Galaziarrei
4 Hau esaten dizuet: herentzia jasotzen duena haur txiki bat den bitartean, ez da esklabo baten desberdina, nahiz eta haurra gauza guztien jabe izan, 2 zeren zaintzaile eta etxezainen menpe dago bere aitak aldez aurretik finkatutako eguna iritsi arte. 3 Era berean, gu ere, haurrak ginenean, munduko oinarrizko gauzen esklabo ginen. 4 Baina, finkatutako garaia bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen —emakume batengandik jaio zena eta legepean zegoena—, 5 legepean zeudenak erosteko eta askatzeko eta, horrela, seme-alaba bezala adoptatuak izan ahal gintezen.
6 Beraz, seme-alaba zaretenez, Jainkoak bere Semearen espiritua bidali du gure bihotzetara, eta honek oihu egiten du: «Abba*, Aita!». 7 Orduan, dagoeneko ez zara esklabo, seme baizik; eta seme bazara, Jainkoak heredero egin zintuen ere.
8 Hala ere, Jainkoa ezagutzen ez zenutenean, benetako jainkoak ez zirenen esklabo zineten. 9 Orain, berriz, Jainkoa ezagutzen duzue edo, hobeto esanda, Jainkoak ezagutzen zaituzte zuek. Orduan, nolatan itzultzen zarete ahulak eta ziztrinak diren oinarrizko gauzetara? Eta nolatan nahi duzue horien esklabo izan berriro? 10 Zorroztasunez ospatzen ari zarete egunak, hilabeteak, garaiak eta urteak. 11 Beldur naiz zuengatik, zeren agian alferrik izan dira zuei laguntzeko egin ditudan ahaleginak.
12 Anai-arrebok, ni bezalakoak izateko erregutzen dizuet, ni ere zuek bezalakoa izan nintzelako. Zuek ez ninduzuen gaizki tratatu. 13 Baina badakizue, gaixotasun batengatik, zuei berri onak predikatzeko lehen aukera izan nuela. 14 Eta, nahiz eta nire egoera fisikoa zuentzat proba bat izan, ez ninduzuen mespretxuz edo nazkaz tratatu*; horren ordez, Jainkoaren aingeru bat bezala hartu ninduzuen, Kristo Jesus bezala. 15 Non dago izan zenuten zoriontasun hura? Zeren ziur nago posible izan balitz, begiak aterako zenituztela niri emateko. 16 Eta, orduan, zer? Zuen etsai bihurtu al naiz egia esateagatik, ala? 17 Batzuek ahal dutena egiten dute zuek erakartzeko, baina ez dute intentzio onik; nigandik banandu nahi zaituztete beraiei jarraitzeko irrikan egon zaitezten. 18 Hori bai, beti ondo dago norbaitek, intentzio onarekin bada, zuek erakartzeko ahal duen guztia egitea, eta ez ni zuen artean nagoenean bakarrik, 19 ene seme-alabatxook, berriro ere zuengatik erdiminetan bainago, Kristok zuengan forma hartu arte. 20 Nahiko nuke oraintxe bertan zuen artean egon eta beste modu batean hitz egin, zeren ez dakit zuei buruz zer pentsatu.
21 Esadazue zuek, legepean egon nahi duzuenok: ez al duzue Legeak esaten duena entzuten? 22 Adibidez, idatzita dago Abrahamek bi seme izan zituela, bata neskamearena eta bestea emakume librearena; 23 neskamearena beste edozein gizaki bezala* jaio zen, eta emakume librearena, berriz, promes baten bidez. 24 Gauza hauek esanahi sinbolikoa daukate; zeren emakume hauek bi itun irudikatzen dituzte. Bata Sinai mendian egin zen, eta esklabo izateko haurrak erditzen ditu eta Agar bezalakoa da. 25 Agarrek Sinai irudikatzen du, Arabiako mendi bat, eta gaur egungo Jerusalemi dagokio, bere seme-alabekin batera esklabotzan baitago. 26 Baina goiko Jerusalem librea da, eta bera da gure ama.
27 Zeren idatzita dago: «Poztu zaitez, haurrik izaten ez duen emakume agorra*. Pozez oihu egin, erdiminik ez duen emakumea. Zeren abandonatutako emakumeak, senarra duen emakumeak baino seme-alaba gehiago ditu». 28 Zuek, anai-arrebok, promesaren seme-alabak zarete Isaak izan zen bezala. 29 Baina orain ere garai hartan pasatakoa gertatzen da: beste edozein gizaki bezala* jaio zenak espiritu bidez jaio zena pertsegitu zuela. 30 Hala ere, zer esaten dute Idazkiek? «Bota hemendik neskamea eta bere semea, zeren emakume librearen semeak ez du inolaz ere neskamearen semearekin herentzia konpartituko». 31 Beraz, anai-arrebok, ez gara neskame baten seme-alabak, emakume librearenak baizik.