Korintoarrei Bigarrena
6 Bere lankide bezala, Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasuna onartu ondoren, honen helburua begi bistatik ez galtzeko ere erregutzen dizuegu. 2 Izan ere, berak dio: «Garai egoki batean entzun nizun, eta salbamen egunean lagundu nizun». Orain da bereziki garai egokia! Orain da salbamen eguna!
3 Ez gara inolaz ere besteek estropezu egiteko arrazoirik ematen ari, gure zerbitzuan* inork akatsik aurkitu ez dezan. 4 Horren ordez, egiten dugun guztian geure burua Jainkoaren zerbitzari* bezala gomendatzen dugu: proba ugarien, sufrimenduen, behar garaien eta zailtasunen aurrean iraun genuen, 5 kolpeak jaso genituen, atxilotuak izan ginen, istiluak jasan genituen, gogor lan egin genuen, gauak pasa genituen lorik egin gabe, batzuetan jan gabe ere egon ginen; 6 bizimodu garbia daramagu, ezagutzarekin bat jokatzen dugu, pazientzia dugu, atseginak gara, espiritu santuari gure bizitza gidatzen uzten diogu, hipokrisiarik gabeko maitasuna erakusten dugu, 7 egia esaten dugu, Jainkoaren boterean konfiantza jartzen dugu, justiziaren armak eusten ditugu eskuineko eskuarekin* eta ezkerreko eskuarekin*; 8 ohoratu eta desohoratu egiten gaituzte, kritikatu eta goretsi egiten gaituzte. Jendeak gezurtiak bezala ikusten gaitu, baina egia esaten dugu; 9 ezezagunak bezala, baina ondo ezagunak gara; hiltzen ariko bagina* bezala, baina bizirik gaude; zigortuta egongo bagina* bezala, baina ez gaituzte heriotzaren esku utzi; 10 jendeak triste gaudela pentsatzen du, baina pozik gaude beti; pobreak garela, baina jende asko aberasten dugu; ezer ez daukagula, baina gauza guztiak ditugu.
11 Korintoarrok, argi eta garbi hitz egin dizuegu* eta gure bihotza zabal-zabal ireki dizuegu. 12 Ez diogu mugarik jarri* zuei dizuegun maitasunari, baina zuek guri diguzuen maitasunari mugak jarri dizkiozue. 13 Beraz —seme-alabei bezala hitz egiten dizuet—, erantzun gure maitasunari eta zuek ere ireki zeuen bihotzak zabal-zabal.
14 Ez jarri sinesgabeekin desorekatuta dagoen uztarri baten azpian*. Izan ere, zein harreman dute justiziak eta gaiztakeriak*? Edo zer zerikusi du argiak iluntasunarekin? 15 Are gehiago, nola egon daitezke ados Kristo eta Belial*? Edo zer zerikusi* du sinestun* batek sinesgabe batekin? 16 Eta zer adostasun du Jainkoaren tenpluak idoloekin? Zeren Jainko bizidun baten tenplu bat gara, Jainkoak esan zuen bezala: «Beraien artean biziko naiz eta beraien artean ibiliko naiz, eta ni beraien Jainkoa izango naiz, eta beraiek nire herria izango dira». 17 «Beraz, atera beraien artetik eta banandu —dio Jehobak*— eta utzi gauza zikina ukitzeari», «eta onartu egingo zaituztet». 18 «“Eta ni aita bat izango naiz zuentzat, eta zuek seme-alabak izango zarete niretzat” dio Jehobak, Ahalguztidunak».