. Euren akatsei buruz ere idatzi zuten. Esaterako, Mateo eta beste apostolu batzuk beldurtu eta Jesus utzi zuten. Mateok zintzotasunez onartu zuen hau idatzi zuen liburuan (Mateo 26:55, 56). Idazleen zintzotasunak Biblia Jainkoarengandik datorrela erakusten digu. Beraz, Biblian konfiantza izan dezakegu.
PRIMERAKO AHOLKUAK DITUEN LIBURUA
10. Zergatik dira lagungarriak gaur egun Bibliako aholkuak?
10 Biblia «Jainkoak inspiratua da eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko» baliagarria da (2 Timoteori 3:16). Bai, Bibliako aholkuak gaur egun ere lagungarriak dira. Jehobak nola eginda gauden daki, beraz gure pentsaera eta sentimenduak ulertzen ditu. Guk geure burua ezagutzen duguna baino hobeto ezagutzen gaitu eta gure zoriontasuna nahi du. Badaki guretzat ona eta txarra zer den.
11, 12. Zer aholku on jaso ditzakegu Bibliatik?
11 Mateo liburuko 5-7 kapituluetan, Jesusen aholku bikainak aurkitzen ditugu, hauen artean zoriontsu izateko, bata bestearekin ondo eramateko, otoitz egiteko eta diruaren ikuspuntu egokia izateko aholkuak. Nahiz eta duela 2.000 urte eman, hauen indarra eta praktikotasuna ez da galdu.
12 Familia bizitza hobea izateko, langile onak izateko eta besteekin bakean bizitzeko biblia-printzipioak irakasten dizkigu Jehobak. Bibliako printzipioak beti dira lagungarriak, nor garen, non bizi garen edota zer arazo dugun axola gabe (Irakurri Isaias 48:17; ikusi 3. oharra).
BIBLIAKO PROFEZIAK FIDAGARRIAK DIRA
13. Zer esan zuen Isaiasek Babilonia hiriari buruz?
13 Bibliako profezia ugari dagoeneko bete dira. Esaterako, Isaias profetak Babilonia suntsitua izango zela iragarri zuen (Isaias 13:19). Hiria zehatz-mehatz nola izango zen menperatua aurresan zuen. Ibai batek eta ate handi eta sendoek babesten zuten Babilonia. Baina ibaia lehortu eta hiriko ateak irekita egongo zirela aurresan zuen Isaiasek. Erasotzaileek borrokarik egin gabe bereganatuko zuten hiria. Gainera, Babilonia hartuko zuen gizonaren izena iragarri zuen: Ziro (Irakurri Isaias 44:27-45:2; ikusi 4. oharra).
14, 15. Nola bete zen Isaiasen profezia?
14 Profezia hau idatzi eta 200 urtera, gudaroste bat Babilonia erasotzeko prest zen. Nor zen gudarostearen buru? Profeziak esan bezala, Ziro, Persiako erregea. Profezia osoa betetzeko prest zegoen dena.
15 Erasoaren gauean, Babiloniarrak festa bat ospatzen ari ziren. Izugarrizko harresi eta ibaiak babesten zituztenez, seguru sentitzen ziren. Hiriaren kanpoaldean bitartean, Ziro eta bere gudarosteak ibaia desbideratu zuten honen ur-maila jaisteko. Persiar soldaduak ibaian ibiltzeko bezainbeste jaitsi zuten maila. Baina nola zeharkatuko zituzten Babiloniako harresiak? Profeziak esan bezala, hiriko ateak irekita utzi zituzten, beraz, soldaduek borrokarik egin gabe bereganatu zuten hiria.
16. a) Zer aurresan zuen Isaiasek Babiloniari gertatuko zitzaionaz? b) Nola dakigu Isaiasen profezia bete zela?
16 Isaiasek Babilonian denborarekin ez zela inor biziko aurresan zuen: «Ez da han egundo berriz inor biziko, bizilagunik gabe geldituko da sekulako» (Isaias 13:20). Bete al zen aurresana? Babilonia hiria egon ohi zen lekuan, gaur egungo Bagdad hiritik 80 bat kilometro hegoaldera, hondakinak besterik ez daude. Gaur egun ere, inor ez da han bizi. Babiloniari buruzko Jehobaren hitzak bete dira: «Erratza pasatuko diot eta guztiz erraustuko» (Isaias 14:22, 23).b
17. Zergatik izan dezakegu konfiantza Jainkoaren promesetan?
17 Bibliako hainbeste profezia bete izanak, etorkizunari buruz dituen profezietan ere konfiantza izaten laguntzen digu. Jehobak lurra paradisu bilakatuko duela hitz eman du eta ziur gaude promes hori beteko duela (Irakurri Zenbakiak 23:19). «Gezurrik ez dioen Jainkoak» betiko bizitzeko itxaropena ematen digu (Titori 1:1-2).c
BIBLIAK ZURE BIZITZA ALDA DEZAKE
18. Zer esaten du Paulok Jainkoaren hitzari buruz?
18 Biblia liburu paregabea dela ikusi dugu. Ez du kontraesanik eta zientzia edo historiari buruz hitz egiten duenean, zuzena eta zehatza da. Aholku baliagarriak eta dagoeneko bete diren profeziak ditu. Baina ez hori bakarrik. Paulo apostoluak esan zuen: «Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa». Zer esan nahi du honek? (Irakurri Hebrearrei 4:12).
19, 20. a) Nola lagunduko dizu Bibliak zeure burua ezagutzen? b) Nola eskertu dezakezu Jainkoak Biblia oparitu izana?
19 Bibliak pertsonak aldatzeko boterea du. Geure burua hobeto ezagutzen laguntzen digu. Adibidez, Bibliak dioenari erantzuteko moduak Jainkoa zenbat maite dugun eta zer jarrera dugun esaten digu.
20 Ez dago zalantza izpirik: Biblia Jainkoaren eskutik dator. Jehobak irakurri, aztertu eta maitatu dezazun nahi du. Eskertu opari hau eta jarrai ezazu aztertzen. Orduan, Jainkoak gizadiarentzat duen helburua ulertuko duzu. Hurrengo kapituluan helburu horri buruz gehiago ikasiko dugu.
a Pertsona batzuek Biblia kontraesanez beteta dagoela diote, baina hori ez da egia. Gehiago jakiteko, jo Jehobaren lekukoek argitaratutako La Biblia... ¿la Palabra de Dios, o palabra del hombre? edo La Bible: Parole de Dieu ou des hommes ? liburuaren 7. kapitulura.
b Bibliako profeziei buruz gehiago jakiteko, jo Jehobaren lekukoek argitaratutako 2012ko ekaineko 12-14 orrialdeetako ¡Despertad! edo Réveillez-vous ! aldizkariaren artikulura.
c Babiloniaren suntsiketa Bibliako profezietako bat besterik ez da. Jesu Kristori buruzko profezien informazioa nahi baduzu, jo 5. oharrera.