Joan
18 Gauza hauek esan ondoren, Jesus Zedron bailararen* beste aldera joan zen bere dizipuluekin. Han baratze bat zegoen, eta Jesus eta bere dizipuluak bertan sartu ziren. 2 Judasek ere, Jesus traizionatuko zuenak, toki hura ezagutzen zuen, Jesus askotan biltzen baitzen han dizipuluekin. 3 Orduan, Judasek soldadu talde bat eta apaizburu eta fariseuen guardiak ekarri zituen berarekin. Su-argi, lanpara eta armekin zetozen. 4 Orduan Jesusek, gertatuko zitzaion guztia jakinda, pauso bat aurrera eman eta galdetu zien: «Noren bila zabiltzate?». 5 Erantzun zioten: «Jesus Nazaretarraren bila». «Neu naiz», esan zien. Eta Judas ere, traidorea, hantxe zegoen beraiekin.
6 Baina Jesusek «neu naiz» esan zienean, atzeraka egin eta lurrera erori ziren. 7 Beraz, Jesusek berriro ere galdetu zien: «Noren bila zabiltzate?». Erantzun zioten: «Jesus Nazaretarraren bila». 8 Jesusek esan zien: «Neu naizela esan dizuet. Nire bila bazatozte, utzi gizon hauei joaten». 9 Hori Jesusek esandakoa betetzeko gertatu zen: «Eman dizkidazunetatik, ez dut bakar bat ere galdu».
10 Orduan, Simon Pedrok, zeukan ezpata atera eta apaiz nagusiaren morroiari eraso egin eta eskuineko belarria moztu zion. Morroiaren izena Malko zen. 11 Baina Jesusek esan zion Pedrori: «Sartu ezpata zorroan. Ez al dut, ba, Aitak eman didan kopatik edan behar?».
12 Orduan, soldaduek, komandante militarrak eta juduen guardiek Jesus atxilotu eta lotu egin zuten. 13 Lehenengo, Anasengana eraman zuten, urte hartan apaiz nagusi zen Kaifasen aitaginarreba baitzen. 14 Kaifas hau izan zen, hain zuzen ere, juduei esan ziena beraien onerako zela gizon bakar bat herriaren alde hiltzea.
15 Simon Pedrok, beste dizipulu batekin batera, Jesusi jarraitzen zion. Dizipulu hau apaiz nagusiaren ezaguna zenez, Jesusekin batera apaiz nagusiaren patioan sartu zen. 16 Pedro, berriz, kanpoan geratu zen ate ondoan*. Beraz, beste dizipulua —apaiz nagusiaren ezaguna zena— kanpora atera eta, atezainarekin hitz egin ondoren, Pedro barrura sartu zuen. 17 Atezaina zen neskameak esan zion Pedrori: «Ez al haiz hi ere gizon horren dizipulua?». Pedrok erantzun zion: «Ez, ez naun». 18 Hotz zegoenez, morroiek eta guardiek egur-ikatzezko sua egina zuten eta sutondoan zeuden zutik. Pedro ere han zegoen beraiekin sutondoan.
19 Apaizburuak* Jesusi galdeketa egin zion bere dizipuluei buruz eta irakasten zuenari buruz. 20 Jesusek erantzun zion: «Nik munduari publikoki hitz egin diot. Beti irakatsi dut sinagogetan eta tenpluan, juduak elkartzen diren tokietan, eta ez dut ezer ezkutuan esan. 21 Zergatik galdetzen didazu niri? Galdetu nik esandakoa entzun dutenei. Hor daude, badakite zer esan nuen». 22 Jesusek hau esan ondoren, han zegoen guardietako batek Jesusi zaplazteko bat eman eta esan zion: «Horrela erantzuten diozu apaizburuari?». 23 Jesusek erantzun zion: «Gaizki dagoen zerbait esan badut, esadazu zer den; baina esan dudana egia bada, zergatik jotzen nauzu?». 24 Orduan, Anasek Jesus lotuta bidali zuen Kaifas apaiz nagusiarengana.
25 Bitartean, Simon Pedrok sutondoan jarraitzen zuen berotzen. Orduan, galdetu zioten: «Ez al haiz hi ere bere dizipuluetako bat?». Ukatu egin zuen, esanez: «Ez, ez nauk». 26 Apaiz nagusiaren morroietako batek, Pedrok belarria moztu zion gizonaren senide zenak, esan zion: «Ez al haut baratzean berarekin ikusi?». 27 Baina Pedrok berriro ere ukatu egin zuen, eta berehala oilarrak kukurruku egin zuen.
28 Goizean goiz, Jesus Kaifasen etxetik gobernariaren jauregira eraman zuten. Baina beraiek ez ziren gobernariaren jauregian sartu ez kutsatzeko eta, horrela, Pazkoa jan ahal izateko. 29 Orduan, Pilato beraiengana atera eta galdetu zien: «Zertaz salatzen duzue gizon hau?». 30 Erantzun zioten: «Gizon hau gaizkilea* ez balitz, ez genukeen zure eskutan utziko». 31 Beraz, Pilatok esan zien: «Hartu zuekin eta epaitu zuen legearen arabera». Juduek esan zioten: «Guk ez dugu inor hiltzeko baimenik». 32 Hori Jesusen hitzak betetzeko gertatu zen; izan ere, dagoeneko adierazia zuen zer-nolako heriotza izango zuen.
33 Pilato gobernariaren jauregian sartu zen berriro, eta Jesusi deitu eta galdetu zion: «Zu al zara juduen erregea?». 34 Jesusek erantzun zion: «Hori pentsatzen duzulako galdetzen didazu, ala beste batzuek nitaz hitz egin dizutelako?». 35 Pilatok erantzun zion: «Judua al naiz, ba, ni? Zeure naziokoek eta apaizburuek utzi zaituzte nire eskutan. Zer egin duzu?». 36 Jesusek erantzun zion: «Nire Erreinua ez da mundu honen parte. Nire Erreinua mundu honen parte izango balitz, nire zerbitzariek borroka egingo lukete ni juduen esku ez erortzeko. Bai, hala da, nire Erreinua ez da hemengoa». 37 Beraz, Pilatok galdetu zion: «Orduan, zer? Errege zara?». Jesusek erantzun: «Zuk zeuk diozu errege naizela. Honetarako jaio naiz eta honetarako etorri naiz mundura: egiaren testigantza emateko. Egiaren alde dauden guztiek nire ahotsa entzuten dute». 38 Pilatok galdetu zion: «Zer da egia?».
Hau esan ondoren, berriro ere juduengana atera zen, eta esan zien: «Nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen. 39 Gainera, nik Pazkoan preso bat askatzeko ohitura daukazue. Orduan, nahi al duzue juduen erregea askatzea?». 40 Eta berriro oihuka hasi ziren: «Ez, gizon hau ez! Barrabas!». Barrabas hau lapurra zen.