Lukas
2 Garai hartan, Zesar Augustok mundu* guztia erregistratzeko dekretu bat atera zuen. 2 (Lehen errolda hau Kirinio Siriako gobernaria zenean egin zen.) 3 Jende guztia erregistratzera joan zen, bakoitza bere hirira. 4 Noski, Jose ere Galileako Nazaretetik Judeako Belenera —Dabiden hirira— igo zen, Dabiden etxeko eta familiako kide baitzen. 5 Mariarekin joan zen erregistratzera. Hitzeman bezala, Maria dagoeneko bere emaztea zen, eta haurra izateko zorian zegoen. 6 Han zeudela, erditzeko garaia iritsi zitzaion. 7 Eta semea izan zuen, bere lehensemea. Oihaletan bildu eta aska batean jarri zuen, ostatuan beraientzat tokirik ez zegoelako.
8 Inguru hartan bertan, baziren aire librean bizitzen ari ziren artzain batzuk, gauez artaldea zaintzen. 9 Bat-batean, Jehobaren aingerua aurrean agertu zitzaien eta Jehobaren aintzak distira egin zuen beraien inguruan, eta asko beldurtu ziren. 10 Baina aingeruak esan zien: «Ez izan beldur. Begira! Herri osoa izugarri poztuko duten berri onak ematen dizkizuet. 11 Gaur, Dabiden hirian salbatzaile bat jaio zaizue; Kristo da, Jauna. 12 Hau izango duzue seinalea: haurtxo bat aurkituko duzue oihaletan bilduta eta aska batean etzanda». 13 Bat-batean, aingeruarekin zeruko armadako talde handi bat agertu zen Jainkoa goresten eta esaten: 14 «Aintza zeru goian Jainkoari, eta bakea lurrean berak atsegin dituen pertsonei*».
15 Beraz, aingeruak handik joan eta zerura itzuli zirenean, artzainek esan zioten elkarri: «Goazen berehala Belenera gertatu dena ikustera, Jehobak jakinarazi diguna». 16 Beraz, bizkor-bizkor joan eta Maria eta Jose aurkitu zituzten, eta haurtxoa askan etzanda. 17 Hau ikustean, haurtxoari buruz esan zitzaiena kontatu zuten, 18 eta artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harrituta geratu ziren. 19 Maria, berriz, hitz guzti hauek gogoan hartzen eta bihotzean ondorioak ateratzen hasi zen. 20 Gero, artzainak beraien artaldeetara itzuli ziren. Entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintza eta gorespena ematen zioten, esan zitzaien bezala gertatu baitzen.
21 Zortzi egun beranduago, haurtxoa zirkunzidatzeko garaia iritsi zenean, Jesus jarri zioten izena, amaren sabelean sortua izan baino lehen aingeruak esan bezala.
22 Gainera, Moisesen Legearen arabera purifikatu behar ziren garaia iritsi zenean, Jose eta Mariak Jerusalemera igo zuten Jesus Jehobaren aurrean aurkezteko. 23 Izan ere, horixe da Jehobaren Legean idatzita dagoena: «Lehenseme guztiak* Jehobarentzat santu izango dira». 24 Eta Jehobaren Legeak ezarritako sakrifizio bat eskaini zuten: «bi usapal edo bi usakume».
25 Bazen Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, debozioz beteriko gizon zintzoa. Israelen kontsolamendua itxaroten ari zen eta espiritu santuak gidatzen zuen. 26 Gainera, Jehobaren Kristo ikusi gabe ez zela hilko adierazi zion Jainkoak espiritu santuaren bidez. 27 Orduan, espiritu santuak gidatuta, tenpluan sartu zen. Eta Legeak agintzen zuena betetzeko gurasoek Jesus txikia ekarri zutenean, 28 Simeonek haurtxoa besoetan hartu, Jainkoa goretsi eta esan zuen: 29 «Jaun Subiranoa, esan zenuen bezala, zure morroi hau bakean hil daiteke orain, 30 nire begiek salbamena ekartzeko erabiliko duzun bidea ikusi dutelako, 31 herri guztien aurrean prestatu duzuna. 32 Nazioei iluntasunaren beloa kentzeko argi bat da, eta zure herri Israelen aintza». 33 Eta haurtxoaren aita eta ama ahozabalik zeuden berari buruz esaten zena entzutean. 34 Gainera, Simeonek bedeinkatu egin zituen eta haurtxoaren amari, Mariari, esan zion: «Begira! Berarengatik Israelen asko eroriko dira, eta beste asko berriro altxatuko, eta pertsona ugarik mespretxatuko duten seinale bat izango da. 35 Horrela, bihotz askoren arrazoiketak agerian geratuko dira. Eta zu, ezpata luze batek zeharkatuko zaitu».
36 Bazen han Ana izeneko adineko profetesa bat, Fanuelen alaba, Axerren tribukoa. Ezkondu ondoren*, zazpi urtez bizi izan zen bere senarrarekin 37 eta, orain, 84 urteko alarguna zen. Beti egoten zen tenpluan, gau eta egun zerbitzu sakratua eskainiz eta barau eta erregu eginez. 38 Momentu hartan bertan, hurbildu, Jainkoari eskerrak eman eta Jerusalemen askapena itxaroten ari ziren guztiei haurtxoari buruz hitz egiten hasi zitzaien.
39 Orduan, Jehobaren Legeak agintzen zuen guztia bete ondoren, Galileara itzuli ziren, beraien hirira, Nazaretera. 40 Haurtxoak hazten, sendotzen eta jakinduriaz betetzen jarraitu zuen, eta Jainkoak beti begi onez ikusten zuen.
41 Urtero-urtero, Jesusen gurasoek Jerusalemera joateko ohitura zuten Pazko Jaian. 42 Jesusek 12 urte zituenean, Jerusalemera igo ziren jai hartan ohitura zen bezala. 43 Jaiegunak bukatu zirenean, etxerako bidaia hasi zuten. Baina Jesus atzean geratu zen, Jerusalemen, eta gurasoak ez ziren konturatu. 44 Bidelagunen artean zegoela pentsatuz, egun bateko bidea egin zuten. Orduan, familia eta ezagunen artean hasi ziren bere bila. 45 Baina aurkitu ez zutenez, Jerusalemera itzuli eta bazter guztiak miatu zituzten. 46 Azkenean, hiru egun ondoren, tenpluan aurkitu zuten irakasleen erdian eserita, hauei entzuten eta galderak egiten. 47 Entzuten zuten guztiak zeharo harrituta gelditzen ziren bere erantzunekin eta ulertzeko zuen gaitasunarekin. 48 Gurasoek ikusi zutenean, zur eta lur geratu ziren, eta amak esan zion: «Seme, zergatik egin diguzu hau? Zure aita eta biok estu eta larri ibili gara zure bila». 49 Jesusek erantzun zien: «Zergatik ibili zarete nire bila? Ez al zenekiten nire Aitaren etxean egon behar dudala?». 50 Baina haiek ez zuten ulertu esaten ari zitzaiena.
51 Orduan, Jesus beraiekin jaitsi zen Nazaretera bueltan, eta gurasoei obeditzen* jarraitu zuen. Gainera, bere amak hitz guzti hauek bihotzean gordetzen zituen kontu handiz. 52 Eta Jesusek hazten eta jakinduriaz betetzen jarraitu zuen, eta Jainkoak eta jendeak begi onez ikusten zuten, gero eta gehiago.