Markos
13 Tenplutik ateratzen ari zela, bere dizipuluetako batek esan zion: «Maisu, begira! Zein harri eta eraikin ederrak!». 2 Baina Jesusek esan zion: «Ikusten dituzu eraikin ikusgarri hauek? Ez da inola ere harririk harri gainean geratuko, behera botako dute dena».
3 Jesus Oliamendin eserita zegoela eta tenplua begi bistan zuela, Pedro, Santiago, Joan eta Andresek aparte hartu eta galdetu zioten: 4 «Esaguzu, noiz gertatuko dira gauza hauek? Eta zein izango da gauza guzti hauen amaieraren seinalea?». 5 Beraz, Jesusek esan zien: «Kontuz ibili, ez zaitzatela inork engainatu. 6 Asko nire izenean etorriko dira “Ni naiz hura” esanez, eta jende asko engainatuko dute. 7 Gainera, hurbileko eta urrutiko gerrei buruz entzutean, ez larritu; gauza hauek gertatu behar dira, baina oraindik ez da azkena.
8 «Nazioak nazioen aurka eta erreinuak erreinuen aurka borrokatuko dira; lurrikarak egongo dira han eta hemen; goseteak ere egongo dira. Hauek sufrimendu handien* hasiera dira.
9 «Zuek, berriz, kontuz ibili zaitezte. Jendeak epaitegien esku utziko zaituzte, eta sinagogetan jipoituko. Gobernarien eta erregeen aurrean jarriko zaituzte nire jarraitzaileak izateagatik, horrela, beraien aurrean testigantza eman ahal izango duzue. 10 Gainera, berri onak nazio guztietan predikatu behar dira lehenengo. 11 Baina jendeak autoritateen esku uzteko eramaten zaituztenean, ez kezkatu aldez aurretik zer esango duzuen pentsatuz; momentu horretan adieraziko zaizuena esan, zeren ez duzue zuek hitz egingo, espiritu santuak baizik. 12 Are gehiago, anaiak bere anaia emango du hil dezaten, eta aitak semea. Seme-alabak gurasoen aurka jarriko dira eta hiltzeko emango dituzte. 13 Eta nire izenagatik jende guztiak gorrotatuko zaituzte. Baina azkenera arte irauten duena*, salbatua izango da.
14 «Hala ere, gauza nazkagarri* eta suntsitzailea behar ez den tokian ikustean (hau ulertzeko irakurleak bereizmena behar du), orduan Judean daudenek ihes egin dezatela mendietara. 15 Etxe gaineko terrazan dagoena ez dadila etxera jaitsi, ezta ezer hartzera sartu ere, 16 eta soroan lanean dagoena ez dadila bere mantua bilatzeko atzean utzitako gauzetara itzuli. 17 Ai, egun horietan haurdun dauden edo haurrei bularra ematen ari diren emakumeak! 18 Otoitz egin, behin eta berriz, neguan ez gertatzeko. 19 Zeren egun horiek larrialdi egunak izango dira. Jainkoak sortutako kreazioaren hasieratik orain arte, ez da horrelako larrialdirik egon eta ez da inoiz gehiago egongo. 20 Izan ere, Jehobak* garai hori laburtuko ez balu, ez litzateke inor salbatuko. Baina, berak aukeratu dituen aukeratuengatik, garai hori laburtu egingo du.
21 «Orduan norbaitek esaten badizue: “Begira! Hemen dago Kristo!”, edo “Begira! Han dago!”, ez sinetsi. 22 Izan ere, Kristo faltsuak eta profeta faltsuak agertuko dira, eta mirariak* eta gauza harrigarriak egingo dituzte, ahal bada, aukeratuak engainatzeko. 23 Beraz, kontuz ibili. Gauza hauek gertatu aurretik esan dizkizuet.
24 «Baina egun horietan, larrialdi horren ondoren, eguzkia ilundu egingo da, ilargiak ez du argirik emango, 25 izarrak zerutik erortzen joango dira eta zeruetan dauden botereak astinduak izango dira. 26 Orduan Gizonaren Semea hodeietan etortzen ikusiko dute botere handiz eta aintzaz. 27 Eta orduan bere aingeruak bidaliko ditu eta lau haizetatik bere aukeratuak bilduko ditu, lurreko ertzetik zeruko ertzeraino.
28 «Ikasi pikondoari buruzko konparaketa honetatik: kimu berriari hostoak atera bezain laster, badakizue uda hurbil dagoela. 29 Zuek ere, gauza hauek gertatzen ikustean, jakin ezazue bera* hurbil dagoela, atarian. 30 Benetan esaten dizuet belaunaldi hau ez dela inola ere desagertuko hau dena gertatu arte. 31 Zeru-lurrak desagertuko dira, baina nire hitzak ez dira sekula desagertuko*.
32 «Eguna edo ordua ez daki inork, ez aingeruek zeruan, ezta Semeak ere; Aitak bakarrik daki. 33 Segi adi, segi esna, finkatutako garaia noiz den ez dakizue eta. 34 Hau atzerrira bidaiatu zuen gizon bat bezalakoa da. Etxea uztean, morroien esku utzi zuen eta bakoitzari lan bat eman zion, eta atezainari erne segitzeko agindu zion. 35 Beraz, segi erne egoten ez dakizuelako etxeko nagusia noiz datorren, egunaren amaieran, gauerdian, egunsentia baino lehen, ala goizean goiz. 36 Horrela, bat-batean etortzen denean, ez zaituzte lotan aurkituko. 37 Zuei esaten dizuedana denei esaten diet: Segi erne egoten».